Albisteak

[ELKARRIZKETA] Xabier Aierdi: “Zestoa oso gune aproposoa izan daiteke elkarbizitza formak ondo lantzeko”

Xabier Aierdi (Argazkia: Onda Vasca)

Euskara Foroak antolatuta, immigrazioarekin lotutako zurrumurruen aurkako hiru formakuntza saio izango dira datozen asteetan Alonderon. Datorren asteartean, hilak 7, izango da aurrena. Xabier Aierdi Begirune Fundazioko zuzendariak ‘Migrazio-prozesuak: zurrumurruak eta jarrerak’ hitzaldia eskainiko du, arratsaldeko 18:00etan hasita. Hitzorduaren harira, Aierdirekin hitz egiteko tartea hartu dugu.

Zer landuko duzu astearteko saioan?
Immigrazioaren fenomenoari buruz arituko gara. Immigrazioak gure gizartean estrukturala izaten jarraituko du. Pentsatu behar dugu 30 urte barru gure erkidegoan immigraziotik eratorritako 500.000 pertsona izango ditugula. Batzuk bertan jaiotakoak izango dira, eta beste batzuk, zuzenean etorritakoak. Beraz, gizartearen laurden bat immigrazioarekin lotuta egongo da. Panorama horretan kokatu behar dugu gure burua. Gizarte horretan gaude jada, baina 30 urte barru konfirmatu egingo da, eta beste errealitate batean egongo gara.  Oso garrantzitsua da jakitea jende gehiago etorriko dela, eta horrek erronka ezberdinak planteatuko dizkigu, eremu ezberdinetan. Horri aurre egin beharko zaio eta lehenbailehen pentsatu behar ditugu horretarako politikak, ekimenak, premien azterketak… Hori da lehenik eta behin jendeari esan behar zaiona. Prestatu gaitezen hezkuntzan, lan munduan, elkarbizitza formetan… Gizarte berri batek premia ezberdinak eskatuko ditu, eta behar horiei nola erantzun jakin behar dugu. Munduari errepaso bat eman behar diogu eta planifikazio bat aurreratu. Hortik joango da lehen zatia.

Eta bigarrena?
Bigarren zatian gure gizarteak zer nolako jarrerak dituen aztertuko dugu: zer zurrumurru dauden, nola ikusten dugun immigrazioaren etorrera…

Garbi dago aurreiritzi eta zurrumurru asko daudela immigrazioaren aurrean. Nola egin diezaiokegu aurre horri?
Zurrumurruak eta estereotipoak gure gizartean oso zabalduta daude. Mundu mailako fenomeno bat direla pentsatu behar dugu, ezin dugu pentsatu hemen gertatzen den zerbait soilik denik. Estereotipo horiek aztertu eta kontrako argumentuak planteatu behar dira. Jakin behar dugu zaila dela aurreiritziak informazio errealarekin konbatitzea. Aurreiritziak sakoneko sinesmenetan oinarritzen dira. Normalean, errealitate bat kontatzen duzunean jendeak ez dizu sinesten, beste sinesmen batzuk dituelako. Sinesmen horiek berarentzat arruntagoak eta errazagoak dira, betidanik izan dituenak, eta hobeto sartzen dira bere marko mentalean.

Herri txiki eta handi bateko sinesmenak berdinak izan ohi dira?
Neurri batean berdinak direla esango nuke. Gure gizartea nahiko gizarte urbanizatua da. Testuinguruak aldatzen dira; hau da, herri txiki bat infernu handi bat izan daiteke edo, kontrako aldetik, hurbiltasun handiagoko testuinguru bat izan daiteke. Elkar ezagutzeko aukera errazagoa da herri txikietan eta horrek asko laguntzen du. Beti egongo dira pertsona batzuk uzkurrak, immigrazioaren kontrakoak eta dibertsitatea gustuko ez dutenak.

Zurrumurru eta aurreiritziei aurre egiteko bidean eredurik jarriko zenuke?
Leku askotan ari dira gauzak ondo egiten: Getxon, Hernanin, Zarautzen, Ordizian… Esperientzia onak daude. Euskal gizartean immigrazioarekiko egoera mesedegarria dugu. Zestoa oso gune aproposa izan daiteke elkarbizitza formak ondo lantzeko. Migratzaileentzat oso garrantzitsua da lana izatea baina aldeko testuinguru soziala izatea ere oso garrantzitsua da.

Zergatik gonbidatuko zenituzke herritarrak hitzaldi zikloan parte hartzera?
Immigrazioa ispilu on bat da. Immigrazioaren fenomenoarekin gizarteren kostura guztiak ikusten dira, eta horri guztiari buruz arituko gara hitzaldi ziklo honetan.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide