Albisteak

[ELKARRIZKETA] Maria Uria: “Ezinbestekoa da pertsonen osasuna lehenestea guztiaren gainetik”

Koronabirusaren krisia eragin handia izaten ari da lantokietan. Azken egunotan etengabe entzuten ari gara kaleratzeen eta ERTEen inguruko berriak albistegietan. Maria Uria abokatua da ELAko zerbitzu juridikoan eta kontu hauen inguruko xehetasunak eman dizkigu elkarrizketa honetan:

Azken egunotan enplegua aldi baterako erregulatzeko txostenen inguruko kontuak entzuten ari gara. Zer esan nahi du horrek?

Espainiako gobernuak, pasa den Martxoaren 14an alarma-egoera dekretatu zuen. Hori dela eta, bizitzen ari garen osasun-alarma honen ondorioz, koronabirusaren epidemia ekiditeko edota hau ahalik eta kutsatze gutxien egoteko helburuarekin, konfinamendua agindu digute. Hau da, gure etxeetatik ahalik eta gutxien irtetea eskatzen zaigu herritarroi, eta horrek noski, geldialdi sozioekonomikoa dakar.

Mekanismo guztiak martxan jarri nahian gabiltza kutsadurak ahalik eta gutxien izan daitezen, horregatik ari gara alarma-estatu bat bizitzen. Alarma egoerarengatik, osasun arrazoiengatik edo produkzio arrazoiengatik jarduera eta produkzio asko eta asko eten egin dira.

Martxoaren 18an 8/2020 Erreal Dekretu Legea publikatu zen, eta bertan, besteak beste, aurrez indarrean zegoen Aldi Baterako Enplegua Erregulatzeko Espedienteen (ERTE) inguruko araudian aldaketa batzuk sartu dira. ERTEak egiteko lehenagotik ere zegoen aukera egokitu nahi izan dute koiuntura honetara, Covid-19rekin zerikusi zuzena duten egoeretan ere enpresak ERTEak aurkezteko aukera izan dezaten, horretarako zenbait erraztasun jarri nahian. Bi aukera desberdintzen ditu Dekretuak: batetik, ezinbesteko egoeragatiko ERTEak eta, bestetik, zergati ekonomiko, tekniko, produktiboko edo antolaketa arrazoiengatiko ERTEak.

50.000 langiletik gora gelditu dira enplegua aldi baterako erregulatzeko dosier batean eta zenbaki hori etengabe goraka doa…

Bai, egia esan, bizitzen ari garen koiuntura benetan zaila eta imajinaezina da, eta COVID-19k ekarri digun geldialdi ekonomikoak ERTE kantitate izugarri bat erregistratzea ekarri du. Gaurko datuen arabera, martxoak 25, Araba Bizkaia eta Gipuzkoan, 80.979 langileri eragiten dien 10.635 ERTE daude momentuz erregistratuta, eta goraka doaz. Benetan zifra dramatikoak historiarako.

Aldi baterako erregulazio batean sartzen den langile batek bere soldataren zer zati jasoko du?

Kobratuko duena ez da bere soldata izango, langabezia prestazioa baizik. Lanbidek ordainduko dion prestazioa lehenengo 6 hilabeteetan bere kotizazio oinarriaren %70 izango da eta, zazpigarren hilabetetik aurrera, kotizazio oinarri horren %50.

Baina horrez gain, enpresek osa ditzakete kantitate horiek, langileek euren soldaten kantitate guztia kobratzera irits daitezen ERTE egoeran daudenean ere. Hor enpresa eta langileen arteko negoziazioa sartuko litzateke jokoan eta modu horretan, osagai hori ordaintzea adostuz gero, langileak ez luke galera ekonomikorik sufrituko. Hemen gogorarazi behar dugu gure inguruko enpresek azken urte hauetan irabaziak eta emaitza ekonomiko positiboak izan dituztela. Beraz, kasu askotan, euren eskutan dago beraien langileek galerarik ez izatea.

Azken jaso dugun notiziaren baitan, langabezia prestazioa kobratzerakoan, ez da kontuan izango langileak bere kargura seme-alabarik duen ala ez. Horrela, familia duten langileak diskriminatzen dira, soldata taula ofizialaren arabera legokiekeena baino %24 gutxiago ordainduko baitzaie. Komunikatu dutenaren arabera, kaltetu guztiei ordainduko dieten gehieneko langabezia prestazioa, beren ardurapean seme-alabak izanda ere, seme-alabarik gabeko gutxienekoa da. Hau da, 1.098 euro. Hori benetan larria da.

Langileak ez badu langabezia kobratzeko eskubiderik soldatarik gabe geldituko da?

Ez. Aipatu dudan Erreal Dekretu Lege horrek dakarren neurri esanguratsuenetako baten baitan, langabezia prestazioa kobratzeko ohiko baldintza legalak betetzen ez dituen langileari ere (gutxieneko okupazio aldia,…), zirkunstantzia hauetan prestazioa kobratzeko eskubidea bermatuko zaio.

Honen harira, aipatzekoak iruditzen zaizkit ondorengoak:

  • Ohiz kanpoko egoera honegatik erabiliko den langabezia-aldia ez da aintzat hartuko ezarritako gehienezko epealdiei dagokienez.
  • Enplegu Zerbitzuak langabezia egoera zuzenean ebatziko du, lan agintaritzaren jakinarazpenaren bitartez. Langabezia eskatzeko ez dago eperik.
  • Langabezi honek irauten duen denbora guztiak, ondorio guztietarako, antzinatasunerako konputatzen du eta kotizatua kontsideratuko da.

Zenbat denbora luzatu daiteke aldi baterako erregulazio txosten bat?

Ez du iraupen konkretu bat, baina egia da bere ezaugarri nagusietako bat behin-behinekotasuna dela. Hau da, ez da inon arautzen ERTEen gehieneko iraupen-epea. Baina erregelamendu-arauak bai esaten digu, alde batetik, ERTEen iraupena, egun gainditu nahi den koiuntura honetara egokitu beharko dela; eta, bestetik, aldi baterako finkatuak izango direla.

Beraz ez dute iraupen zehatzik, eta abagunearekin lotuta daude. ERTEa ekarri duen arrazoiak irauten duen bitartean, hau da, kasu honetan, COVID-19rekin zerikusi zuzena duten arrazoiak existitzen diren bitartean, indarrean jarraitu daitezke.

Azken finean, lan-harremana eteteko neurri bat da, aldi baterako mugatua nahitaez, eta nahitaezkoa da enpresak eskatzen dituen neurriak egoeraren araberakoak izatea. Hau da, ERTEa ez da inola ere enpresaren egiturazko egoerak edo egoera sistemikoak konpontzeko mekanismoa, eta iruzurtzat ere jo daiteke. Lehenagotik ere ekonomikoki gaizki zebilen enpresa batek ezin du abagune honetaz baliatu ERTE batera atxikitzeko. Horregatik eskatzen dugu, ERTE kasuak tentuz gainbegiratzea enpresek egoeraz baliatuta iruzurrik egin ez dezaten.

Aldi baterako txosten bat baduzu, zer gertatuko da zure opor egunekin?

Gai honen inguruan ez denez ezer arautu, printzipioz, langilea, ERTEak irauten duen denboran, langabezia egoerara pasatzen da; eta, ondorioz, egun horiek ez dute oporrik sortzen. Beraz, urte honetan dagozkion opor-egunak, urte guztian benetan lan egindako egunen arabera kalkulatuko zaizkio.

Ikusten gabiltzanagatik, oporrei dagokienez, enpresa asko euren langileei alarma-estatu honetan opor egunak hartzera behartzen dabiltza, euren opor egunak kontsumituz. Hori onartezina da, ezin da langilea horretara behartu. Oporrak bi alderdiek adostu behar dituzte noiz egin, ezin du enpresak inposatu. Derrigortzen bazaituzte, momentuz, negoziatzen ez den einean, agindua bete beharko luke langileak, baina alarma-estatua amaitu eta gero opor horiek erreklamatzeko aukera du. Garrantzitsua da enpresari idatziz dokumentu eskatzea gero akreditatu ahal izateko enpresak oporrak hartzera derrigortu zintuela.

Aldi baterako erregulazio txosten bat behin betiko bihurtu daiteke? Lanik gabe gelditu zaitezke?

Kasu honetan, COVID-19ren bueltan hasitako ERTEak ez dira solasean “ohiko ERE” deitzen diegunak, beste figura juridiko bat dira. Hainbat ERE mota daude, eta zenbaitetan, kaleratze kolektiboekin amaitzen direla egia da.

ERTEak aldiz, esan dugun moduan, iragankorrak dira eta abagune konkretu batek sortuak. Koiuntura hori amaitzean, ERTEa ere amaitu egingo litzateke eta aktibitate ekonomikoa berriz ere martxan jarri beharko litzateke, langilea ERTEa aurretik zeukan lan bera egiten hasiko da berriz, zituen baldintza berberekin.

Hain zuzen ere, 8/2020 Erreal Dekretu Legeak ezarririko edozein neurri aplikatzen duen enpresa, legalki bere aktibitatea berriz ere martxan jartzen duen momentutik, 6 hilabetez enplegu guztiak mantentzeko konpromisoa hartzera behartuta dago.

Hori horrela izanik, ondorioztatzen da, ERTE horiek ezin dituztela kaleratzeak ekarri; eta, geldialdi hau eta gero, berriz ere martxan hasi eta lehenagotik zeuden langile guztiek jarraitu beharko lukete lanean, zituzten egoera eta kondizio berberak bermatuta.

Joan den larunbatetik EAEn 3.000 langile baino gehiago kaleratu dituzte…

Argi dago koronabirusak geldialdi ekonomiko batera eraman gaituela, horrek dakartzan ondorio guztiekin. Esan bezala, enpresa asko ERTEra pasa dira, euren aktibitatea geldiaraziz. Beste zenbait enpresatan lanean jarraitzen dute (askotan segurtasun neurririk hartu gabe). Eta beste batzuk, berriz, langileak kaleratzera jo dute. Kaleratze horien atzean hainbat arrazoi egongo dira. Beste erremediorik izan ez duen enpresarik izango da; baina, beti bezala, koiuntura hau aprobetxatuz langileak kaleratu dituzten enpresak ere badaude.

Esate baterako, garbikuntzako enpresa handiak murrizketak eta kaleratzeak egiteko aprobetxatzen ari dira, eurek diru publikoa jasotzen jarraitzen duten bitartean.

Bestalde, goian esan bezala, enpresa askok, inolako segurtasun neurririk gabe lanean jarraitzen dute. Baina beste askok gelditu behar izan dute eta geldialdi horrek, jakina, eraginak ditu bai enpresan (txikienetan batez ere) eta baita bertako langileengan ere. Gobernuek babes neurriak aktibatzea ezinbestekoa da. Horrez gain, ELAk administrazioari ere eskatu dio enpresekin zorrotz jokatzea, onartezina baita ehunka langile prekarietatera kondenatzea enpresen praktika txar horien erruz.

Garbi dagoena da eszenatoki gogorra utziko digula honek guztiak eta alarma-estatu honen ondorioak pairatzea tokatuko zaigula.

Zein da autonomoen egoera?

Autonomoei dagokienez, agian gutxien babesturiko kolektiboa dela esan genezake. Hartu diren neurrien artean, autonomoentzat aparteko prestazio bat ezarri da. Beraz, betiere legeak markatzen dituen baldintzak betez gero, aparteko prestazio hori kobratzeko aukera izango dute. Besteak beste, baldintzarik nagusiena, euren aktibitatea bertan behera geratu behar izana edota, egoera honen ondorioz, %75eko galera ekonomikoak pairatu izana dira.

Orokorrean, ez dugu uste hartu diren neurriak egoeraren parekoak direnik, eta autonomoen kasuan harturiko neurriekin ere berdina gertatzen da. Prestazio horren bitartez kobraturiko kantitatea oso gutxi da eta prestazio hori kobratzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzea ez dute erraza jarri. Kolektibo horren artean, zirkunstantziak zein diren ikusirik, asko izango dira, behar bada, euren lanekin jarraitzerik izango ez dutenak.

Nahitaezkoak ez diren zerbitzuak gelditzea eskatzen duzue…

Bai, denaren gainetik, momentu hauetan garbi dago benetan garrantzitsuena pandemia gelditzen saiatzea dela; eta, horretarako ari gara guztiok neurriak hartzen, kutsatzeen kurba ahalik eta motelen haz dadin eta osasun zerbitzuak kolapsatu ez ditzagun.

Hori horrela izanik, batetik konfinamendua egitera behartzea eta, bestetik, enpresa asko normalitate osoz lanean jarraitzea (langileez gain euren senitartekoak ere arriskuan jarriz), benetako kontraesana da.

Ezinbestekoa da, abagune honetan, pertsonen osasuna lehenestea denaren gainetik. Horretarako, guretzat bi neurri dira funtsezkoak: bata, oinarrizko sektoreetan lan egiten duten langileak babestea, eta bestea, erantzukizun sozial eta kolektiboagatik, gainerako sektoreetako ekoizpena gelditzea.

Une benetan erabakigarri honetan, behin ere baino gehiago, osasunak lehentasuna izan behar du, edozein interes ekonomikoren gainetik.

Prebentzio neurriak betetzen ez dituzten lantegiak irekitzera behartzen ari dela salatu du ELA sindikatuak eta bide penalera joko duela. Zer ekarriko du horrek?

Gobernuek hartutako erabakiekin langile asko lan egitera behartuta daude, beren osasuna jokoan jarrita, eta sortutako egoera honetan lantokietan osasuna zaintzea da ELAren erabateko lehentasuna. Pertsonak zaindu behar ditugu. Horrekin batera, gure eskubideak babestu behar ditugu testuinguru honetan atzerapausorik eman ez dadin.

Esate baterako, guztiz onartezina eta salagarria iruditzen zaigu Industria sailetik aktibitate ekonomikoa bermatzeko EPIak banatuko dituztela publikoki esan eta gizartearen biziraupenerako guztiz beharrezkoak diren zerbitzuetan, alegia, osasungintzan, zaharren egoitzetan edota etxez etxeko zerbitzuetan, langileak inolako segurtasunik gabe lanean aritzea, koronabirusarekin kutsatuak izateko arrisku bizian daudela dakitenean.

Herritarrok erakutsi dute prest daudela euren partetik jartzeko, eta guztion artean, kolektiboki, epidemia honi aurre egiten saiatzen gabiltzala begi-bistakoa da. Ertzaintza, konfinamendua justifikatu gabe urratzen duten haiei santzioak ezartzen dabilen moduan, euren lantokietan beharrezko babes neurriak hartzen ez dituzten enpresa haiek ere ikusi behar dute ezin dela nahi dena egin ondoriorik gabe.

Kontziliazioa ahalbidetzeko neurririk hartu al da eta hartu badira nahikoak al dira?

Zenbait gauza arautu diren arren, ez dira inondik inora nahikoak. Oraingo honetan ere, kontziliazio familiarra edota zaintza lana, bigarren plano batean geratu dira. Hartu diren neurrietatik, esanguratsuena da, langileak bere jardunaldia 100%ean murrizteko aukera duela abagune honetan, beti ere, legeak ezarritako baldintzak betetzen baditu. Eskubide hori izatea oso notizia ona da, baina murrizketa hau egitea erabakitzen duenak, beste edozein murrizketekin gertatzen den bezala, soldata ere murrizketaren proportzio berean gutxituko zaio. Beraz, zirkunstantzia pertsonal batzuetan, beste aukerarik ezean, seme-alaba edota familiartekoren baten zaintza egin behar duen langileak, bere laneko jardunaldia %100ean murrizten badu, langile horrek soldatarik ez du kobratuko.

Egoera zein den ikusirik, menpekotasuna duten pertsonen egoera zaintzea lehentasuna izan behar da, bai eskolak bertan behera geratu izanagatik, baita inguruan zaintza beharrak dauzkaten pertsonak dauzkagulako ere. Horretarako, legerik ezean, enpresek ere posible dute zaintza lanak betetzeko erraztasunak ematea.

Bestalde, aipatu beharra ikusten dut, kontziliazio eta zaintza lanekin bezala, krisi honek eta hartutako neurriek emakumeengan izan duten eragina analizatzen hasiz gero, hauei ere gizonezkoekin alderatuz, modu desberdin batean eragiten dietela honek guztiak.

Emakumeak lehen lerroan daude birusaren agerraldiaren aurkako borrokan, “funtsezkotzat” eta atzeraezintzat jo diren zerbitzuetako langile eta profesional gisa. Zaintzaren, garbiketaren, osasun-langileen, ile-apaindegien, hirugarren adinekoentzako zentroetako langileen arloan, etxeetako langileen, etab. emakumeak gehiengoa dira. Ez da kasualitatea “zaintzaile, garbitzaile, erizain, laguntzaileez” hitz egiten aritzea komunikabideetan, eguneroko borrokan ari diren “medikuen” aurrean. NBE Emakumeak (ONU Mujeres) erakundearen datuen arabera, emakumeak dira sektore soziosanitarioko langileen %70, eta baita ordaindu gabeko zaintza-lana hiru aldiz gehiago egiten dutenak ere. Eta, horretaz guztiaz gain, mendeko senideen ardurapean dauden amak, amonak, ahizpak edota alabak izaten jarraitzen dute.

Konfinamenduak ondorio batzuk utziko ditu, eta egoera hori amaitzen denean soilik baloratu ahal izango dira. Bitartean, emakume horiek guztiek beren eguneroko eta ohiko konfinamenduan jarraituko dute, birusak kutsatuak izateko arrisku erantsiarekin.

Langile batek egoera dela eta, lanera joateari uko egin diezaioke?

Besterik gabe, beldurra ematen diolako kutsatzeak edota etxean geratzea nahi duelako…ez. Egin, egin dezake, baina bere erantzukizunaren barruan eta ondorio guztiekin. Justifikatu gabe lanera ez joateak, orain ere, santzionatua izatea edota kaleratua izatea ekar lezake, arrisku hori beti dago hor.

Koronabirus gaitza baieztatu dioten gaixo batekin kontaktuan egon den pertsona batek laneko baja eskatu dezake berrogeialdia egiteko?

Bai, eta kasu hauetan, baja hori “lan istripu” moduan kalifikatuko da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide