Albisteak

[ELKARRIZKETA] “Krisiak langileriaren bizi baldintzen kaskartzea dakar”

Kontrol sozialaren areagotzea salatzeko asmoz, ‘Burgesiaren kontrola antolakuntzaz gainditu’ dinamika jarri berri du martxan Zestoako GKSk. Gazte Koordinadora Sozialistako kideak dira Oihane Ibarguren (Zestoa, 2000) eta Jokin Igarataundi (Zestoa, 1995) eta herrian martxan jarritako dinamikaz zein GKSren bilakaeraz hitz egin dute Danbolinekin.

Duela bi urte sortu zen Gazte Koordinadora Sozialista, ze bilakaera izan du antolakundeak hiru urte hauetan?

O.I: Orain bi urte inguru sortu zen Gazte Koordinadora Sozialista gazte problematika klase ikuspegitik lantzeko. Ordutik ekimen ezberdinak egin ditugu, formakuntza mintegiak, lan egunak, herrialdeko topaketak edo topagunea besteak beste. Horrela, antolakuntza eskualde ezberdinetara hedatzeko baldintzak lortu ditugu.

2020an, Urola Erdiko taldea sortu zenuten.
J.I: Bai esan bezala bi urte hauetan baldintzak sortu dira honetarako eta eskualde askotan egonkortu gara. Gure kasuan eskualdeko taldeez gain herrietan antolatzea ere lortu dugu.

Azaroan ‘burgesiaren zuzeneko diktadura’ salatzeko kanpaina jarri zenuten martxan Euskal Herri osoan. Mobilizazio jendetsuak han eta hemen. Ze balorazio egiten duzue?

O.I: Balorazioa positiboa egiten dugu, astero 2.000 pertsona inguru atera ginen kalera, jendeak ondo erantzun zuen. Gainera argi ikusi da ezarri ziren neurriek ez dutela osasun egoera hobetu. Kontrara, osasun hondamendi baten aurrean aurkitzen gara eta hori gutxi balitz askatasun eta eskubideak deuseztatuta ditugu.

J.I: Aurreko kanpainara jarraipena emanez azken hiru asteetan mobilizazioak izan dira Euskal Herriko herri ezberdinetan, Osasun hondamendiaren eta askatasun ezabapenaren aurrean burgesiaren ofentsiba gelditu lelopean. Larunbat honetan, otsailak 13, hitzordu garrantzitsua izango dugu Azpeitiko plazan arratsaldeko, 18.00etan.

Orain, ‘Burgesiaren kontrola antolakuntzaz gainditu’ dinamika jarri duzue martxan Zestoan. Zein da kanpainaren helburua? Zer esan nahi duzue lelo horrekin?
O.I: Kanpainaren helburua jasaten ari garen kontrol sozialaren areagotzea salatzea da, osasun krisiaren aitzakiapean hartzen ari diren neurrien benetako helburuak azaleratzea Zestoan.

Krisiak langileriaren bizi baldintzen kaskartzea dakar. Proletalgoa kontrolpean izateko neurriak dira hartzen ari direnak, burgesiaren erasoaren aurrean egon daitekeen langileen erreakzioa neutralizatzeko eta gizarte kapitalistarentzat arriskutsua izan daitekeen mugimendu oro sustraitik ezabatzeko.

J.I: Horren aurrean, langile antolakuntzaren beharra azpimarratu nahi dugu, basakeria kapitalistaren aurrean eta komunismoa ipar, langileon bizi baldintzen eta askatasun zibil eta politikoen defentsarako alternatiba bakar gisa.

Nola plazaratuko duzue dinamika herrian?
J.I: Gure asmoa kontrol sozialaren areagotzea salatzea da, beraz herri mailan ekimen ezberdinak egiteko asmoa dugu, kalean informazioa zabaltzea, testigantza bilketa bat egitea eta hitzaldiak eskeintzea, besteak beste.

Kontrol sozialerako mekanismoak indartzen ari direla azpimarratzen duzuen behin eta berriz.
O.I: Kontrol sozialerako mekanismoak indartu dituzte, bigilantziarako garatzen eta erabiltzen ari diren teknologia berrien bitartez edo pandemiatik ateratzeko praktikan jarri duten aterabide polizialaren bitartez.

J.I: Ezin da aipatu gabe utzi gaur egun komunikabideek daukaten funtzio nagusia gazteria kriminalizatzea dela. Komunikabideen interbentzio ideologikorako gaitasunaren bitartez gazteon gain jartzen da pandemiarekin ez amaitzearen errua. Indar polizialen zuzeneko esku hartzeak legitimatuz, azken aldian Donostiako alde zaharrean edo Azkoitian ikusi dugun moduan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide