Albisteak

[ELKARRIZKETA] Joseba Illarramendi: “Ahal den zerbitzu egokiena ematea da gure erronka nagusia”

2003ko urtarrilaren 13an ireki zituen ateak Zestoako San Juan Eguneko Zentroak. Urduritasunez eta irrikaz bizi izan zuten momentu hura bertako langile zein arduradun guztiek. 15 urte hauetan zehar bertan izan diren erabiltzaile zein familia guztiak gogoan dituzte. Bertako zuzendari den Joseba Illarramendirekin izan gara urteurren honen inguruan.

Ze bilakaera izan du eguneko zentroak?

San Juan Eguneko Zentroa 2003an ireki zen. Berez Udalarena da baina zentroaren kudeaketa San Juanen esku gelditu zen hasieratik hitzarmen bidez. Urtez urte Udalarekin hitzarmen hauek lantzen joan gara.

Hasiera batean garraio zerbitzua beste enpresa batek ematen zuen. Orain dela bi edo hiru urte geu hasi ginen zerbitzu hau eskaintzen. Furgoneta bat erosi genuen. Proiektu honekin hasi ginenean astelehenetik ostiralera bakarrik  zabaltzen zituen ateak eguneko zentroak. Orain dela urte batzuetatik hona urteko egun guztietan, asteburu zein jai egunetan erabiltzaileek gure zerbitzuen eskuragarri dituzte.

Nolakoa da erabiltzaileen egunerokoa eguneko zentroan?

Goizeko bederatziak inguruan iristen dira erabiltzaileak San Juanera. Gosaldu eta ariketa batzuk burutzen dituzte. Higiene eta dutxa ere bertan egiten dira. Bazkaldu eta siesta egiten dute. Esnatu, meriendatu eta  ariketa batzuk egin ondoren euren etxeetara itzultzen dira arratsaldeko 17.00ak aldera.

Urte guzti hauetan zehar zailtasunik izan al duzue?

Egia esan ez dugu zailtasun handirik izan. Udalarekin dugun harremana ona izan da beti eta edozein arazoren aurrean erraztasun handia eman digute. Hasieran ezezaguna zen zerbitzu bat zen. Urte dezentetan herri mailan eskaintzen dugun zerbitzu mota zertan datzan zabaltzea kostatu da. Jende askok zerbitzu hau “abandono” bezalako hitzekin lotzen du eta hau aldatzea kostatu egiten da. Gaur egun ordea, pentsamolde hau aldatuz doa eta zentroko lekuen ia ehuneko ehuna beteta dago. Hona etorri direnak oso gustura daude gure zerbitzuarekin eta inkestetan oso emaitza onak jaso ditugu. Jende askok esaten digu pena dela lehenago etorri ez izana.

Nolakoa izan da erabiltzaile kopuruaren bilakaera?

Gaur egun 14 erabiltzaile ditugu. Historikoki zifrak txikiagoak izan dira 9 edo 10 erabiltzaile. Tokia soberan izan dugu baina azken urte honetan eskaria handitzen joan da. Erabiltzaileak ez dira Zestoko kaskokoak bakarrik. Auzotako erabiltzaileak ere baditugu eta baita Aizarnazabalekoak ere.

Ze erronka dituzue hemendik aurrera?

Ahal den zerbitzu egokiena ematea da gure erronka nagusia. Etxe giro goxoa sortuz zerbitzu egokia ematea Fundazioan hartuta dugun konpromezu bat da.

 

Argazkia: Urola Kostako Hitza




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide