Albisteak

[ELKARRIZKETA] Julio Vila Albert: “Istorio biografikoa dela esan dezakegu baina fikzio zati handi bat dago”

‘Confesiones de un DeeJay’ liburuaren bertsio berri bat argitaratu berri du Julio Vila Albert (Zestoa 1971) idazle eta DJak. 2007an argitaratu zuen lehen aldiz liburua, baina, orain, hamahiru urte beranduago, bertsio berri bat argitaratzeko beharra sentitu du. Urte hartan bertan utzi zituen dantzalekuetako agertokiak eta telebista eta zinemarako gidoiak idazteaz gain, aldizkari musikal batean zutabegile gisa aritu da ordutik. Ilusioz bizi du gaur bertan aurkeztuko den liburuaren argitalpena.

Zerk bultzatu zaitu ‘Confesiones de un DeeJay’ liburua berriro argitaratzera?
Azken urtetan lehen liburu hori eskatu izan didate. Urte asko pasa dira ordutik eta urte guzti hauetan asko ikasi dut eta idazteko teknika hobetzen joan naiz. Ikasitako guzti hori liburu horren bertsio berri batean aplikatu nahi nuen. Lehen bertsio hartan akats pila bat sumatzen nituen eta momentu honetan lehen bertsio hori argitaragarria ez zela uste nuen. Liburu hori hartu eta berridatzi egin dut, fikziozko zenbait gauza gehiago gehitu ditut eta bukaera ere luzatu dut, aldaketa dezente sumatzen da.

Zer kontatzen duzu liburuan?
DJ ezagun bat izan nahi duen pertsona baten esperientzia kontatzen dut. Nahiz eta abiapuntua hori izan, edozein pertsonak bere burua islatuta ikus dezake kontakizunean. Eleberri ireki eta unibertsala eskaintzen saiatu naiz, ukitu espezializatu gabe. Nahiz eta istorioa oso garbia eta zintzoa izan, bere metaforak eta konparaketak ditu.

Abiapuntu biografikoa al du?
Bai. Istorio biografikoa dela esan dezakegu baina fikzio zati handi bat dago. Nolabait, istorioa borobildu egin behar da.

Zer gehitu duzu bertsio berri honetan?
Azken urteetan ikasi dudan guztia islatu nahi izan dut bertsio honetan. 2007an 36 urte nituen. DJ mundua bezalako makineria batean lanean sartzen zarenean denboraren erreferentzia galtzen duzu, oso lotuta zaude ingurune itxi horretara. Orduan, esperientzia aldetik asko nuen ikasteko. Orain urte batzuk pasata, esperientzia hori gehitzeko beharra sentitu dut. Gazteak garenean denbora beste erritmo batean mugitzen da eta orain, urte batzuk beranduago, liburuari puntu heldu bat eman nahi nion eta lortu dudala uste dut.

Idazle lanak egiteaz gain, DJ moduan ikusi zaitugu berriro ere Bilboko BECeko agertoki gainean.
Oso gauza kuriosoa da, nik ez nuen espero horretan jarraitzea. Orain dela urte batzuk berriro ere agertoki batera igotzeko eskatuz deitzen zidatenean ezezkoa ematen nuen. Duela bi urte Bartzelonako ekoiztetxe bateko deia jaso nuen, BECen ekitaldi bat antolatu nahi zutela esanez. Kartel burua izango nintzela esan zidaten eta baiezkoa esan nuen. Garbi neukan berriz DJ gisa aritu behar banuen agertoki handian behar zuela eta BECekoa aukera bikaina izan da.

Mila gauzetan zabiltza orduan…
Bai. Torreviejan bizi naiz duela sei urtetik eta telebistarako eta zinemarako gidoiak idazten ditut. Beti iruditzen zait nire bizitzako inflexio puntu batera heltzear nagoela. Duela gutxi, Estatu Batuetako zuzendari batzuk nire proiektu batean interesatuta daudela jakin dut. Ez daki zer gertatuko den baina horretan nabil. Ez daukat galtzeko denborarik, ez naiz geldik egotekoa, etengabe sortzen ari naiz. Sei urte daramatzat gidoien proiektuan. Ez da erraza, bide berriak irekitzea erronka oso handia.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide