Bidea eta zubia eta neskatxak: Zestoa duela 123 urte

Jakina denez, liburu bat irakurtzen ari garenean, kontalariak eskutik hartzen gaitu eta berarekin eramaten gaitu bizipenak partekatzera eta hainbat toki ikustera. Toki horiek, askotan, berriak edo ezezagunak izaten dira guretzat, eta geure buruan imajinatu egin behar izaten ditugu; esate baterako, Atxagak Obaba erakusten digunean, geure buruan irudikatu behar ditugu txoko haiek guztiak. Beste batzuetan, ordea, leku horietara “joatea” nahiko erraza da, lehendik ezagutzen ditugulako edota, orain aipatuko dudan kasuan bezala, argazkien bidez ezagunak egiten zaizkigulako. Adibide bat jartzearren, Azorinek bere Veraneo Sentimental-en Zestoako bainuetxea bisitatzera eramaten gaituenean, oso erraz ikusten dugu nondik nora garamatzan, leku haiek postal mordo batean erretratatuta daude-eta.

Horrela bada, gaurkoan 123 urte atzera egingo dugu, eta Barojak edo Azorinek edo –pixka bat beranduago– Jean Etxepare medikuak erakutsitako Zestoa hura geure begiekin ikusten saiatuko gara. Esan bezala, 120 urte pasatxo ditu argazkiak (handiagoa ikusteko, sakatu argazkian bertan).

Ezker-ezkerrean ikusten den etxea, besteak baino irtenago, Laranjadi da. Pedro Egaña, Espainiako Gorteetan diputatu eta ministro izana, etxe horretan hil zen 1885eko irailaren 4an. Laranjadi bota egin zuten 1920 inguruan, Hotel Blasa egiteko (gaur egun Kutxa dagoen tokia). Magnolia bakarrik geratu zen zutik; urte askotarako izan dadila. Blasa eta Portalekoaren artean ezkutatuta, beste hiru etxe daude. Portalekoaren kontra Alonderoko aldapa ikusten da, eta haren eskuinera Zelaiakoa. Ezkutatuta geratzen da Eskola/Postetxea eta Elortza, artean eraiki gabe (1907an eraiki zuten). Ikusten den bezala, etxe handia zen Zelaiakoa. Gure birraitonaren arrebari utzi zioten oinordetzan; garai batean ostatua izan zen eta gerora han bizi izan ziren Paulina etxejabea, Carlos Ubiria apaiza, Anton Baltzola, Adamant argazkilaria eta beste hainbat. Zelaiakoaren kontra samar, Gesalaga ikusten da, beste etxeen aldean txikia (baina Lazkao Txikik bere buruaz esaten zuen bezala “txikia bai, baina eskasa ez”). Eskuin-eskuinean, berriz, Umerez medikuzarrak egindako etxea, alegia, argazki honen garai beretsuan Baroja eta familia bizi izan ziren etxea (“Eta idazteko ideia utzirik, leihoko kristaletatik, hosto berde argidun parraren adar artetik, begiratzen ditu bidea eta zubia eta neskatxak, buruan edarra hartuta hura zeharkatzen, eta urrutian, mendiak pagadi eta artadiekin, eta haietan kulunkan dabiltzan behe-lainoak” –Aizkorriko etxea).

Etxe horien ondotik, alegia, Barojarenetik, Gesalagatik, Zelaiakotik eta Postetxearen ondotik, pasatzen zen Azpeititik zetorren errepide nagusia eta Erdikaletik gora Lizarraitzera eta handik Arteagatik barrena Iraetara zihoana. XX. mende hasieran aldatu zen trazatua eta Erdikaletik barrena pasa beharrean, Idiazpi gainaldetik pasatzen zen (oraindik ere ikus daiteke Elosegiren etxean “Cestona” dioen azulejuzko errotulua, baita orain dela gutxi arte ere, Arrazola farmaziaren kontra, errepide bazterretan egoten diren kilometro-mugarri horietako bat; bestea bainuetxeko geltokiko zubi parean dago; beraz, bi mugarrien artean kilometro bat, juxtu-juxtu). Errepidearen azken aldaketa 1959an egin zen, gaur egun ezagutzen dugun bidea edo bariantea.

Horretaz aparte, argazkian ederki asko ikusten da etxe horiek denek lursailak ere bazituztela, bakoitzarena ondo bereizita harresiz. Barojak aipatzen zituen abaniko forman landatutako txermenondoak ikus daitezke, baratzak… eta artasoroak ugari bazterretan. Etxerako janaria bertatik bertara. Argazkia etengabe handitzea bageneuka, seguru nago, oiloak ere hor ikusiko genituzkeela, aztarrika.

Goazen berriro etxeei erreparatzea. Lehen aipatu ditugun horien atzean, eskuinetik hasita, alegia, medikuzarraren etxe atzean, Ariztondoko teilatua ikus dezakegu. Oso eraikin antzinakoa izan behar zuen eta 1917 inguruan eraitsi zuten, Cristina hotela egiteko. Ariztondotarrena da elizaren atzealdean hormari itsatsita dagoen hilarri ederra, XV. mendekoa, bertan itsasontzi bat ageri duena. Ariztondoren ezkerretara, Gurutzeaga etxea; hor bizi zen Benito Aranburu Zestoako udal idazkaria, eta herriko handikien tertuliak hor izaten ziren, atariko zuhaizpean eguraldia lagun bazen, edota saloian, pianoaren soinua entzunaz. Hor ageri da, baita ere, Potxoloneko etxea. Uste dut Gurutzeagatxiki duela izen jatorra eta argazkian ematen duenez, artean bereizi gabe zeuden gaur egungo bi etxeak (potxolotarrena eta ondokoa), hau da, dena etxe bakarra zen. Hor ageri dira, baita ere, Lizentziadonekoa, Iraeta etxea (gaur egungo miradore horiek gabe) eta Erdikaleko etxeen atzeko aldeak. Parrokia-eliza, berriz, beti bezain tente, beti bezain eder.

Honelako hiruzpalau argazki eta beste bizpahiru planotxo, ez da besterik behar arratsalde zoragarri bat pasatzeko eta duela ehun urteko Zestoara bidaiatzeko. Eta laguntzeko, jaki goxoren bat, ardo botila on bat eta musika apropos bat baldin baditugu, chapeau! Lasai asko esan dezakegu: ni baino hobeto dagoena ez zagok gaizki!

Argazkia: Zestoako ikuspegia (xehetasuna). Identif.: 51107451. Funtsa: Rafael Munoa. Jatorrizko argazkia ikusteko sakatu hemen




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide