Paperekoa
BI MITO AIZARNAN – Jon Artano Izeta
— 2016-06-05Munduak borborka pasatu zuen 1960ko hamarkada. Frankismoaren presio-heltzea ere lurrun parrastadak botatzen hasi zen, aldaketa haizeei barruan eutsi ezinda. Plazara ateratzeko premia sentitu zuten euskal sortzaileek, euskaratik eta euskaraz jarduteko; hori baitzen orduan apurtzaile eta moderno izateko modua (gaur ere bai?). Kontua da garai hartako plazaratze inportanteenetako bi bertatik bertara tokatu zitzaizkigula. Non, eta Aizarnako plazan.
Urte haietan azaldu zen bertsotan egiten zuen apaiz gazte bat. Egijje da berorrek bertsuetan ein bi’skune? galdetzen zioten saioen aurretik. Hiru urte pasatxoan hogeita hamar plaza inguru egingo zituen Xabier Amurizak. Bakarra Bizkaitik kanpora. Bai, Aizarnan.
«Ez dakit zein festa izan zen, baina halantxe egin genduen balkoi batetik Aizarnako plazan (…) Aizarnarrek zer irudipen hartu eben ez dakit, baina bazen han abade adineko bat, erretore zaharra esaten eutsoena, aldameneko balkoitik errezelo handiz begiratzen euskuna».
Azalean eta mamian izan behar zuen harrigarria: apaiza sotana eta guzti bertsotan. Hori nahikoa ez eta, gainera, askok pentsatu bai baina, publikoan esaten inor ere ausartzen ez zenak botatzen… Abade haren bertso-bidea preso sartu zutenean bukatu zen. Kartzelan mamitu zuen gero bertsolaritza betiko irauliko zuen teorizazioa.
Santakutz egunez bete ditu 75 urte Amurizak. Eta egun horretantxe egin du publiko plazaz plazako bertsolaritza utzi duela. Mito horretaz gehiago jakin nahi duenak ez dauka lan zaila. Eskuratu eta leitu dezala Enaz Banaz liburu autobiografikoa. Bizkaiko euskara zoragarrian kontatutako mundualdi haluzinagarria.
1966 eta 1968 urteen artean izan zen aparteko bertso saio hori Aizarnan. Garai hartan Mikel Atxaga zen Aizarnako apaizetako bat, eta hark ekarri zuen Amuriza. Eta Atxagari zor zaio beste mito baten debuta ere. 1965eko Santakutz bezperan Gazteriaren Eguna ospatu zuten Aizarnan, eta Lourdes Iriondo kantariaren estreinaldia izan zen hura: “Urnietako neskatxa beltxaran eder hark ahoa bete hortz utzi zituen maiatzeko arratsalde hartan Aizarnara bildu ziren zaharrak eta gazteak”. Halaxe kontatzen du han lekuko izan zen Joxemari Iriondok. Eta Amurizarena bitxia izan bazen, zer esan Iriondorenaz? Emakume bat bakarrik, gitarra española hartuta, plazan kantari 1965ean(!). Hura izan zen euskal kultura lozorrotik atera zuen Ez Dok Amairu taldea sortzen aritu zen kideetako bat…
Dick Fosburyk altuera-jauziari baino jira-buelta handiagoa ekarri zioten euskal kulturari Aizarnan plazaratu ziren bi izen handi horiek. Teknika ez ezik bertsolaritza eta kantagintza bera ulertzeko modua aldatu zutelako.
Jon Artano Izeta
Egin zaitez bazkide