Engranaje txiki bat
— 2017-12-01Egun hauetan bete dira 30 urte Zestoako Udalean lanean hasi nintzela. Bizitzaren erdia baino gehiago udalean. Denbora horretan bizitakoa hitz batean laburtzera behartuko banindute, hauxe da hitza: “Zortea”. (Tira, alfer-jendeak ez dauka gehiago irakurri beharrik; hemendik aurrera esango dudana hitz hori hezurmamitzea besterik ez da-eta).
Askotan esan ohi diet nire lagunei zein erraz bizi garen (naizen) gure gizartean (gehienok). Toki eder batean jaiotzea tokatu zaigu, goserik pasatzen ez den toki batean, gerrarik ez dagoen toki batean, giza eskubideak bermatuta ez bada ere maila oparoan dauzkagun toki batean… Eta hori gutxi balitz, lan on batean pasa dut gainera nire lan-denbora.
Askok ikasketak aukeratzen dituzte gero lana izateko itxaropen gehien ematen dituzten karrera horietan. Nik ez nuen horrela jokatu: Historiako karrera aukeratu nuen eta han Antzinako Historia (Egipto, Grezia, Erroma…). Salamancan, karrerako azken bi urteetan, dozena bat lagun besterik ez ginen denera; hortik atera kontuak zein minoritarioa zen nire aukera. Gaur egungo “kontsultora” igarle sasi-jakintsuek ez zuketen emango pezeta bat ere nik lana aurkitzeko aukeren alde. Hala ere, karrera bukatu ekainean eta abendurako hemen nengoen lanean, Zestoako Udalean. Horri deitzen ez bazaio zortea, zeri deitu behar zaio ba?
Urte hauetan guztietan, ikaragarrizko lana egin da herri honetan kulturgintzan. Ez da nire meritua izan baizik-eta herriko eragileena. Ni engranaje bat besterik ez naiz izan; udala, herritar, herriko elkarte eta abarrek osatzen duten “makinariaren” engranaje bat. Gaur egungo terminologia “cool” horretan asko erabiltzen den hitz bat egokia litzateke: “facilitator”. Gure esparrura ekarrita, herrian sortutako ideia, proiektu, kultur jarduera, taldeei laguntzea litzateke herri biziago, parte-hartzaileago, sortzaileago bat lortzeko.
Denon artean lan ikaragarri egin dugu azken 30 urte hauetan, eta 60ko hamarkadaren nostalgikoek nolabaiteko “itzalaldia” sumatzen badute gaur egungo kulturgintzan, gauza batzuei begiratu besterik ez dago hori horrela ez dela frogatzeko. Kultur eskaintza aldetik askoz ere eskaintza zabalagoa dago Zestoan orain 60 urte baino eta askoz ere profesionalagoa; Historian inoiz ez du Zestoako Bandak, Musika Eskolak, antzerkiak, dantzak… gaur egun duten profesionaltasunik izan. Inoiz, adibidez antzerkian –pasatako garai haietako antzerki zaletasuna berpiztu dugularik– ez dugu izan gaur egun bezalako ikuspegi zabalik eta unibertsalik (Lorca, Miller, Brecht, Chejov… eta zer esanik ez Sofokles; sekula ez ziren antzeztu Zestoan). Gaur egun, proiektu berriak daude herrian, historian egon ez direnak, Danbolin esate baterako.
Gaur egun, orduan baino mila aldiz kultura gehiago kontsumitzen da; zalantzarik gabe, zestoarren batez bestekoak orduan baino kulturaz (musika, dantza, antzerkia, zinea…) jakinduria handiagoa dauka (aldizkariak, sare sozialak…); seguruenik –begira zer esatera noan– orduan baino pelikula gehiago ikusten ditu jendeak (interneten-eta…). Seguruenik ez dago itzalaldirik; litekeena da kultura kontsumitzeko ohitura berriak izatea herrian.
Esan bezala, denon artean askoz herri aberatsagoa egin dugu urte hauetan, eta izugarrizko zortea izan dut hor guztian sikiera engranaje txikitxo bat izateaz; zortea gauzak aurrera ateratzen laguntzeko aukera izateaz (ahal izan dudan heinean eta jakin izan dudan moduan).
Mila astelehen baino gehiagotan etorri naiz lanera 30 urte hauetan eta sekula –egun batean ere ez– ez dut esan “Hau astelehena, gaur lanera joan behar!”. Hori ez bada zortea…
Luzatzen ari naiz eta bukatu egin behar dut. Ezinezkoa da hemen ondo azaltzea zenbat ikasi dudan nire lanean 30 urte hauetan; zenbat ikasi dudan kultur arloan, arlo profesionalean eta, batez ere, arlo pertsonalean. Urte hauek guztiek milaka pertsonekin harremanetan egotea ekarri didate, askorekin gainera harreman sendoa eta ahaztezina, eta hori ezin da hitzekin eskertu. Pertsona horiek den-denak, bakoitza bere mailan, nire bihotz barru-barruan daude eta bakoitzak bere hondar apurtxoa (ez dit balio hitzak: hondar apurtxoa oso txarra baita engranajeentzat), bere ukitua utzi du ni naizen bezalakoa izateko.
Bihotz bihotzez eskertzen dizuet denoi, eta ez dira hitz hutsak orain hemen zuekin ondo geratzeko. Segituko dugu lanean eta ikusi arte denoi. Esker mila!
PD: Nire gurasoei eskainia, beste inork baino gehiago lagundu didatelako ni naizena izaten.
Argazkia: “Boyhood” filman oinarrituta egin dut irudia. Filma horrek Texasko familia baten hamabi urteko denboraldia agertzen du, semearengan arreta ipiniz, sei urteko mutikoa denetik unibertsiitatera iristen den arte. Filmaren promozio irudi batean, semearen hamabi irudi azaltzen dira, zuri-beltzean, hamabi urteko aldaketa irudikatzeko.
Egin zaitez bazkide