Burgesiaren kontrola antolakuntzaz gainditu

‘Burgesiaren kontrola antolakuntzaz gainditu’ dinamika jarri dugu martxan. Hona hemen irakurketa:

Garai zailak dira bizi ditugunak. Burgesiak martxan jarritako ofentsibak alde guztietatik kolpatzen du langileria. Sistema kapitalistaren krisiak,gizarteko sektore zabalaren pobretzea ekarri du eta osasun-krisiak langileria xumearen bizi baldintzak are gehiago okertu ditu. Ziurgabetasun ekonomikoa nagusi den garaiotan, askatasun ezean oinarritutako gizarte eredua ari da diseinatzen burgesia. Pandemiaren izenean eskubide zibil eta politikoak ukatuak zaizkigu, eta horren erakusle dira etxeratze agindua, biltzeko ezintasuna edo mugikortasuna etetea bezalako neurriak.

Azkenaldian hartzen ari diren erabakiek gizarte eredu totalitario batera garamatzatela uste dugu. Horren adibide da kontrol sozialerako mekanismoak indartu izana, izan bigilantziarako garatzen ari diren teknologia berrien, edota izan pandemiatik irteteko praktikan jarri duten aterabide poliziala.

Martxan jarri duten kontrol sozialaren helburua biztanleriaren zati handiena pobrezian mantzentzea da, boteredunen irabaziak mantendu eta handitzeko. Bide hori marrazteko hainbat dira ezarri dituzten mekanismoak eta ezin da aipatu gabe utzi gaur egun komunikabideek daukaten funtzio nagusia: botere burgesa zuritzera bidean gazteria kriminalizatzea. Izan ere interbentzio ideologikorako duten gaitasunaren bitartez gazteoi esleitzen zaigu pandemiaren errua. Horrek testuinguru aproposa jartzen die gazteen gaineko kontrolean areagotzeko. Alde batetik, inpunitate osoz indarkeria erabiltzeko, jipoien bidez eta atxiloketa bortitzak eginez. Bestetik, isun bidez, gazteok ekonomikoki itotzeko. Bata zein bestea gazte langileok disziplinatzeko erabiltzen dira, garbi utziz arau burgesetik ateratzeak ze ondorio dituen.

Ez da berria gazte langileak ekonomikoki itotzearen estrategia. Horren adibide da, 2015ean aplikatzen hasi ziren Mozal legea. Salbuespen egoeran gehien erabili den errekurtso juridikoa izan da. Botereari arbitrarioki jokatzeko babes judiziala ematez gain, militantzia politikoa ekonomikoki kolpatzeko baldintzak jartzen ditu. Lege honen interpretzio zabalak, botere burgesari segurtasunaren izenean edozein momentutan esku hartzeko aukera ematen dio. Mobilizazio eta bilerak kontrolatzea, etxeetan sartzeko aukera eta teknologia berriak erabiltzea pertsonen identifikaziorako besteak beste.

Inoizko garapen teknologiko handiena dugun garaian, langileok ez dugu aukerarik teknologia hori eskuratu eta gure beharretara erabiltzeko. Kontrara, langile masa zabalen kontrol sozialerako erabiltzen dira. Bigilantziarako teknologietan egin dituzten inbertsioek argi erakusten dute hori. Gero eta gehiago dira begiratzen gaituzten begiak. Identifikaziorako eta lokalizaziorako tresna berrien garapen teknologikoak (kaleetako kamarak, dronak, geolokalizatzaileak edo aurpegi miaketarako gailuak) burgesiari langileriaren gaineko kontrol etengabea eta eraginkorragoa egitea ahalbidetu dio.

Horren guztiaren aurrean, antolakuntzaren beharra azpimarratzen dugu, Eskubide eta askatadun politiko eta zibilen urraketa irmoki salatzen dugu, eta berauen defentsa berresten dugu. Burgesiak lengileon aurka abiatutako ofentsibaren aurrean, antolakuntzara bidean pausuak ematen jarraituko dugu.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide