Albisteak

[ELKARRIZKETA] Onintza Irureta: “Grebarekin ahaldundu eta duintasuna lortu zuten”

Onintza Irureta kazetari zestoarrak Morea da berde berria liburua kaleratu berri du. Joan den astean egin zuen aurkezpen ekitaldia Bilboko Bira kultur gunean. 2016an hasi eta 2017 amaiera arte iraun zuen Bizkaiko zahar egoitzetako langileen greba du hizpide Iruretarek kaleratu berri lanean. ELA sindikatuaren Robles-Arangiz institutuak eta Argiak elkarlanean kaleratu dute liburua.

Zer kontatzen du Morea da berde berria liburuak?

378 egun iraun zituen greba baten inguruko kontakizuna da. Greba horren kronika edo kontakizuna dela ulertu dute batzuk, baina ez da hori, liburuak greba horren zergatia kontatzen du. Langile borroka bat izan da: emakume langileak dira, gatazka bat daukate, borrokan ari dira eta kalera
atera dira, azken finean, borroka feminista da. Zaintzaren sektorean lanean diharduten langileen %95a
emakumeak dira. Adineko pertsonak eta pertsona zaurgarrien zaintza beti
emakumeek egin dute eta hori ez da kasualitatea.

80. hamarkadatik hasi eta sektoreak bizi izan dituen aldaketak aztertu dituzu liburuan…

80. hamarkadatik gaur eguneraino sektorean egindako hitzarmenak aztertu ditut. Guztira azken honekin bost hitzarmen egin dira eta guzti hauetan, sektorean eman den lan baldintzen eboluzioa ikusten da: soldatak, igandetako jai egunak, asteburuetako plusak…

Zein zen grebaren helburua?

Grebaren helburua zaintza erdigunera ekartzea zen. Egoitzetako langileek beren egoera salatzeko hasi zuten greba hartan euren sektorean soilik gertatzen ez zela salatu nahi zuten. Emakumeak nagusitzen diren sektore guztiak prekarizatuta daude, soilik, emakumeak direlako.

Egoitzetako langileak greban zeudela konturatzea nahi zuten baina batez ere jendeak greban zergatik zeuden ulertzea zen helburua. Borroka feminista baten erdian zeudela aldarrikatu nahi zuten, emakumeak zirelako zeudela han. Eta lortu dute, gizartea euren alde jartzea lortu dute. Orain dela 20 urte kontrakoa gertatzen zitzaien. Kalera irten eta kriminalak edo krudelak zirela esaten zieten, adineko pertsonak “abandonatzen” ari zirelako eta horri buelta ematea lortu dute.

Era guztietako ekintzak egin zituzten: manifestazioak, ibilaldiak eta belaontzian eta piraguatan ere ibili dira. Ekintzarik garrantzitsuena Bilboko Arriaga antzoki aurrean egindako kanpaldia izan zen. Han zeudela, artista, pintore, aktore, musikari eta politikari asko hurbildu ziren eurei babesa ematera.

Azkenean 2017 urte amaieran hitzarmena sinatzea lortu zuten. Grebarekin ahaldundu eta duintasuna lortu zuten. Borrokan jardun zutenek orain badakite zeren aurka doazen, asko ikasi dute.

Greba egin zuten zortzi emakumeren testigantzak bildu dituzu…

Ni, greba pasa ondoren sartu naiz historia honetan eta ez nuen mundu honetan zebilen inor ezagutzen. Bertako ordezkari sindikal batek aukeratu zituen zortzi langileak. Berak oso ondo ezagutzen zituen emakume hauek, egunero egon baitzen eurekin Bilboko kaleetan. Gehienak eskarmentu handiko emakumeak dira, langile borrokarako kontzientzia dute, baita kontzientzia feminista ere. Beste batzuk, gaztetxoagoak dira, sindikatura afiliatu gabe zeudenak baina greba garaia iritsi zenean bide hori hartu zutenak. Beste zenbait emakume heldu; 55 urte ingurukoak eta kontzientzia feminista gutxikoak, beti beldurrez bizi izan direnak, lan baldintzak edo lana galtzeko beldurrez, hauetatik asko bananduta edo dibortziatuta eta etxean karga familiarrak dituztenak.

Elkarren artean oso ezberdinak diren emakumeak dira…

Atzemate zen noiz ari nintzen eskarmentu handiko pertsonekin hizketan eta noiz ez. Eskarmentua duten emakumeak urteetan izan dira langileen ordezkari eta badakite zertan ari diren. Oso kontziente dira emakumeak direlako daudela egoera horretan. Ez dira salbuespen sentitzen, euren kasua isolatua izango balitz bezala, ikuspegi globala dute. Beste batzuk, ez. Agian itxiago zeuden, eta arazoa globalki ulertzeko zailtasun gehiago zituzten. Hauen kontakizuna oso ezberdina da, bizipen oso ezberdinak dituztelako. Greba berdina da guztientzat baina bakoitza nondik datorren eta borroka bizi nola bizi izan duen oso ezberdina da, eta hori, aberasgarria da.

  • Elkarrizketa osoa Danbolinen martxoko alean izango duzue irakurgai.

Liburua eskuragai hemen.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide