Albisteak

[ENBIDOA] Sabi eta umesabi

Ignacioren galderari erantzun aurretik komentatu nahi nuke 12 urtean Gasteizen bizi izan nintzela eta asko kostatu zitzaidala bizilekua Zestoara aldatzeko pausua ematea. Orain, 6 urte pasa direnean, esan dezaket nire bizitzako erabaki onenetako bat izan dela. Arrazoi askogatik: natura-ingurune ederra daukagu, jende jatorra, lasaitasuna, klima epela eta behar dugun guztia esku-eskura. Zer gehiago eskatu daiteke?

Aurreko Danbolineko galderari erantzunez, Ignaciok baserriko bizitza nolakoa ote den galdetzen zidan. Moskun jaio banintzen ere nire haur denbora, unibertsitatera joan artekoa, herri txiki batean egin nuen baratzan eta animalien artean. Baserriko bizitza oso polita da egun osoan naturan zabiltzalako, baina aldi berean gogorra ere bai. Lanak inoiz ez dira bukatzen eta ez da erraza egiteko geratzen den guztiak buruan sortzen duen ardura edo kezka alde batera uzten asmatzea. Gainera, hainbat lan data jakin batean egiten ez badira berandu egiteak ez du balio eta eguraldiak ere askotan ez du uzten garaiz egiten. Natura horrelakoa da, bizitza bezala, batzuetan lehorregi, besteetan euri gehiegi, izurriteak, gaixotasunak… Askotan ez da erraz asmatzen. Etengabe akatsetatik ikasi eta bide berriak aurkitu behar. Gu gehienbat erlezaintza eta frutagintzan gabiltza. Aurtengoa oso urte txarra izan da erleentzat klima aldaketa eta Asiako liztorraren ondorioz.

Zailtasunak zailtasun, baserriko lanak gure printzipio eta baloreekin bat egiten ere laguntzen digu: geuk antolatzen ditugu geure lanak, geu gara emaitzaren jabe, nekazaritza ekologikoan egiten dugu lan, profesionalen artean ia inork egiten ez duenean erleak Gipuzkoan mantenduz, natura errespetatuz, zirkuitu laburren bidez merkaturatuz…

Abeltzaintzako jarduerarik ez daukagu baserrian, baina asko gustatzen zaizkigu animaliak. Badakigu Zestoan etxeko animaliei laguntzeko elkarte bat badagoena, Kalekatu elkartea. Vanesa Arjona elkarte honetan boluntario moduan dabil. Vanesa, zer egiten duzue Kalekatu elkartean eta animaliak gustuko ditugun gainontzeko herritarrok nola lagundu genezake?

Tina Elovikova




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide