Albisteak

[ELKARRIZKETA] Gotzon Lizaso Zestoako Rock Astearen inguruan

LEOK´K musika taldeak 50 urte bete ditu eta urteurrenaren harira, Zestoako Rock Astea egitasmoa antolatu dute. Datorren hilaren 30ean hasiko da herriko musika taldeen argazki eta material ezberdinez osatutako erakusketarekin. Hilaren 31ean, ostirala, Mini Leok’k eta Leize taldeen kontzertuak izango dira Laranjadin eta azkenik, urteurren festa egingo dute larunbatean, irailak 1. Zestoako taldearen mende erdia ospatzeko, Grises eta LEOK’Kek kontzertuak eskainiko dituzte. Rock Asteaz eta urteurrenaz hitz egin dugu LEOK’Keko taldekide eta Rock Astearen antolakuntzan buru belarri ibili den Gotzon Lizasorekin.

 

Aurten 50 urte bete ditu LEOK’K taldeak, nondik sortu zen urteurrena Rock Aste batekin ospatzeko ideia?

Edozein talderentzat ez da nolanahikoa 50 urtetara iristea. Sebas Etxeberria bizi zen garaian, jada, ideaiaren bat genuen mende erdi betetzen genuenerako. Urtemuga iristen joan zen heinean, iniziatiba hartu eta zerbait antolatzeko gaitasuna genuela ikusi genuen. Horretarako, plan bat aurkeztu genuen Udalera eta baiezkoa eman ziguten.

LEOK’K musika taldeak, kultur elkarte bat osatzen dugu eta hau horrela izanik, rock aste bat prestatzeko gai ikusi ginen. Sebas Etxeberriaren omenaldia ere halaxe egin genuen Udalaren laguntzarekin. Oraingo honetan, Udalaz gain, herriko tabernariek ere diruz lagundu digute.

Gure asmoa, alde batetik, LEOK’Ken 50 urteak ospatzea zen, eta bestetik, herriko rockaren historia biltzeko asmoa genuen. Herriko talde ezberdinei ekarpen bat egin zezaten eskatu genien. Asmoa, talde bakoitzak dituen argazki eta bideoak bildu eta erakusketa bat egitea zen. Hasiera batean mahaingurua ere aipatu genuen eta Zestoaren rockaren historian Gaztetxeak izan duen garrantzia azpimarratzea ere nahi genuen. Azkenik, herriko taldeen kontzertuak. Hori zen hasiera bateko gure plana. Urte bete honetan ez dakit ez ote dugun asmatu baina guk geneuzkan perspektibak motz gelditu dira.

Azkenean, abuztuaren 30ean inauguratuko dugu herriko taldeen ekarpenekin osaturiko erakusketa, Udaletxeko areto nagusian. Ostiralean, Mini Leok’k eta Leize taldeek kontzertuak eskainiko dituzte eta ondoren, bideo emanaldiak izango dira. Azkenik, rock asteari amaiera emateko, larunbatean, irailak 1, urteurrenaren ospakizun festa egingo dugu. LEOK’K eta Grises taldeen emanaldiak izango dira Laranjadin.

“Infituari segika” diska aurkeztuko dizue irailaren 1eko kontzertuan…

Taldearen hirugarren diska da. Orain arteko diskarik landu eta delikatuena da eta oso gustura gaude emaitzarekin. Beti izan ditugu kolaborazioak eta oraingoan ere halaxe izan da. Eñaut Gaztañaga, Griseseko taldekideak abesti bat egin digu, esaterako. Taldearekin lortutako etekin guztiak Saharar emakumeei laguntzeko dira. Disken salmentekin eta kontzertuekin ateratako irabaziak Saharako Emakumeen Nazio Batasuna (SENB) erakundearentzat izango dira.

Talde bezala jarraipena moztu genuen Sebas Etxeberria joan zitzaigunean. Hemendik, eskerrak eman nahi dizkiogu baterian Sebasen lekua hartu zuen David Gorosperi, berari esker, taldeari jarraipena emateko aukera izan dugulako.

Proiektua diruz laguntzeko crowfunding kanpaina jarri duzue martxan…

Bai, hil honetan bukatuko da baina uste dugu ez dugula aurreikusitako kopurua lortuko, baina ez da ezer gertatzen.

Non eros daiteke diska?

Argazki erakusketarako (abuztuak 30) diskoak kalean jarriko ditugu salgai 10 euroren truke. Aurerago, tabernenta ere jarriko ditugu.

Datorren negurako kontzerturik aurreikusten duzue?

Aurkezpenaren ondoren, prentsan agerpena egiten dugunean, zerbait etorriko dela espero dugu eta emanaldi batzuk lortu.

Aurreko lanetatik zerk bereizten du “Infinituari segika” lana?

Guretzako berria izan zen diskaren mundu hau. Hirugarren lan honetan prestakuntza hobeagoa dugu bai musikalki, baita teknologikoki ere. Abestietan pop rock estiloak hor jarraitzen du, sakonduta, landuta eta detaileak zaindatua. Maila altuan egindako grabazioak dira eta abestiak ere hurbilagokoak dira, jendearengana iristeko errazagoak. Kanta guztiak maila onekoak dira, diska orekatua eta homogeneoa da eta ordubeteko iraupena du.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide