Dena ez da balekoa

Ohitu artekoa dela, gaztetxoak etxera joaterako orduan beldurrak dabiltzala, halakoren ama erori egin zela, ate sarraila irekitzen linternarekin dabiltzala… Fernandok ere bota du berea Komunitatean eta badirudi geuk ere iritzia emateko lizentzia hartu dezakegula. Ni ere nirea ematera noan:

1.- Argi gehiago edo gutxiago… jarduna eta marmarra bai kalean (ez dut arrazoirik gabeak direnik esaten,  akabo!), baina behar den lekuan egiten al dugu kexa? Bestela udalak beti esan dezake “Ez dugu kexarik jaso!” . Eta ez dut honekin kexarik ez duen hori ezer asmatzera animatu nahi, baina ze ohitura dugun kalean eta parke alde horretan jardun eta jardun egiteko. Geure artean esandakoak inora iritsiko balira bezala. Ba ez, udalak badu webgunean iradokizun eta kexentzat leku bat eta (argiteriaren gaiarekin lotutako kexentzat telefonoa jartzen ez duten bitartean behintzat) har dezagun denok ohitura hortxe gure ekarpena egiteko. Behean lotura:

http://www.zestoa.eus/eu/kexa-abisua-edo-iradokizuna

2.- Argi asko edo gutxi alde batera utzita, gustuak eta gustuak daude munduan eta eskerrak denonak ez diren berdinak. Txapel karratudun farola zutabe liso zuzenentzat ez da gaizki gelditzen (zenbaitetan goiko zati moderno berri horrek beheko postea oraindik eta zaharkituago eta zikinago egiten badu ere) baina, plaza, Erdikale, Euskal Herri plaza eta Gurutze bueltan dauden zutabe eta beso kiribilduagoentzat ez du balio farola horrek. Ez da gustu kontua. Beheko hauek ondo daudela uste duenak eman ditzala bere arrazoiak, agian oso deskuidatuta nago eta baina niretzat parregarri daude eta.

Eta gehiago esango nuke, ez dut ulertzen zergatik ez dituzten berrerabiltzen beste herri batzuetan egiten ari den modura, barruko tripak aldatu LED sistemara egokitu eta berriro jarri. Batzuk zaharrak dira eta bere enkantua dute, beste batzuk berriak dira baina enkantua dute, Euskal Herria plazakoak esate baterako. Dena garbigunera bota gabe, berriak izanik zergatik ez berrerabili?

Gure herrian behintzat vintagea ez dago modan!

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide