Albisteak

[ELKARRIZKETA] Zentroko Gaztetxeak hamaika hilabete hamaika erronka

Ia urtebete pasa da Zestoako Gazte Asanbladakoek Elizondo eraikina Gaztetxetzat hartu zuela, hamaika hilabete hauetan lan eta erronka ezberdinak izan dituzte eta asabladako Julen Odriozola eta Oihane Alberdik orain arteko ibilbideaz hitz egin digute.

Gaztetxe zaharra eta berriaren artean ze abantaila ikusi dituzue?

Aldaketaren arrazoi nagusia azpiegitura arazoa izan zen eta alde horretatik ez dago konparaziorik. Beste gaztetxeak ez du inolako segurtasun neurririk betetzen, ez aforoari dagokionean, ez suteen aurreko protokoloetan, ezta irisgarritasunari dagokionean ere; izan ere, bigarren pisuan dago eta beste hainbat eragile ezberdin daude kultur etxean. Jakitun gara gainera, guztion elkarbizitzarako ez dela bideragarria gaztetxean egiten ditugun hainbat ekintzen bitartean beste eragileak beraien eginbeharrak ondo egitea. Honez gain, eraikin zaharra ia herriko leku altuenean dago kokatuta, leiho asko eta asko ditu eta insonorizazio proiektu bat egitea ia ezinezkoa izango litzateke bertan. Gainera, herriko zentrotik ere nahiko urrun gelditzen da gaztetxe zaharra. Ikusi besterik ez dago, herriko festetan, zoroperitan, santakutzetan… zentroko eraikinak eman digun aukera. Izan ere, egun hauetan herriko jende ugari izan zen gaztetxean, bai gazte bai heldu zein umeak. Giro paregabea egon zen eta hau ez zen posible izango gaztetxe zaharra izango bagenu.

Gaztetxe berriak bi ekimen momentu berean egiteko aukera ere ematen digu, izan beheko aretoan kontzertuak edota kultur ekimenak ditugula eta goian hainbat gela eta aretoa dago, bilera, hitzaldi… egiteko.

Gaztetxe berriarekin beraz, ia arazo guztiei buelta ematen zaie, eta insonorizazioari dagokionez ere, pare bat auzolan eginda kanpotik ia ez da ezer entzuten. Momentu honetan gaztetxeko egoera ezegonkorra dela eta, ezin dugu bestelako obrarik egin, baina hala izango balitz, kostu ekonomiko handirik suposatu gabe guk geuk egiteko moduko obra bat egin genezake dena txukun insonorizatzeko.

Hainbat ekitaldi antolatu dituzue bertan, zer moduzkoa izan da herritarren erantzuna?

Ekimen asko egin dira urtean zehar eta esango genuke oso positiboa izan dela erantzuna orokorrean. Denetarik egiten ahalegindu gara, aurreko gaztetxean egiten genuen moduan, kontzertuak, hitzaldiak, formakuntzak, umeentzako ekintzak, ikastaroak… Herritar nahiz inguruko herrietatik jende asko bertaratu da eta oso oso eskertuta gaude jaso dugun babesarekin. Izan norbanako eta baita Urola bailara zein Euskal Herri osotik jaso ditugun babes mezu eta ekintzekin ere.
Jakinda gazte asanblada eraikinera sartu zenean berau ez zegoela batere baldintza onetan eta bertan zegoen zerrikeria ateratzeko eta txukun jartzeko egin behar izan ditugun auzolanak ez dute izan horrelako arrakasta, baina orokorrean oso positibo baloratzen dugu. Hala ere, esan genezake herritarren babesa beti izan dugula eta ez soilik gazteena, heldu eta ez hain helduen bisita eta esker onak ere jaso ditugu.

Martxan jarri eta Elizarekin hainbat tirabira izan dituzue. Uztailean hasitako desalojo prozesua abenduaren 7tik “berehalako desalojo arrisku egoeran” dagoela adierazi duzue, nola egingo diozue aurre?

Bai, tirabira asko izan ditugu bai Elizarekin eta baita udalarekin ere. Gaztetxea lekuz aldatzearen interesatuetako bat Udala izanik, azpimarratzekoa iruditzen zaigu berak ere jarri dizkigun oztopoak. Izan ere, guk espero genuen aurretik egin genuen kanpaina eta Udalak behin baino gehiagotan erakutsitako interesa guk pauso hau ematean babesa emango zigutela publikoki eta oraindik ere ez zaigu babes publikorik iritsi proiektuari dagokionean. Bestetik, eliza dago, hasieratik jarri digu blokeo bat, ez du hitz egiterik nahi izan eta gu saiakera anitz baten ondoren ere, ez du negoziazio biderik ireki inongo momentuan. Lehenengo prozedura penala ireki zuen ez zitzaion ondo atera eta orain prozedura zibil bat ireki du beste herriko bi gazteren aurka. Abenduaren 7aren bueltan jakinarazi genuen desalojo arriskuan geundela edozein momentuan desalojo kautelar bat espero baikenuen. Baino hori atzera botatzea lortu genuen eta beste denbora batez proiektuak bizirik jarraitzea.
Ez gara bertatik aterako inondik inora ere, eliza eseri dadila negoziatzera guk gure eskura ditugun tresna guztiak erabiliko ditugu bertan jarraitzeko eta garbi gera dadin ez dela erreza izango gu bertatik botatzea eta herritar guztiak animatzen ditugu honetan laguntzera.

Urtarrilaren 24an ZGAko bi kide epaituko dituzte, kezkaturik zaudete?

Bai kezkaturik gaude. Bi kideetako bat ez da ZGAkoa, hau epaitua izan zein negoziaketan bitartekari lanetan aritu zelako eta orain oso kezkaturik gaude 70.000 euroko kostu ekonomikoak erori daitezkeelako pertsona hauen gainean.

Apostasia kanpaina bat jarri duzue martxan eta Zestoatik haratago joan da. Ze neurritan eragin du? emaitzak lortu dituzue?

Bide egokia iruditu zitzaigun deigarria izan zitekeelako eta elizaren prestigio soziala ukituko zuelako eta esan dezakegu eragin handia izaten ari dela. Izan ere, Gipuzkoan osoan zehar zabaldu da beste hainbat espazioetatik eta emaitza ona ari gara lortzen. Aurrerago emango ditugu honen zifrak jakitera. Hemendik, eskerrak ematea espazio guzti hauei beraien elkartasun lanagatik. Emaitzak lortzeari dagokionean, uste dut lortu dugula beraiek urduri jartzea eta hori da gure asmoa.

Lanean diharduzue, zeintzuk izango dira Gaztetxearen defentsan zuen hurrengo urratsak?

Lanean jarraitzen dugu eta gainera gauza asko ditugu buruan. Hurrengo asteetan, hainbat ekimen eta egitarau antolatu ditugu epaiketaren harira eta apostasi kanpainari bukaera emateko. Desalojoa gerturatzen ari da baino honi aurre egiteko prest eta gogotsu gaude.

Egoera honen aurrean Zestoarrei zer eskatuko zeniekete?

Zestoarrei esango genieke gaztetxera gerturatzeko eta egiten diren ekimenetan parte hartzeko. Honetaz gain, martxan jarritako apostasia kolektiborako kanpainan parte hartzera animatu nahi ditugu, gotzaindegiari asanbladarekin negoziatzera eta salaketa bertan behera uztera bultzatzeko.

Honetaz gain, horrelako espazio bat izateak herriari orain zein hemendik urte batzuetara ematen dion indarra azpimarratu nahi dugu, ekintza kultural desberdinak egiteko zein antolakuntzarako beharrezkoa den espazio bat izanik.

Gaztetxea Zentrora! leloarekin agurtu dira.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide