Albisteak

[ELKARRIZKETA] Jone Exposito: “Herri txikietako errealitate bat da sexilioa”

Soziologia graduko laugarren mailan zegoela sortu zitzaion Jone Exposito zestoarrari Gehitu, Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Trans, Bixesual eta Intersexualen elkartean praktikak egiteko aukera. Praktikaldi horretan, Gipuzkoako LGTBI+ jendartearen kolektiboaren inguruko diagnosi-txostena osatu du Zaira Garcia lankidearekin batera. Diagnostiko honek, Gipuzkoan bizi diren lesbiana, gay, transexual, bisexual, intersexual eta bestelako sexualitateak dituztenek bizi dituzten errealitateei buruzko erretratu bat eskaintzen du.

Nondik dator proiektu hau?
Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendaritzak lan hau egitea eskatu zion Gehituri. Aniztasuneko bizikidetzarako foru planaren barruan sartzen da txostena, beste hainbatekin batera. Guri, aniztasun afektibo sexuala eta LGTBI kolektiboak Gipuzkoan duen egoera aztertzea tokatu zaigu. Foru Aldundiak kolektiboaren egoera nola dagoen jakin nahi zuen, gero hortik politika publiko batzuk sortu edo esku hartze bat izateko.

Nolakoa izan da txostena osatzeko prozesua?
Diagnostikoa osatzeko bi metodologia erabili ditugu: kuantitatiboa eta kualitatiboa. Alde batetik, internet bidezko inkestak egin genituen. Azkenean, 275 pertsonako lagina lortu genuen. Bestetik, metodologia kualitatiboa erabili genuen, bi zati ezberdinetan banatuta. Lehendabizi, elkarrizketa pertsonalak egin genituen profill ezberdineko jendearekin. Eta gero, hainbat talde eztabaida egin genituen. 2018ko ekainean hasi ginen eta 2019ko azaroan aurkeztu da proiektua.

Diagnostikoa goitik begiratuta, zein dira zure ustez daturik esanguratsuenak?
Orokorki, LGTBI pertsonak espazio ez kontrolatu irekietan ez direla oso seguru sentitzen jaso dugu diagnostikoan eta gertuko harremanetan ere nolabaiteko diskriminazioak jaso dituztela gehienek. Horrek asko harritu nau, azkenean, babes gehiena gertukoengatik jaso behar dugula uste dugu eta hori ez da askotan horrela izaten.

Datuak aztertzen ari ginenean espazioak banatu egin genituen. Segurtasun eta ikusgarritasun egoerak ere bai eta baita diskriminazio motak ere. Pertsona batek zenbat eta segurtasun gehiago izan espazio batean, ikusgarritasun handiagoa duela ikusi dugu eta norbera den moduan erakutsiko da. Eta espazio publikoetan, orokorrean, ez dira seguru sentitzetn beraz, ikusgarritasuna txikia da. Aisirako eta kulturarako tokietan ere segurtasun baxua adierazi dute, baita familia eta harreman sare gertukoetan ere.

Kontuan eduki behar da LGTBI pertsonak hetero arautik kanpo daudela, sistematik kanpo. Helburua heteronormatik kanpo bizi direnen errealitatea zein den jakitea zen ze azken finean, heteronorma orokorra da.

Beste datu garrantzitsuetako bat administrazio publikoetako arazoak dira. Hezkuntzan, osasungintzan, justizian…. Horrelako kontuetan pertsona ahulenak trans pertsonak dira. Askotan adiministrazioak erraztasunak jarri beharrean dena zailtzen dute.

Herri txiki eta handien arteko ezberdintasunak ere aztertu dituzue.
Bai, Foru Aldundiaren eskakizunetako bat zen hori. Herri txikietako errealitate bat da sexilioa. Azkenean herri txikietan bizi den kolektiboko jendea, askotan, hirietara joan ohi da bizitzera, leku handiago batera. Hiri handiagotan, nolabait esatearren, ikus ezintasuna lortzen da. Herri txikietan markatuta zaude, beti izango duzu etiketa bat eta hori diagnostikoan ageri da. Hala ere, aniztasun asko dago hemen, gero eta gehiago gainera eta pila bat pozte naiz, uste dut helburua beti horrek izan behar duela.

Zein izan da kolektiboko kideengandik jaso duzuen aldarri nagusia?
Orokorrean, aisia eta kultura guneetan harremantzeko toki seguruak eskatzen dituzte. Pertsona trans, ez binario edo ageneroei dagokienez, generorik gabeko komunak edo hirugarren komun bat. Formakuntza ere beharrezko zerbait da bai hezkuntzan, lantokietan…

Diagnostikoa egin duzue, eta oran zer?
Guk eman diogu tresna Foru Aldundiari eta orain euren esku dago. Uste dut helburua politika publiko batzuk egitea dela eta guk jarritako proposamenetan harreta jarri behar dutela. Orain eman den gobernu aldaketarekin ez dakit zer gertatuko den baina pentsatu nahi dut probetxua aterako diotela.

Irakurri diagnostikoa hemen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide