Albisteak
[ELKARRIZKETA] Nora Palmitano Euskara Foroari buruz: “Denon artean diseinatu, asmatu eta erabakitzen ditugu helburuak, eta nola gauzatu. Eta horretan datza bere indarra.”
— 2024-12-03Zestoako Udaleko Euskara teknikaria dugun Nora Palmitano Astigarragara gonbidatua izan zen atzo, abenduak 2, Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako jardunaldi batera. Bertan Zestoako Euskara Foroaren esperientzia partekatu zuen eta horren inguruan hamaika galdera erantzun dizkigu gaurkoan.
1- Ez da lehenengo aldia Foroaren berri ematera deitzen dizutela, ezta?
Hau hirugarrena dela esango nuke. Aurretik, HUHEZIk antolatutako Euskara eta Kulturartekotasuna jardunaldian izan nintzen eta maiatzen UDALTOPen, Biltzeneko teknikariek beraiekin batera parte hartzera gonbidatu ninduten.
2- Zer dela eta Astigarragako gonbita?Horko herritar talde bat, udalaren laguntzaz, euskara elkarte bat sortzeko aukera aztertzen ari da. Beste herrietako dinamikak eta egitasmoak ezagutu nahi dituzte, beren proiektua definitzeko bidean. Nirekin batera, atzoko saioan, Hernaniko Dobera eta Lasarteko Ttakun elkarteetakoak izan ziren.
3- Astigarraga eta Zestoa antzeko herriak al dira?Duela hamar urte bai, herri euskaldunak, UEMAko kideak, 3.800 biztanle inguru… Baina Donostialdeko hirigintza garapenarekin, bikoiztu egin da biztanle kopurua, eta herrikide berriak gaztelaniaz bizi dira, horietako asko euskaradunak badira ere.
4- Nolakoa izan zen zure esperientzia Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako jardunaldi horretan?Beti da aberasgarria ezagutzea beste herrietako ezaugarriak eta horko euskaldunak nola posizionatzen diren horren aurrean. Eta oso ondo dator konturatzeko hemen dugun egoera pribilegiatuaz. Herritarrek egindako lanak lortutako pribilegioa dela ahaztu gabe.
5- Zestoako Euskara Foroko zer kontatu zenuen Astigarragan?Foroaren ibilbidea, gure helburuak, antolatu ditugun ekintzak…
6- Nola erreakzionatu zuten parte hartu zutenek? Galdera edo komentarioren batek harritu zintuen? Ekintzak gustatu zaizkie (ePELIan, Kontaidazu, formazio saioak, Euskaraldiaren inguruan egindakoak…). Gehien harritu zituena gehienak borondatezko lanaren emaitza izatea izan da.
7- Zure ustez, zerk egiten du berezi Zestoako Euskara Foroa beste herri batzuetako esperientziekin alderatuta? Nik uste, Euskara eta Kulturartekotasuna proiektutik abiatuta, gaia lantzeko eraiki dugun ikuspegia eta ideologia. Handiuste samar ematen du horrek, baina orain arte oso urrun ziren eta elkar baztertu zuten bi politika (euskararen sustapena eta migrazio politika) uztartzea, euskaratik lantzea, ikuspegi berri batean lotzea lortu dugu. Ideia batean adierazteko, esango nuke, euskararen erabilera sustatzetik herria euskaratik eraikitzera pasa nahi dugula.
8- Zeintzuk izan dira Euskara Foroaren lorpenik esanguratsuenak azken urteotan? Antolatzen dugun guztia herritar guztientzat izatea: ekintzak, dirulaguntzak… eta guztiak euskaratik.
9- Zer erronka ditu gaur egun Euskara Foroak, eta zer estrategia dituzue erronka horiei aurre egiteko?Erronka nagusia herritar guztien parte hartzea lortzea da. Bi estrategia aipatuko nituzke: Bat, konbentzimendua, egiten dugunaz benetan sinistea. Bigarrena, indarrak ez gastatzea besteei begira, besteek egin beharko luketenari begira. Guk geuk, norberak egin dezakeguna, hor dago giltza.
10- Zestoatik ikasitako zein ikasgai izan daitezke erabilgarriak euskararen erabilera sustatzeko interesa duten beste udalerri batzuentzat? Konbentzimenduz jardutea eta garbi edukitzea emaitzak ez direla egun batetik bestera lortuko. Jarrerak eta ohiturak aldatzea ez da erraza, oso zaila da gure confort zone, gure erosotasunetik mugitzea, are zailagoa beste inor mugiaraztea.
11- Etorkizunari begira, zein amets edo proiektu ikusi nahiko zenituzke Euskara Foroari esker? Aurrekoari lotuta eta koherentziaz, gaizki ibiliko nintzateke Foroko iparra markatuta izango banu. Foroa ez da Udalaren tresna edo baliabide. Foroan, denon artean diseinatu, asmatu eta erabakitzen ditugu helburuak, eta nola gauzatu. Eta horretan datza bere indarra.
Egin zaitez bazkide