Eloy Erentxun eta gerra

Aurreko egun batean, Eloy Erentxun (1904-1997) margolariari buruzko gauzak ekarri genituen, berari buruzko monografia batetik jasoak. Orduko hartan asko luzatu ginen eta hurrengo baterako agindu nizkizuen margolari honen gerra garaiko historiak, oso gordinak eta adierazgarriak. Erentxun ezagutzeko ez ezik, gerra garaian gauzak nola izaten ziren jakiteko ere, oso aproposak dira.
1930eko hamarkada hasieran, Cangas de Onisen (Asturias) izan zuen bere lehen lanpostua (maisua zen), baina 1933 inguruan, hango giro politikoa mikazten ari zela-eta Nafarroara aldatzea eskatu zuen. Martin Ugaldek (elkarrizketa berak egiten dio) esaten duen bezala, Asturiasen sumatu zuen indarkeria girotik alde egiterakoan ez zuen asko pentsatu Eloyk Nafarroan sor zitekeenaz. Cangasetik Zigara (Nafarroa) bidali zuten.
Gerra lehertu zenean, Arroako etxean zegoen Eloy: “Esaten zidaten: “Joan hadi”, ni ELA/STVkoa bainintzen Iruritan (Nafarroa). Arroan euskolangile asko zen orduan, baina fusilik ez. Egun batean esan ziguten heldu zirela ez dakit zenbat, eta ELAk bidali zuen herrira kamioi bat jende bila. Ni igo nintzen, baina 20 fusil bakarrik zituzten banatzeko, eta gu 300 bildu ginen, eta ez zitzaidan tokatu. Orduan, fusilak lortu zituztenak Mutriku aldera”.

* * *

Handik gutxira, Eloyk jakin zuen Zigatik Dorraora (Nafarroan, Etxarri-Aranatz aldean) pasa zutela.  Han oso egoera korapilatsuak pasa behar izan zituen, “fitxatuta” egon behar zuen-eta. “Eta fitxa?” galdetzen dio Ugaldek, eta Eloyk erantzun: “A, bai!… fitxak hala zioen: batek, ‘Nacionalista’; gero, ‘poca religiosidad’…; gero, ‘exageradamente viajero’, horrelako zerbait, eta laugarrenaz ez naiz gogoratzen… Neu oraindik Dorraon nengoen, ez ninduten oraindik nire Lodosako desterrura bidali, eta Zigako apaizei bisitatxo bat egitera joan nintzaien. Eta jakin zutenean soldata-erdiarekin nengoela, eta ‘erlijiotasun ezagatik’, haserretu egin ziren; nik organoa doan jotzen bainuen beti Zigan… Eta Iruñara joan, eta itzuli egin zidaten kendutako dirua”.
Pasarte horrek ondo baino hobeto azaltzen du nola izaten ziren orduko gauzak: nahiz eta elizan igandero-igandero meza entzun eta organoa jo, “erlijiotasun ezagatik” gaztigatu zitekeen edozein; bazterrak gustatzen zitzaizkiolako, motorrean batera eta bestera ibiltzeagatik ere “fitxatua” izan zitekeen… Eta ikusten den bezala, gaztigu gisa soldata erdia kendu egiten zioten, inolako epaiketa eta defentsa eskubiderik gabe.

* * *

Orduko giroa nolakoa zen ikusteko beste gertaera korapilatsu bat ere kontatzen digu: “Beste batean, igandea zen, Iruñeko katedrala marrazten ari nintzen izkina batetik. Bi poliziak nire dokumentazioa eskatu zidaten, eta ez nuen nirekin. Elizatik irten zen jende guztia begira pasa zen. Gero, komisariara. Komisarioa, zorionez, Izquierdo bat zen, Iruritakoa, bere anaia nire laguna, eta ezagutzen ninduen.
–Zu hemen ezezagun bat besterik ez zara! –bota zidaten– Nork abala zaitzake?
–Izquierdo jaunak.
–Ez dago… –ez nekien egia zen ala ez, baina pentsatu nuen: ‘Galdu haiz!’.
–Orduan, Calvete jaunak. –Calvete hau Iruñako pertsona ezaguna zen, neuk Zigatik ezagutzen nuen pertsona.
–Horrek ez du balio, hori monarkikoa da.
‘Orduan etorri zitzaidan Agerreren izena burura… Eskerrak ez zitzaidala izena irten, Napar Buru batzarrekoa baitzen, eta espetxeratuta zeukaten!… Gizon ona, eta Iruñean gehienek asko maite zutena… Burura etortzen zitzaidan dena abertzalea zen!… (…) Orduan, beste departamentura pasarazi ninduten. Beste poliziak aurrean: ea zer egiten nuen nik marrazten plazan eta dokumentazio gabe, nongoa nintzen… Dorraokoa nintzela, han nintzela maisu, deitzeko…’
–Ez dago telefonorik!… Gezurretan ari zara!
‘Orduan etorri zitzaidan Barandalla (…) Hori zen Pardida Libre deitzen ziotenaren buru, karlisten partida baten buru Barranka osoan, Altsasutik Iruñera! Partida horrek nahi zuen guztia egiten zuen: neska gazteei ilea moztu eta errizino-olioa har arazten zieten kontrarioei herrietan, baita Gipuzkoan ere… Mila bat ziren, Barandalla kapitainaren mende. Gainera, Altsasuko alkate zen. Neuk ezagutzen nuen, Errepublika garaian Zestoara etortzen baitzen karlisten hitzaldiak ematera. Eta, hara nola diren gauzak, detenitu ninduten egun hori baino aste batzuk lehenago gonbidatuak izan ginen Lizarragako maisua eta ni, bi maisuak, Partida Libreko ofizialitate guztiaren afari batera, Lizarragan. Hark bazekien nongoa nintzen ni… ‘Que me perdone si hay aquí –esan zuen sarrerako brindisean– algún guipuzcoano, pero no deberíamos dejar piedra sobre piedra en Guipúzcoa’ Horrela hasi zen diskurtsoa! Horrela hasi zen, ez dakit nola amaitu zen! Niri ez zitzaidan hori besterik geratu… Eta polizien aurrean nengoela orain izen hura etorri zitzaidan, eta esan egin nuen: ‘Por mí puede responder, si quiere, el Capitán Barandalla; si le llaman ustedes ahora, está en el Ayuntamiento de Echarri Aranaz, si no está en el frente’. Eta, hara, han nengoen!, eta erantzun omen zuen –niri poliziak haren aginduz esana–: ‘Ha dicho que ‘bajo mi responsabilidad’, que le dejen al señor Erenchun…’
Gizon hark bekatu asko zituen, eta egun batean, Zestoan, jende batzuen aurrean esan zidan (ni neu Don Ramon Arrutirekin nengoen, donostiarra eta Arroan zegoen apaiza zen hau, oso abertzalea, ez politikoa): ‘Eloy –esan zidan Barandallak erdaraz–, zuk badakizu nik Urbasako arazo horretan egin nuen guztia zera izan zela, karez betetako gurdi batzuk eraman, kiratsa uxatzeko’
Nik neuk gauza asko nekizkien. Beste batzuen artean, nire lagun bat bizirik bota zutela zulora eta garrasi hutsean esan zuela han behetik: ‘Soy Clemente Araña, que me saquen de aquí’… Eta han geratu zen”

“Urbasako arazo hori” zer zen azaltzea hemen ez da erraza, barru guztiak dardarka jartzen zaizkigulako. Kontua da gerra garaian pertsona mordoxka bat bota zituztela frankistek, Urbasa aldeko leize eta barrankoetan, batzuk torturatu edo/eta fusilatu ondoren, beste batzuk artean bizirik zeudela, Erentxunen testigantzak esaten duen bezala. Lagun gehien bota ziren leizeak Otsoportilo du izena eta 1980az geroztik Jose Ramon Andaren eskultura batek gogorarazten ditu gertaera latz haiek.

Beste batzuk ere kontatu zituzten Barandalla haren ibilerak eta horietako bat Danbolin-en jaso genuen, Dionisio Azkue margolariak Jose Artetxe azpeitiarrari kontatu ziona: Aizarnara etorri eta Barandallak “egin zuen lehendabiziko gauza izan zen estankoko kartela kenduaraztea, kolore errepublikanoak zeuzkalako; gero, plaza zeharkatu zuen neska bati, manga motzetan zihoalako, tapatzeko agindu zion eta, berehala, foruen aldeko diskurtso bat egin zuen, eta euskaraz bibaka aritu zen Jainkoa, Foruak, Gipuzkoa, Espainia eta Alfonso Karlos erregearen alde”.

Tira, ederki asko ikusten dugu hemen zer zen gerra; zer nolako indarra zuen zenbait jendek, zigorrik jasotzeko inolako arriskurik gabe eta, aldiz, zer nolako ahultasuna zuen beste zenbait jendek, edozein aitzakirekin zigor ikaragarria jasotzeko beldurrez. Eta askok esango du oraindik berriro ere zauriak ireki egin nahi ditugula. Zauriak ireki? Juan Gelman argentinar idazle zenak aspaldi esan zuen: “Infernua ez da amaitzen kontzentrazio esparruetako ateak ixten direnean eta argiak itzaltzen direnean; bada mende laurdena infernua amaitu zela Argentinan, eta ehun milaka lagun oroimenean txinpartaka dabilkiten bigarren infernu batean bizi dira; diktadoreak desagertzen dira eszenatik, eta berehala agertzen dira ahanzturaren antolatzaileak”.  Ba, horixe…




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide