Albisteak
[ELKARRIZKETA] Miren Aranguren Etxarte: “Oso gai konplexua da zaintzarena, askotariko dimentsioak biltzen dituelako”
— 2022-01-26Zestoako Udalak antolatuta, “Elkar zaintzeko sistema publiko komunitariorantz” hitzaldia eskainiko du gaur arratsaldean Miren Aranguren Etxarte, Emagin elkarteko kideak Arroabean. Arratsaldeko 18:30ean izango da hitzordua, eskola zaharrean.
Emagin ikerketa eta dokumentazio zentro feministako kidea zara. Zein lan ildo jorratzen dituzue elkartean?
Emagin elkartea duela 18 urte inguru sortu zen. Egia da denbora horretan garapen handia izan duela elkarteak. Hasiera batean, artxibo feminista bat izateko helburuarekin sortu zen. Pixkanaka, ordea, helburu hori dibertsifikatu egin da, handitu egin da. Egun hiru esparrutan dihardugu: formazioa, ikerketa eta hedapena. Dokumentazio eta artxibo lanetan ere aritu gara baina duela gutxi, Nafarroako Artxibo Garaikideari donatu genion artxibo guztia. Esparru horietan lau ildo politikotan jarduten dugu: genealogia feministak, indarkeria matxisten aurrean prebentzio lana, bizitza duinak erdigunean eta azkenik, eraldaketa feminista.
Gipuzkoako zaintzaren egoera aztertzeko ibilbidea egin duzue.
Gipuzkoako hainbat herrietan diagnostikoak egiteko aukera izan dugu. 1950. urtetik zaintza lanak nola aldatu diren ikusi dugu. Diagnostiko horietatik gaur egun Gipuzkoan daukagun zaintza erregimen horren definizio bat egin dugu, betiere mugimendu feministak eskaintzen digun marko teoriarekin kontrastatuta. Hori aldatzeko praktika politiko zehatzak planteatzen saiatzen ari gara, bai administrazio publikoari begira baina baita komunitateari begira ere. Sistema publiko komunitarioak izan ditzaken edo izan beharko lituzkeen nozioen inguruan hitz egiten ari gara, horren barruan egon daitezkeen ardatz ezberdinen inguruan hausnartzen eta praktikara eramateko proposamenak pentsatzen.
Oso gai konplexua da zaintzarena, askotariko dimentsioak biltzen dituelako. Subjektibitate asko daude, ekintza material eta ez material asko barnebiltzen ditu: erpin asko ditu. Denbora asko daramagu hausnartzen eta ondorio batzuetara iritsi gara baina egia da, ondorio horiek kritikoki aztertu behar ditugula pausuak eman ahala. Hemen, danean bezala, ez dago giltza magikorik gauzak aldatzeko. Pixkanaka probatzen joan behar dugu.
Gaur zaintza komunitarioaren inguruko hitzaldia eskainiko duzu. Zein izango da abiapuntua?
Teoria eta praktika feministatik abiatzen gara beti. Badira urte mordoxka bat Euskal Herriko mugimendu feministak eta beste herrialde batzuetako mugimendu feministek ere zaintzaren gaia diskurtso politikoaren erdigunean kokatu zutela. Guk hortik edan dugu nagusiki eta horren adierazle dira azken martxoaren 8etan ere egin diren grebak edo gaur egun daukagun zaintza antolaketarako eredu hori errotik aldatzeko egin diren proposamenak. Gure abiapuntua da bereziki ekonomia feministak eskaintzen digun begirada hori, nolabait ikusezinak eta aitortzarik gabeak eta bizitza sostengatzeko ezinbestekoak diren lan eta prozesu horiei guztiei arreta jartzea. Ez da kasualitatea ikusezinak eta aitortza politiko eta ekonomikorik gabe dauden lan horiek emakumeon esku egotea.
Zein gako emango dituzu saioan?
Zaintzak ezkutatzen duen hori mahai gaineratzeko ekarpena egingo dugu. Zaintza erregimen bat zer den ere azalduko dut Euskal Herrian hori nola antolatzen den. Etxeko langileen egoeran ere zentratu nahiko nuke. Azkenik, indarra jarri nahi nuke sistema publiko komunitarioen erronkak zein diren aztertzean eta zergatik ari garen publiko komunitarioaz hitz egiten. Gaurko saioan garrantzitsua izango da hausnarketa kolektiborako espazio bat sortzea.
Egin zaitez bazkide