Albisteak

[ELKARRIZKETA] Kepa Iribar: “Orain jada ez da nirea, orain irakurleena da. Konpartitu dut eta gustatzen ote den ikusteko zain nago”

Arroabean bizi den Kepa Iribar (Getaria, 1975) aski ezaguna da Euskadi Irratiko kirol esatari modura. Oraingoan, ordea, beste arrazoi bat tarteko elkartu gara berarekin. Nobela poliziako bat idatzi berri du, bere aurreneko nobela. Maiatzean ikusiko du argia eta gauza handirik kontatzeko baimenik ez badu ere, hor aritu gatzaizkio tiraka-tiraka.

Zer izan da, okurritu eta egin?

Besterik gabe hasi nintzen idazten, ideia sortu buruan eta “gai ote naiz idazteko?” esaten nion neure buruari eta idatzi egin nuen. Behin idatzita, zer maila ote zeukan jakin nahi nuen eta aurrena Arantxa Iturbe eta Nekane Peñagarikano irratiko lankideengana jo nuen. Haiek saiatzeko gomendioa eman zidaten. Horrelaxe, Ereinera jo nuen eta haiek baiezkoa eman zidaten. Gauzak ondo, maiatzean aterako da.

Noiz hasi zinen idazten?

Pandemia aurretik hasi nintzen. Pandemia garaian utzi egin behar izan nuen, denok etxean sartuta geundela ezin nuen, eta konfinamendua pasa eta gerora bukatu. Ez dakit zehatz zenbat denbora behar izan dudan, baina asko, presarik eta presiorik gabe egin dut eta. Inorentzat ez nintzen ari eta kanpotik presiorik ez izatean neure buruarenik ere ez. Hau ez da nire lana, nire lana beste bat da.

Nobela poliziakoa izango dela badakigu, baina zein gai lantzen duen aurreratzerik bai?

2022ko irailaren 6an kokatzen da. Juan Sebastian Elkanok munduari bira eman ziola 500 urte betetzen diren egunean. Ospakizun handia antolatu da bere jaioterrian, Getarian. Inoizko Lehorreratze jai bereziena izango da. Baina hilketa mehatxu batek hankaz gora jartzen du festa atariko lasaitasuna. Horixe da aurreratu dezakedan guztia.

Getarian kokatzen da, beraz?

Bai, Getarian eta egun konkretu horretan. Aurten beteko dira 100 urte Elkanoren Lehorreratze jaia egiten hasi zirela. Urte egokia da liburua argitaratzeko ere. Lantalde bat ari da antzezpen ekitaldia eguneratzen eta aurtengoak ekarriko du aldaketaren bat edo beste, baina nik orain artean izaten zen modura idatzi dut.

Nire herria beste modu batera ikusteko aukera eman dit eleberriak. Nobelarako zer behar nuen jakinda, bere leku edo txokoa jartzen nion eta gero bertara joan eta irudikatu egiten nuen.

Lana jada beste batzuen eskuetan dago

Hori da. Nik nirea egin dut, orain ea jendeari zer iruditzen zaion. Entregatu artean buelta asko eman dizkiot, irakurritako bakoitzean zerbait aldatzen nuen, besterik ez bazen koma bat, baina aldatu. Askotan gehiago ere bai. Irakurri eta beste modu batera idatzi eta koma bat jarri, koma bat kendu… Orain jada ez da nirea, orain irakurleena da, konpartitu dut eta gustatzen ote den ikusteko zain nago.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide