Albisteak

[ELKARRIZKETA] Nerea Mendizabal: “Jakin gabe egin dut lana, bukatu dudanean konturatu naiz liburua idatzia nuela”

Igande honetan aurkeztuko du Nerea Mendizabalek argitaratu berri duen Jirafa hizkuntza liburua. Ikasturte berrirako irakasleentzat ikastaro baterako materiala prestatzen hasi, eta, konturatzerako, bigarren liburua eskuartean zuela konturatu da uda honetan. Lehenak, makina buruhauste eman zizkiola gogoratu du, baina bigarren hau, “ti-ta, umeak bezala ezta? bigarrenak eta hirugarrenak errazago irteten dutela esaten da, kar, kar, kar!”.

Zure bigarren liburua dagoeneko eskuartean duzu.

Halaxe da, bai! Lehenengo liburua gurasoentzat idatzi nuen eta hau Jirafa hizkuntza irakasleentzako bideratua da. Beste liburua pare bat urteko prozesua izan zen, baina hau udara honetako kontua izan da. Ikasturte honetarako irakasleentzako online ikastaroa prestatzen ibili naiz. Irakasle horiei dokumentu bat osatu nahi nien, ikastaroan ikasitako kontuak gelan ikasleekin praktikatzeko proposamenen dokumentua. Gehigarri moduan edo, eta dokumentu hori prestatzen pasa dut uda. Eta konturatzerako liburua idatzi dut! Jakin gabe egin dut lana, bukatu dudanean konturatu naiz liburua idatzia nuela.

Zergatik izenburua Jirafa hizkuntza?

Komunikazio ez bortitza Marshall Rosenberg-ek garatu zuen komunikazio eredua da, eta berak bi animalia erabili zituen bortizkeria eta ez bortizkeria sinbolizatzeko. Bortizkeria txakalarekin irudikatu zuen, eta ez bortizkeria jirafarekin. Jirafa hizkuntzak komunikazio ez bortitza ordezkatuko luke, bihotzetik bihotzerako lengoaia. Izan ere, jirafa da bihotzik handiena duen animalia.

Zer jaso duzu liburuan?

Ikasleekin ikasgelan lantzeko proposamenen liburua da. Orrialde bakoitza fitxa bat da, ariketa proposamen bat. Bihotzeko hizkuntza, komunikazio ez bortitza edo adimen emozionala garatzeko ariketak daude jasota. Ariketa bakoitza markatuta dago ze adin tartetarako den egokia, baina pixka bat moldatuta edonorentzat izan daitezke baliagarriak. Ikasleekin komunikazio ez bortitza garatzeko, gatazkak kudeatzeko, autoestimua lantzeko… dinamikak bildu ditut.

Irakasleentzako mota honetako material askorik ez dago, hala?

Ba ez. Azken urteetan, eta orain Covid19aren bueltan bereziki, haurrekin emozioak landu behar direla esaten da behin eta berriz, baina irakasleek horretarako ze heldu leku dituzte? Irakasle izateko formazioan ez dira kontu horiek asko lantzen. Niri ere asko kostatzen zait, oraindik, bide horretan ikasi dudana, gero ikasleekin lantzea. Irakasleentzat ez dago emozioak lantzeko materiak askorik, baina irakasleei eskatzen zaizkie konpetentzia horiek. Beraz, nire helburua da ikasleei ariketak proposatzerakoan irakasleak ere ikastea; ikasleekin batera garatzen joateko proposamenak dira.

 

Ofizialki igande honetan ikusiko du argia?

Ba horretan nabil… Nire asmoa igande honetan Azpeitiko San Agustin Kulturgunean aurkeztea zen, baina egoera ikusita ba atzeratzekotan ibili naiz, edo formatua aldatzekotan. Azkenean, ordea, badirudi astebururako irekiko dutela San Agustin. Horrela bada, bertan izango da aurkezpena, eguerdiko 12:00etan.

Eta liburua eskuratu nahi duenak?

Ba, nire beste liburua eta materialak bezala, web orritik eska daiteke; baina zestoarren kasuan errazago izango da nirekin harremanetan jartzea ezta?




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide