Albisteak
[ENBIDOA] Zestoatik Rosariora
— 2023-06-02Argentinara iritsi nintzenean, ez nuen uste Zestoako kontuekin pentsatu beharko nuenik, baina tira… Egia da ama malkoa begitik kendu ezinda zegoela joan nintzenean, baina dagoeneko ni etxetik kanpo egotea ez dela hain gogorra ohartu dela iruditzen zait.
Jada ia hiru hilabete pasa dira etorri nintzenetik, otsaila bukaeran etorri bainintzen. Nire asmoa egonaldia ahalik eta gehien luzatzea da, hasiera batean urte osorako etorri behar nintzelako, eta azkenean, urte erdira moztu zelako esperientzia, unibertsitateko kontuak zirela medio. Hala ere, denbora ondo aprobetxatzen ari naizela uste dut, hilabetean behin gutxienez bidaia bat egiteko asmoa-dugu eta, jai egunak erabiliz. Gainera diruaren balioaren aldaketaren ondorioz, kanpotik gatozenontzat orokorrean hemengo bizitza ez da garestia. Bertakoei dagokionez ordea, hunkigarria da egunerokotasunean bizi behar duten egoera eta dirua kudeatzeko duten gaitasuna.
Dena dela, Argentina guztia ezagutzeko denbora gabe gelditzen naiz, leku zoragarri asko dituelako eta astelehenetik ostiralera derrigorrezko praktikak ditudalako. Asteko lehen lau egunetan goizez joaten naiz ospitale batera, bi egunetan disfuntzio fisikoak dituzten jendearekin egiten dugu lan eta beste bietan komunitateko proiektu batean dihardugu. Ostiral goizetan berriz, osasun mentaleko klinika batera joaten naiz, hainbat gaixotasun eta trastorno dituzten pertsonekin lan egitera.
Orain arte ikusi duguna kontuan izanik, harrigarriak iruditu zaizkit bai inguruak eta baita bertako gastronomia ere. Batez ere bertako haragia da aipagarriena, gozokiekin eta enpanadekin ahaztu gabe. Gainera, oro har jendea oso adeitsua da eta beti laguntzeko prest dago, berehala konturatzen dira-eta ez naizela bertakoa. Nolanahi ere, ez dut ukatuko ni bizi naizen hiria arriskutsu samarra dela eta kontu handiz ibili behar naizela une oro.
Azkenaldian jende eta leku berriak ezagutzen ari den beste pertsona bat ere ezagutzen dut, Miren Nogales. Berari pasako nioke enbidoa, izan ere, “Herri Txiki, Infernu Handi”-ko aurkezle lanetan ari da, Pagadirekin batera. Zer nolako esperientzia ari da izaten?
Gustuko duzu lana? Antza denez, lanera joatea ez da ari izaten oso neketsua!
Jare Eizagirre Erkizia
Egin zaitez bazkide