Albisteak

[ELKARRIZKETA] Displasy talde hasiberriaren irrika

Fundizio Fest kontzertu sortaren atarian, Displasy talde zestoarreko Beñat Unanue eta Ibai Errasti kideekin elkartu gara. Gehiago edo gutxiago baina musika eskolan ikasitakoak dira taldekideak; Beñat Unanue (gitarra eta ahotsa), Ibai Errasti (baxua), Enaitz Irure (bateria) eta Ekain Errazu (gitarra) azpeiatiarrak osatzen dute taldea eta 16 urte inguru dituzte. Burubelarri dabiltza entseguekin baina tarte bat hartu dute taldearen nondik norakoez hitz egiteko

Noiz eta nola sortu zen Displasy taldea?

Ibai: “Muturreko” izeneko taldea ginen lehen. “Punk” estilokoa zen. Eskolan ikasturte bukaeran jotzeko elkartzen hasi ginen eta handik sortu zen. Zuzenekoetan jotze hori gustatu egin zitzaigun eta taldea sortzea erabaki genuen. Baina talde hark ez zuen jarraitzen eta taldekide bat aldatu zen eta berriz ekin genion izen berriarekin.

Beñat: Ekain Errazu azpeitiarra sartu zen taldean gitarrarekin eta Displasy deitu genion talde berriari. Urtebete edo daramagu, baina, serio serio ensaiatzen lauzpabost hilabete. Gaztetxeko bertsio festan jotzea pentsatuta geneukan guk ere baina gero bertan behera gelditu zen eta orain ba Fundizio Festen joko dugu. Baina ez da kontzertu hau eskaini eta kito izango.

Zeuon kantuak sortzen dituzue edo bertsioak?

Beñat: Ez, geuk egiten ditugu geure kantuak eta pare bat bertsio ere baditugu. Denon artean egiten ditugu konposaketa lanak baina kantatu neuk egiten dudanez, normalean letrak ere neuk egiten ditut.

Orain arte kontzerturik eskaini duzue Displasy bezala?

Ibai: Ez eta gogotsu gaude. Aurrera begira Legazpin badugu beste kontzertu bat eta ziurrenik Eibarren ere izango dugu beste bat. Lokaleko Hellwatzh-ek joko du Eibarren eta agian haiekin batera joko dugu guk ere.

Beñat: Oraintxe hasi gara eta jada kontzertu bat edo beste badugu esku artean eta horrek motibatzeko asko balio du.

Zein Musika mota egiten duzue?

Ibai: Metala egiten dugu. Normalean hiru genero artean ibiltzen gara, thrash metala, black metala eta death metala baina gehien thrash eta black hasi gara egiten.

Zer eskainiko duzue Fundizio Festen? zer entzungo dugu Displasy taldearen eskutik?

Beñat: gure 8-9 kantu joko ditugu eta gero pare bat bertsio. Sodom eta Slayer taldeen bertsio pare bat joko ditugu.

Horrelako lokal bat edukitzea zer da zuentzat?

Beñat: Ba guretzat txollo bat da egia esan, egundoko aukera.

Ibai: Berez, ondo errespetatu ezkero oso ondo dago, egundoko suertea da. Jende asko gabiltza eta hasieran pixka bat zaila egin zaigu, baina, orain ondo antolatzen ikasi dugu.

Displasy izena nondik dator?

Ibai: Izen bezala hasieran egia esan ez geneuzkan ideia asko. Baina metal musika talde eta disko askok gaixotasun izenak eta horrela izaten dituztenez eta Displasia gaixotasuna ingelesera pasata displasy gustatu egin zitzaigun eta…

Zein hizkuntzatan kantatzen duzue?

Beñat: Ingelesez. Pentsatuta dugu kanturen bat edo euskaraz egitea baina, momentuz ingelesez kantatzen dugu.

Ingeles maila ona duzue orduan?

Beñat: beno, Googlen ere begiratzen dugu tarteka [kar kar kar]

Ibai: eskerrak nik ez ditudan egiten kantuak!

Kantu onena zein da zuentzat?

Beñat: niretzat Inhuman corpses

Ibai: askotan death metal kantuek gai politikoak eta izaten dituzte baina gu oraindik ez gara oso politikeroak eta orduan ba beste talde askok egiten duten moduan ba anekdota eta istorioekin eta osatzen ditugu gure letrak. Genero honetan gainera askotan letra ez da ulertu ere egiten.

Zer izango da zuentzat Fundizio Fest?

Ibai: Kontzertua baino gehiago da guretzat. Horrelako festa baten atzetik zenbat lan dagoen ere ikasten ari gara.

 

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide