Albisteak

[ELKARRIZKETA] Lurdes Garcia: “Nire estiloa sinplea da, sinplea baina kalitatezko telak erabiltzea gustatzen zait”

Tela, orratz eta hari artean ibili da betitik Lurdes Garcia (Zumaia, 1964). Pasioz bizi du joskintza. Amak erakutsi zion hasieran, eta, gero, hainbat akademietan ikasten jarraitu zuen. Egun, Atelier de Zire izeneko bloga du eta bertan argitaratzen ditu lan batzuk. Labores del hogar aldizkarian kolaborazioak ere egiten ditu.

Hari artean jaio zinela esan dezakegu.

Bai, halaxe da. Txikitatik ikusi izan dut ama josten. Gaztea zela, sukaldari gisa egiten zuen lan Madrilgo etxe batean. Arratsaldeak libre izaten zituen, eta etxe hartan lan egiten zuen jostunak irakatsi zion josten. Eskolatik itzultzean, beti zerbait zuen amak esku artean. Ni bere ondoan esertzen nintzen, panpina hartu eta arropak egiten hasi nintzen. Amak benetan ikasteko gogoa nuela ikusi zuenean, makina erabiltzen irakatsi zidan. Singer etxeko pedaldun makina zen. Gauzak ondo egitearen garrantzia azpimarratzen zidan amak beti.

Amaren ondoan jostetik, akademiara ikastera pasa zinen.

Bai, halaxe izan zen. 17 urte inguru nituenean Zumaiako akademia batean hasi nintzen patroigintza ikasten. Zumaian amaitutakoan, Zarauzko Artezaleak eskolara joan nintzen. Denetik ikasi nuen han: telak tindatzen, patroigintza industriala egiten… Niretzako arropa egiten nuen. Jendeak kalean ikusten ninduenean arropari buruz galdetzen zidan, eta pixkanaka enkarguak jasotzen hasi nintzen.

Zein izan zen hurrengo pausua?

2005ean Zumaiatik Zestoara etorri ginen bizitzera. Semea txikia zen orduan eta denbora gutxiago nuen josteko. Gero, haurra pixka bat hasi zenean, 2009 inguruan, interneten kuxkuxeatzen hasi nintzen. Todofacil izeneko foroa aurkitu nuen. Denetarik zegoen: eskulanak egiten zituztenak, jostunak… Mundua ezagutu nuen.

Nik egindako lanak erakusten hasi nintzen han eta jendeari gustatu egin zitzaion. Pixka bat beranduago Atelier de Zire izeneko bloga zabaldu nuen. Jendea nirekin kontaktuan jartzen hasi zen, eta, pixkanaka, gauzatxoak egiten hasi nintzen, enkarguz, gaur arte. Horrek ez dit bizitzeko ematen, baina pasioz egiten dut. Haurrentzako klase batzuk ere eman ditut. Behin ere ez naiz hontara profesionalki dedikatu, baina gustatuko litzaidake.

Atelier de Zire, Zer dela eta izen hori?

Nire semearen izena da, alderantziz. Berarekin harremana zuen izena nahi nuen.

Labores del hogar aldizkarian ere agertzen dira zure lanak.

Bai, nire blogean ikusi zuten egiten nuen lana eta nirekin kontaktuan jarri ziren. Noizean behin lanen bat eskatzen didate eta aldizkarian argitaratzen dute.

Zein da zure estiloa?

Nire estiloa sinplea da, sinplea baina kalitatezko telak erabiltzea gustatzen zait. Nire ustez, sinpletasuna elegantziari lotuta doa. Blog frantsesetan inspiratzen naiz, betidanik gustatu izan zait frantsesen gustua.

Zer da gehien egitea gustatzen zaizuna?

Haurrentzako gauzak egitea nire pasioa da, asko disfrutatzen dut.

Egiten duzun lana baloratzen dela uste al duzu?

Orain uste dut baietz. Konfinamendu garaian, adibidez, jendea denbora nola pasa pentsatzen hasi zela uste dut, eta joskintza horretarako aproposa da. Zenbait gauza ahazten laguntzen du eskuekin zerbait egiteak.

Itsaso Waliño




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide