Albisteak

[ELKARRIZKETA] Couchsurfing, bidaiatzeko modu alternatibo bat, Zestoan

Ane Pizarro (26 urte) –18 urte zituela irten zen Zestoatik, eta ordutik, Bartzelona, Londres eta Eskozian bizi izan da Ane. Bidaiatzea eta atzerriko kulturak ezagutzea gustuko du, eta Londresen bizi zenean hau ahalbidetzen zuen plataforma digital bat ezagutu zuen, Couchsurfing-a. Plataforma honen bidez, etxean jendea jaso eta herrialde ezberdinetako pertsonak ezagutzeko aukera izan zuen. Duela urte eta erdi inguru Zestoara itzuli zen, eta hemen ere Couchsurfing-a erabiltzen jarraitzen du. Ondorengo lerro hauetan, bidaiatzeko modu alternatibo honi buruz aritu gara Anerekin, eta bere esperientziaren berri eman digu.

Zer da Couchsurfing?

Interneteko plataforma bat da, non bidaiatzen ari den jendea edota bere etxean bidaiariak jaso nahi dituenak kontaktuan jartzen dituen. Helburua, elkartrukaketa kulturala da. Ez dago ezer ordaindu beharrik, ezta ere zu beste baten etxean egon bazara ondoren bera zurean hartu beharrik, baina ez da hostal bat bezala, harreman bat mantendu behar da.

Zu bazara etxean norbait jaso behar duena zuk erabakitzen duzu zer nahi diozun eskaini etortzen denari, batzuk sofa eskaintzen dute, besteak logela bat, besteak etxe atzeko zelaia kanpina jar dezaten… gauza lo egiteko leku bat eskaintzea da.

Noiz eta nolatan hasi zinen Couchsurfing-a erabiltzen?

Bikotekidearekin Londresen bizi nintzenean logela bat hutsik geneukan. Berak Couchsurfing-ari buruz hitz egin zidan eta probatzea erabaki genuen. Txekiar Errepublikako bikote bat ekarri genuen etxera eta oso esperientzia ona izan zen. Ondoren, Eskoziara joan ginen bizitzera eta bertan ere Couchsurfing bidez jendea jasotzen genuen etxean. Eskoziako bizimodua sozialki oso bakartia da eta harremantzeko Couchsurfing egitea aukera polita zela ikusi genuen. Jende pila bat jaso genuen Eskozian bizi ginen bitartean, Ness lakuaren alboan bizi baiginen, oso turistikoa zen.

Eta Zestoan zaudetenetik nolakoa ari da izaten esperientzia?

Ez da Eskozian adina jende etortzen baina ari gara pixkanaka jendea jasotzen. Ez da urtebete ere igaro hasi ginenetik, baina dagoeneko Argentina, Frantzia, Moroko, Taiwan eta Kanadako jendea etorri zaigu etxera. 3 edo 4 egun igarotzen dituzte etxean bataz-beste.

Hemen Zestoan, ez dugu jende asko jasotzen ala ere, ez dugu Eskozian adina behar sentitzen. Zirkulu sozial zabalagoa dugu herrian eta lana dela eta azkenean denbora ere justukoa dugu egunerokotasunean, etxean norbait jasotzen badugu beraiekin igarotzeko denbora izatea gustatzen zaigu.

Zer iruditzen zaie Zestoa?

Asko gustatzen zaie, couchsurferrak (plataforma honen erabiltzaileak) azkenean turismotik urruntzea nahi izaten dute eta bertako bizimodua gertutik ezagutu, eta Zestoa herri euskalduna izanda aukera polita da gure kultura bertatik-bertara ezagutzeko. Interes asko erakusten dute Euskal Herriaren inguruan. Hizkuntza oso arrotza iruditzen zaie eta galdera asko egiten dizkigute musika, kultura eta euskal ohiturei buruz.

Anfitrioi izateaz gain, zu joan al zara besteen etxeetara inoiz couchsurfer bezala?

Gutxiagotan, baina bai. Belgika, Glasgow eta Korean izan naiz. Azken honetan, familia korear baten etxean egon nintzen eta sekulako esperientzia izan zen. Beraien bizimodua gertutik ezagutu ahal izan nuen.

Segurtasun aldetik ez al dago arazorik?

Ez. Web orrialdean couchsurfer bakoitzak profil bat izaten du eta zurekin kontaktuan jartzean, zure etxean jasoko duzun ala ez erabaki aurretik, beste bidaiariak berari buruz idatzitako iritziak irakur ditzazkezu. Azkenean, Couchsurfing osatzen dugunok komunitate baten parte gara eta konfidantza ezinbestekoa da honek funtzionatu dezan, beraz, zintzoa izan behar da iritzietan.

Eskariren bati esan al diozu inoiz ezetz?

Bai, askori. Tamalez, gaur egun modan jarri da eta jendeak uste du hostal batera joatea bezala dela, doainik lo egiteko leku bat, eta hori ez da Couchsurfing-aren funtzioa. Soilik pare bat esperientzia izan ditut ez direnak oso onak izan, euren logeletan sartuta igarotzen zuten eguna.

Nolakoak dira couchsurferrak?

Denetarik dago, profilak oso anitzak izan ohi dira. Bakoitzak bizimodu ezberdina du. Oso jende interesgarria etortzen da eta asko ikasten duzu esperientzia trukaketa honetatik.

Jarraitzen al duzu beraiekin kontaktua mantentzen?

Batzuekin bai. Koreako bi neska etorri ziren etxera eta bertara joan nintzenean euren etxeetan jaso ninduten. Uruguayko mutiko batekin ere jarraitzen dugu kontaktuan, hau Eskozian ezagutu genuen eta hemen, Zestoan, ere izan da. Jende askoreki jarraitzen dut harremana iz, hauek euren etxeetara gonbidatzen naute eta horrek bidaitzeko gogo gehiago pizten dit.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide