Albisteak

[ELKARRIZKETA] Garikoitz Mendizabal: “Lan honekin aspaldi begiz jo nuen helburua kontsolidatu dudala uste dut”

Garikoitz Mendizabal Euskadiko orkestrarekin (Argazkia: Gorka RUBIO/FOKU)

Bederatzi jatorri ezberdinetako idazleek idatzitako lanek osatutako Gutizia disko bikoitza aurkeztu dute Garikoitz Mendizabalek eta Euskadiko Orkestrak. Orpheus zigilupean argitaratu dute lana. Durangoko Azokan salgai izango da eta ondoren, ohiko saltokietan nahiz plataformetan ere eskuratu ahal izango da.

Lan honekin amets bat egi bihurtu duzula diozu zure sare sozialetan.

Bi arrazoiengatik diot hori: batetik, proiektuak duen konplexutasun eta handitasunagatik eta bestetik, proiektu honekin, nire ibilbide hasieran nuen eta oso urrun ikusten nuen helburua bete dudalako. 2011n hasi nuen helburu hori betetzeko bidea, Bratislavako Orkestra Sinfonikoarekin Txistu Symphonic lana grabatu nuenean. Orduan osatu nuen lehen aldiz programa oso bat txistua eta orkestra elkartuta eta lan horri esker, Euskal Herrian ez ezik, San Petesburgon, Beiruten, Hego Korean edo Madrilen kontzertuak eskaintzeko aukera izan dut.

Hamar urte pasa dira ordutik.

Halaxe da, hamarkada bat pasa da ordutik eta lan honekin, aspaldi begiz jo nuen helburua kontsolidatu dudala uste dut. Amets bat zen hasieran eta orain, egia bihurtu dut. Txistu bakarlariak errepertorio edo literatura anitz eta zabala du eta bertako musikari batentzat bertako orkestrarekin CD bikoitz bat grabatzea amets bat da. Helburu profesionala bete dut, lan honek duen konplexutasunagatik.

Txistu bakarlari bezala mugak gainditzen joan zara. Pausu hau orain arte emandako handiena dela esango al zenuke?

Bai. Txistuak aurreiritzi asko ditu, nahiz eta guri iruditu geroz eta gutxiago dituela edo izan behar dituela. Guretzat oso ohiko instrumentu  da, geure geurea. Txistuaren munduan gauza asko ikusten nituen egiteke eta hau zen horietako bat. Beste edozein instrumentuk bezala, txistuak ere aukera izan behar du bakarlari moduan aritzeko. Hala aritu naizen bakoitzean, ikusi dut, eta batez ere Euskal Herritik kanpo, jendeak harridura handiarekin hartzen duela txistuak duen aukera zabala. Ezezagun handi bat da eta hori potentziatu egin behar da eta Gutizia bezalako lanek horretarako balio dute.

Zer aurkituko du entzuleak lan honetan?

84 minutuz osatutako CD bikoitza da Gutizia. Egile jakin batzuen musika aurkitu ahal izango da, oso estilo ezberdinetakoak denak. Musika deskriptiboa edo zinematografikoa dago. Abesti batek, adibidez, Afrikara eramaten gaitu, hango erritmo bereziak uztartzen ditu txistuak eta orkestrak. Javier Martinez Madrilgo konpositoreak oso oso ondo idatzitako obra da. Euskal Herria gogorarazten digun beste musika bat ere badago, kanpoko ikuspuntu batetik. Beiruteko musikari batek egina da hori. Gernikako hileta-martxaren  berregite bat ere badago, Naji Hakimek egina. David Johnstone ingelesak egindako musika intimista bat ere badugu. Txistu bakarrarekin egindako zati luza eta benetan zaila biltzen du abesti horrek. Bestalde, sartu beharreko Euskal Herriko bi doinu ere baditugu: Atzo ttun ttun eta Iruten ari nuzu. Kepa de Miguelek orkestratu ditu eta soprano batek abestu. Fernando Velazquezek ere abesti berezi bat egin du Reflexiones sobre la longitud del viento izenekoa.

Kolaboratzaile asko izan dituzu beraz.

Bai, asko eta onak. Fernando Velazquezen laguntza izatea, adibidez, oso garrantzitsua da. Gaur egun bera da Euskal Herrian zinerako musika idazten duen egile garrantzitsuenetako bat. Musikariez gain, proiektua aurrera atera ahal izateko behar beharrezkoa izan da instituzioen laguntza. Produkzio lana nik egiten dut baina laguntza instituzionalik gabe gauza hauek egitea oso zaila da. Kutxak, EHUk edo Foru Aldundiak lagundu digu eta laguntza hori egonda errazagoa da dena.

Zein da zuretzako piezarik bereziena?

Pieza bakoitzak du bere gauza eta erronka ezberdinak. Egia da, Karibu Peponi izeneko obra afrikar horrek idazkera modernoa eta melodia uztartzen dituela eta txistuaren interpretaziorako buruhauste bat baino gehiago eman dizkidala. Beste abesti batzuk txundigarriak dira entzuleentzako baina niretzat beste obra bat baino ez dira izan, ikasi eta jo. Abesti batzuk erronka bat eskaini didate aurretik eta horregatik bereziago izan dira. Azken finean, abesti bakoitzak du bere berezitasuna.

Durangoko azokan aurkeztuko duzue diskoa eta hortik aurrera plataforma ezberdinetan izango da entzungai. Zuzenekoak lotzen ari zarete?

Hurrengo urteko azaroan Bilboko orkestra sinfonikoak denboraldiko kontzertuen barruan programatu nahi du ikuskizuna. Orain, Euskadiko orkestrarekin dataren bat bilatzen ari naiz. Horiek pixkanaka joango dira etortzen. Horrez gain, Euskal Herritik kanpora ere ibilbide luzea izango dugula uste dut.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide