Albisteak

Dozenaka lagun bildu ziren atzo emakumeen aurkako indarkeria matxista salatzeko kontzentrazioan

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Nazioarteko Egunean kontzentrazioa deitu zuen atzo arratsalderako Bargaztak talde feministak. Adin guztietako dozenaka gizon emakume bildu ziren plazan. Bertan, ekitaldia egin zuten eta hainbat testu irakurri zituzten.

Hemen duzue testuetako bat:

Emakunderen datuen arabera, aurreko urtean indarkeria matxistaren 4.244 biktima kontabilizatu ziren eta aurtengo joera ez da bereziki optimistagoa izan. Indarkeria matxista ez da emakumeok jasan behar izaten dugun gaitz bakarra, erabaki eta prozesu politikotan parte hartze ESKASA, lan prekarietatea eta pobreziaren feminizazioa ere pariatu behar izaten ditugu.

Indarkeria matxistaren aurkako Estatu Ituna aplikatzea eskatzen du Arartekoak, EAEko herritarren defendatzailek. Ez hori bakarrik eta Euskadiko lege erreformak indartu behar direla ere esaten du. Zertarako? Babes polizialaren, osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte zerbitzuen alorrean laguntza eta arreta indartu eta ziurtatzeko.

Indarkeria matxistaren biktimak salaketa bat jartzera derrigortzen ez duen sistema bat aldarrikatzen du Arartekoak. Horrela, nahiz eta inongo salaketarik ez egon, benetako babesa eta beharrezko laguntzak emango zaizkio emakume horri.

Arartekoaren hitzekin bat egiten dugu gaur, Azaroak 25ean, biktima guztiak gogoan ditugun honetan… Izan ere, prozesu judizialak luzeak eta lazgarriak izan ohi dira beraientzat. Eta guk, indarkeria jasan duen emakumea biktimatzat artatu dadin eskatzen dugu. Bien bitartean, sistema matxista eta patriarkal honen biktimak biktima izaten jarraituko baitu beti. Sistema errotik aldatzen ez badugu, biktimak betirako kondenatuak egongo dira… epaituak… Eta gu, Azaroak 25ero, hemen elkartuko gara lelo eta aldarri berdinak astinduz… Noiz arte? Nazkatuta gaude! Benetako aldaketak nahi ditugu! Babestu dezagun biktima behingoz eta kondenatu dezagun matxismoa!

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide