Paperekoa
EMOZIOLANA – Mari Artano
— 2016-07-05Duela urte batzuk nire anaia batek istorio harrigarri bat kontatu zidan: belauna puskatu zuen neska batena, bere lagun bat. Nonbait, medikuek eskainitako kirurgiei uko egin eta lanketa mentala egiten hasi zen neska hori. Bere belauna bisualizatzen zuen egunero, tendoia, zuntza eta lotailua irudikatzen zituen, pixkanaka sendatzen. Belaun barrua osatzen nola ari zen ikusten zuen, begiak itxita. Eta hilabete batzuen buruan, belauna primeran jarri zitzaion.
Istorioa iltzatuta geratu zitzaidan; gure buruak sendatzeko duen indarrak txunditu egin ninduen. Ordutik ikuspuntu holistiko batetik abiatzen diren terapiek atentzioa ematen didate.
Gaur egun, eszeptikoenak ere onartuko du estresa gaitz askorekin lotuta dagoela. Hori esanda, ez zaituzte zorotzat hartuko. Emozioek eragina dute gaixotasunetan bai, baina nik gehiago esango nuke: emozioek sortzen dituzte gaixotasunak. Adibidez, guk elikagaiekin dugun jarrera erabat lotuta dago gure amarekin dugun harremanarekin. Beraz, elikadura-nahasteak dituen pertsona batek, amarekin duen harremana osatzen ez badu, alferrik ariko da dietak probatzen.
Eta are gehiago esango nuke: gure bizitzan erreprimitutako emozio edo kolpe emozionalek bakarrik ez, gure arbasoek jasandakoek ere eragiten dizkigute gaixotasunak. Gero eta gehiago entzuten da memoria transgenerazionalak gure bizitzan duen eraginaz. Alegia: zure amama edo birraitona batek bizi izandako gertaera latzek (bortxaketa, gerra, kartzela…) zure izaerarekin, gorputzarekin eta gaitzekin lotura duela.
Baina badago baldintzapen horietatik libratzeko aukera bat. Blokeatutako emozio horien kontzientzia hartuta, sendatze bidean jarriko zara. Behin, erditu aurreko beldurra nuela eta, terapeuta batengana joan nintzen; haurdunaldiko gorabeherekin hasi eta bizi guztian izan dudan bizkarreko min oso zehatz batez hitz egiten bukatu genuen. Konstelazio familiar bat egin nuen orduan eta nire amamak izandako bi ume galtzeren informazioa azaleratu zen. Nik ez nuen horren berri, gero aitaren familiarekin hitz egin eta baieztatu zizkidaten gertaera triste horiek. Lanketa horrez geroztik, ez dut berriz bizkarreko min ia kroniko hori izan. Nonbait, nire gorputzak atera behar zuen nik bi haur haiek ondratzearen arantza bizkar gainetik.
Atzo hautsitako belaunak edo duela 70 urte gertatutako zorigaitzak, biek egiten digute min. Eta bietan kontzientziazio lan bat dago: etorkizuna irudikatu eta oraina hobetu batean; iragana ikusi eta oraina hobetu bestean. Subkontzienteak ez baitaki denbora eta errealitate kontuez. Batzuetan arrazoia deskantsuan utzi eta emozioekin lan pixka bat egin beharko genuke.
Mari Artano
Egin zaitez bazkide