Paperekoa
EGUN BAT IKASTETXEAN
— 2016-05-10Irakasle ikasketak egiteak altxor eder bat oparitu dit. Urtero egoten da irakasle praktikak egitera joateko denboraldi bat, eta aurten zerrendetan begira ari nintzela, “Zestoako Herri Ikastetxea” ikusi, eta segundo bat igaro baino lehen aukeratuta nuen. Hilabete eta erdiko esperientzia, hilabete eta erdi oroitzapenetan murgiltzea.
Joxeba Larrañagak (zuzendaria) emandako aholkuak aditzea eramaten saiatu naiz. Urduri hasieran, pixkanaka egonkortzen eta sentsazio arraroak bizitzen. Nire irakasle izandakoekin irakasle gela partekatu dut, kafea hartu eta eztabaidatu. Bizitzak buelta asko ematen ditu, bai.
Horrenbeste urte eta gero, gauzak ez dira asko aldatu. Hona gure ikastetxearen egunerokoa:
9:00
Presaka iristen dira ikasle asko, besteak berriz atarian esperoan daude. Txirrina jo eta zikloka igotzen dira, gaztetxoenetatik zaharrenetara, eskaileretan elkar ez oztopatzeko. Berokiak erantzi eta klasera.
Astearte eta ostiraletan irratsaioa egiten dute ikasleek. Bizirik dago mikrofonen atzeko xarma, bai herriko, nazioarteko zein Euskal Herriko albisteak aipatuz. Jangelako menuarekin, oraindik ere, apustuak egiten dituzte ikasleek, nork asmatu postreak eta platerak. Ikasleak gelan egoten dira irratsaioa entzuten, eta, bitartean, informazio guztia idazten.
Astelehenetan “Gaztegiro” aldizkarirako hiru kide berriak badoaz irratiko gelara, aste honetako aldizkaria osatzera. Materiala jasotzeko, geletatik pasatzen dira: norbaitek ba al du “Gaztegirorako” lanik?
Oraindik badaude “Gaztegiro” banatu orduko etxean dena betetzen dutenak, baita irakurri ere egiten ez dutenak. Baina denek maite dute.
10:30
LH 2 eta LH 3koak jolasgaraia izaten dute. Hamaiketakoa eskuetatik utzi gabe jaisten dira, arma preziatu bat izango balitz bezala.
Aurreneko egunean zur eta lur gelditu nintzen, patioko harrien ordez, belar artifiziala ikusi nuenean. Gogoratzen naiz gure garaian galtzak zuloz beteta eramaten genituela, eta zuloen atzean begiratuz gero, erraz ikusten ziren belaun urratuak. Beraz, hau luxua da! Gainera, antolaketa aldatuta dago: egunero maila bakoitzak jolasgaraian ekintza bana du: egun batean saskibaloia, bestean futbola, espazio librea, pilota… Horrela, denen arteko organigrama bat osatzen dute, betiere, zaintzako bi irakasleren begiradapean.
Eskerrak antolaketa horri, gure garaian kirolik ez bazegoen, iraultza egiteko prest geunden. Baina orain, beste begi batzuekin begiratuta, denbora librea aprobetxatzeko mila aukera ikusten ditut.
12:30
Korrika batean doaz bazkaltzera, batzuk jangelara eta besteak etxera.
Jangelan geratzen direnek jolaserako astia izaten dute bazkalondoren, eta eguraldi txarra badago, barruan moldatzen dira beste zerbaitetan.
14:30
Berriz ere, batzuk presaka eskailera amaigabeak igotzen, oraindik duela bost minutu ikusi dituzten marrazki bizidunak komentatzen. Jangelakoak zain, hesiaren beste aldean. Txirrina jo eta berriz ere diziplina bera, ordenan igotzen dira ikasleak, berandutu zaien irakasleak ere bixi-bixi badoaz gora. Berokiak eta motxilak utzi eta klasera.
15.30
Arratsaldeko klaseak ordubetekoak izaten dira, goizean berriz, berrogeita bost minutuko lau. Nekatuta iristen dira ikasleak azken klasera, hala ere, ezin geldirik egon.
Horrenbeste urte eta gero, oraindik buruan daukat gaztelaniako “Doblaje” txokoan pasatzen genituen arratsaldeak. Kristal atzean ezkutuan egoten ginela uste genuen, baina klase osoa zegoen barrukoei begira. Hor barruan benetan goxatu egiten zen, mila ahots jartzen, barrez ezin geldituta, baina beti lanean.
Poza ematen dit oraindik ere, ikasleak gela horretara sartzean izaten duten gogoa, hori baita lanean ondo pasatzea.
16:30
Orain bai, korrika eta aurpegia beteko irribarrea dutela badoaz eskolatik. Agendan apuntatu dituzte biharko zereginak, eta gaurkoz nahikoa.
Pixkanaka husten doa eskola, irakasleak ere badoaz.
Txomin berriro ere bakarrik gelditu da. Fotokopiagailua itzali eta kasik ez da entzuten zaratarik. Sentitu bai ordea, han lanean daudenen maitasuna. Handik pasatu direnen harrotasuna, horrenbeste gauza eraikin horretan, milaka pasadizo, niri oilo ipurdia jartzen zait.
Hemendik urte batzuetara begiratuko ditudan zerrendetan, segundo batean aukeraketa egiteko motiboa nahiko nuke eta badakizue zein izango den arrazoia, errealitatea oroitzapenetan bizitzea.
Mikel Ibarguren Egibar
Egin zaitez bazkide