Albisteak

[ENBIDOA] Jon Arrue: Dozena bat, eta beste bat….

Ederra enbidoa, Izaskun! Enbidoka den bitartean eta ez ordoka, gaitzerdi!

Ba dozena eta dozena, 8 urte badira gure oilategiaren proiektuari ekin geniola, gure seme jaioberria bidelagun genuela. Poliki-poliki oiloak zaintzen, arrautzak biltzen eta merkatua egiten hasi ginen. Garai batean Aizarnan martxan egon zen oilategi zahar bat egokitu eta alokatuta hasi ginen. Aizarnan lur propiorik ez eta han pasa genituen lau urte, oiloak Potzuetako eta Joxemairen oilategiko lursailetan aztarka ibiltzen zirela. Gure hamaika buruhauste eta erabakiren artean, hasieratik garbi geneukan ekologikoari heldu nahi geniola, oiloak aske hazi nahi genituela eta kimika artifizialik ez genuela erabili nahi. Hasieratik garbi izan genuen baita ere zuzeneko salmenta egin nahi genuela, onura asko ikusten dizkiogulako horri eta bestelako ekonomia eredu batean sinesten dugulako. Duela lau urte lursail bat eskuratzeko aukera izan genuen eta buelta bat eta beste bat eta beste batzuk eman ondoren oilategi berria eraiki genuen. Garai horretan jaio zen gure alaba. Gaixo zegoen pinudiaren lekuan, fruitu arbolak landatu genituen eta bertako landaredia ere hazten ari da pixkanaka. Eta oiloek lursaila ongarritzen laguntzen digute. Urte gutxiren buruan beraiek ere gozatuko dituzte bertako fruituen mamiak eta zuhaitzen itzal eta ezkutalekuak. Oiloak zaintzetik lurra zaintzera pausua ematen ari gara, lurrari aukera ematen badiogu biziberritu eta aberastuko delako. Lurrari zerbait kendu behar badiogu bueltan zerbait eskaini behar diogula pentsatzen dugu, garai bateko baserri ereduetan egiten zuten bezala. 8 urte eta gero, bide horretan jarraitu nahi dugu. Gure ingurua zaindu nahi dugu, gure ingurua biziberritu nahi dugu, bertako bizidunekin elkarbizitza orekatuan eta armonian.

Eskerrik asko urte hauetan dozena bat edo beste, edo batzuk erosi dizkiguzuenoi. Eta baita era batera edo bestera lagundu diguzuenoi ere. Kanpotik begiratuta polita iduri dezake, eta ez dut ezetzik esango, baina bidea samurra denik ere ezin esan. Gure proiektuari bizia emateko lursaila lortzeko dozena bat ate jo genuen, eta lurrari lotutako proiektu berri bat abian jartzeko ateak jotzeaz badaki zerbait Aiora Urbietak.

Jon Arrue




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide