Albisteak

[ELKARRIZKETA] Nerea Mendizabal: “Inoiz ezagutu gabeko krisialdi estresagarri baten aurrean gaude”

Nerea Mendizabal psikopedagogoak herritarrek egoera honen inguruan bidalitako galderak erantzun ditu:

Bi aste baino gehiago daramatzagu etxean sartuta. Nola kudeatzen da horrelako egoera bat?
Oraintxe bertan gehientsuonok irten gabe egotea dugu amankomunean, baina egonaldi hau nola eraman dezakegun desberdindu gaitzake. Hainbat gauza ezin ditut aukeratu, baina aukera dezaket zer egin nahi dudan gertatzen ari denarekin eta sentitzen ari naizenarekin. Etxean egon behar izateaz kexatu naiteke, hartu diren neurriak eta hartu dituztenak kritikatzen pasa dezaket denbora edo nire atentzioa guztia egoera honetatik zein ikasgai atera nahi dudan bidera dezaket.

Kanpotik etorri zaigun erabaki honek gelditzera eraman gaituela eta txunditu nau hemendik atera den sormena iturria. Honek, bizitzen ari garen egoerara egokitzen laguntzen ari zaigula esango nuke, jasangarriago egiten eta jarrera hau izango da, etorriko den egoerarako ere lagunduko diguna. Malguak izatea eta egokitzeko gaitasuna izatea doia preziatuak izango dira.

Egoera honi alde positiborik ikusten al diozu?
Erritmoa jaistea, gelditzea, hausnarketarako aukera, sormena aktibatzea, familiako konexioak indartzea, etxean egoteaz gain gure barneko etxean egotea, zein bide hartu nahi dugun argitzeko begirada, eguneroko bizitzan alde batera uzten ditugun gauzei heltzeko beta, daukaguna baloratzea, ez daukagunean ohartzen baikara zein baliotsua zaigun…

Nola egin aurre honek sortzen duen antsietateari?
Antsietatea sentituz. Desatseginak zaizkigun sentsazioak kendu nahi izaten ditugu eta orokorrean, jarrera hau hartzen dugunean orduan eta indar gehiago hartu ohi du. Antsietateak funtzio bat betetzen du eta berau sentitzea baimenduz eta entzunaz, zer zaindu nahian dabilen argitu dezakegu. Posible da ziurtasuna, konfiantza, lasaitasuna, onarpena, babesa… ate joka aritzea eta bizitzen ari garen estimuluekin, emozioak horrelako zerbait abisatu nahi izatea. Honetarako, gure pentsamenduak behatzea lagunduko digu. Zer darabilkit buruan? Zer da gertatu daiteken okerrena? Egia da hori gertatu daitekela? Zer egin dezaket lasai, seguru eta babesaean sentitzeko? Eta konfidantza indartzeko? Zer eta nori eskatu nahi diot?

Horretaz aparte, gure emozioak adierazi eta askatzeak gure sistema guztiak indartzen lagunduko du, batez ere immunologikoa, oraintxe bertan hain garrantzitsua dena. Gure pentsamenduak ezagutu eta garbitzeak, etxeko garbiketak egitea baino garrantzitsuago izan daiteekela iruditzen zait. Osasungarri diren ekintzetan jarri dezaket nire fokua, bakoitzarentzat suspergarriak direnen horiek (ariketa fisiko, meditazioa, musika instrumentuak, abestu, dantzatu, janaria prestatu, marraztu, irakurri,…).

Zergatik larritzen gaitu etorkizun garbirik ez ikusteak?
Inoiz ezagutu gabeko krisialdi estresagarri baten aurrean gaude. Aiton amonak kezkatzen gaituzte, osasunak, haurrak, lanak, ekonomiak, etorkizunak… Estimulu erreal, gertuko, objetibo eta mehatxagarriak ditugu eta kontrola galdu dugu. Honek beldurra, ziurgabtasuna, frustrazio eta haserrea eragiten digu. Segurtasuna izaten ikasi dugu gauzak kontrolpean edukiaz eta hemen dator bizitza esatera: nola heldu nahi diozu segurtasun eta konfiantzari, egun batetik bestera gauzak horrela aldatu daitezkeenean? Orain arte genituen estrategiak aldatzea eskatzen du. Iraganean trabatuta edo etorkizunean amesten pasa dezakegu bizitza, oraina bizi gabe.

Denborarekin okerrago sentituko gara edo ohitu egingo gara?
Bietatik egon daiteke. Nire helburua, ahalik eta azkarren pasatzea baldin bada, bukaezina bihurtu dakidake. Egoera esperimentatzera irekitzen banaiz, bizitzea suertatzen zaigun denbora horretan, egoerara egokitu egin gaitezke eta bertatik ikasteko dudan guztiaz jabetu naiteke.

Haserako nobedadea pasa da eta umeak urduritzen bezala sumatzen dira. Zergatik da hori? Zer proposatzen?
Orokorrean, haurrak nik uste baino hobeto daramatela esango nuke, kontutan hartuta zein garrantzitsua den beraientzat, jolasa, lagunak, mugimendua askea… Adinaren arabera, batzuek egoera hau ere ulertzea ezinezkoa egingo zaie. Honetaz gain, seguritatea eta babesa sentitzea ezinbestekoa dute beraien ongizaterako eta gaur egun, gurasook bizi dezakegun koktel emozionalak gure etxeetan arnastuko dira, gehiago edo gutxiago.

Egunak aurrera joan ahala, emozioen intentsitatea handitzen doa, emozio hauek baimendu bere intentsitatean (gu emozio horietan sartu gabe) eta zeharkatu dezala. Emozioa mugimendu bat da eta taponatzen badegu, barruan geratzen da. Aldiz, bizitzeko gonbitarekin emozio hori eraldatzen joango da, beste egoera aldarte batera eraldatuz. Deskargarako ekintzak ere lagundu dezakete: mugimenduak, saltoak, golpeak, marrazki, plastilina, buztin… adierazpena kanal desberdinetik ateratzen laguntzeko bideak eskainiaz.

Haur oso txikiak ari dira lagunen faltan bideo deiak egiten, ze iritzi duzu? Nola neurtu dezakegu hori?
Pantailak, nire iritziz, alderdi kezkagarriak ditu eta gehiago haurra zenbat eta txikiago izan. Era berean, gure bizitzan gauza asko ematen ari zaizkigu, eta gehiago orain bizitzen ari garen unean (maila pertsonal, profesional, lagun, gizarte..). Imajina ezazu etxean egon behar eta maite ditugun pertsonen berri ez izatea… Haurrentzat ere, lagunekin kontaktuan egotea garrantzitsua izan daiteke baina haurtzaroan eta batez ere, 0-6 garaian, garrantzitsuena gurasoen presentzia izango da. Kontu honetan, beste hainbat kontuetan bezala, zentzu komuna dago, sarritan ez dena hain komuna…

Jendea balkoietatik zelatan eta ikusten dugu, hori zer da zure ustez? Beldurra? Xestra giroa… Jokabide zuzena al da?
Gure jokaera ohikoa da, mundu mailako kirola ere bihurtzen duguna, besteen portaerak epaitzea eta kritikatzea. Eta balkoian zelatan ari den pertsona hori bezala jarri gaitezke, balkoian dagoenaren jokabidea epaitzen edo kritikatzen. Paradoxa. Gure begirada kanpoan jartzeko ohitura dugu eta ahaztu egiten gara, kanpoan ikusten duguna nire barruko isla dela. Kanpoan gertatzen denak, barrurako gonbita luzatzen dit, kanpoan onartzen ez dudana beharbada nire barruan onartzeko ditudan hainbat aspektuez ari zaidalako. Barrura begiratu nahi?

Hau amaitutakoan zer? Gizarteak berdin “funtzionatzen” jarraituko du?
Bueno, neuk ere ez dakit zertan aldatuko naizen ni edo nire bizimodua… Dakidana da egunerokoan eta momentukoan jarri nahi dudala nire atentzioa. Gizartearen aldaketan baino norbanako aldaketatan gehiago sinisten dut, horrek ekarriko baitu du gizartearen aldaketa. Historiak esaten digu gertaera latzen ondoren inertziak eta automatikoak betikora eramaten gaituela. Beraz, zerbait desberdina eraiki nahi badugu, ez dut beste biderik ikuskatzen gure barruko eraikuntzak aztertu eta aldatzea baino.

Sozializatzerako orduan arazorik izango al dugu?
Beste modu eta formatu batean baina sozializatzen jarraitzen dugu. Ez gaude mendi puntan inorekin hitz egin gabe. Gure bizilagunekin ere lehen baino gertuago gaude. Eta pintxo poteak ere egiteko aukera dugu, jejeje… Denbora luzean inkomunikatuta egongo bagina eragina izango lukeela ez nuke dudarik izango. Halere, horrek ez du esan nahi, gaur egungo harremanetan eta erlazioetan arazorik ez dugunik eta beraz, abilezi hauen entrenamenduak gure bizitza aberastuko luke.

Zer ondorio izan ditzake konfinamenduak?
Ez gaude nazien kontzentrazio kanpo batean. Gure etxeetan gaude eta aldi berean, gure barruan eta kanpoan mugitzen dagoen “seísmo” hau nola digeritzen dudanaren arabera marka ditzake konfinamendu honen ondorioak. Gertatzen ari denarekin, bizitzen ari zarenarekin, zer ari zara ikasten? Gelditzea eta bakoitza gure haitzuloan sartzeak, gu indartuta irteteko balio izan dezala. Eta ez bada hala, egon lasai, izango dira aukera gehiago eta!

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide