Albisteak

[ERREPORTAJEA] Baratzea loreontzian

Alegria eta geranioen aroa pasa denik ezin esan, baina etxeetako balkoietan barazkiak landatzeko joera indarra hartzen ari dela dirudi Zestoan ere. Lau piper eta bi tomate landatzeagatik nekazari bihurtuko ez bagara ere, sinbolikoki, lurrik ez dugunok, geure barazkiren bat edo beste jasotzeak ematen duen poza sentitzeko balioko du behintzat.

Natura behatzeko gaitasuna lantzeko balio du etxean barazkiak landatuta izateak, garaian garaiko produktuak ezagutzeko ere bai. Prozesu osoa gure esku egon liteke eta horrek ondo heldutako fruitu eta barazkiak jateko aukera ematen du, eta kontzientzia ekologikoa lantzekoa ere bai. Haurrekin egiteko ariketa polita da, berdura eta barazki berriak jaten hasteko bidean, norberak erein edo landatutakoa jateak beti baitu halako grazia berezi bat.

Etxe bakoitzeko leiho eta balkoiak eta eguneko eguzki orduek mugatuko dute gure nahia; beti hobe leiho edo balkoia hegoaldera begira badago. Balkoi edo terraza handia izanda, ontzi handiagoak jartzeko aukera izango dugu eta lur ugariak, sustraientzat leku gehiago esan nahi du. Beraz, landare handiagoa hasteko aukera, kuiatxoa edo kalabazina edota tomate eta piper mota handiak esaterako.

Baina loreontzi txikiak jarri beste aukerarik ez badugu ere landa daitezke letxugak, espinakak, Cherry tomateak, piper txikiak, perrexila (urte osoan fresko izateko bi loreontzitan erein: udaberri hasieran eta uda amaieran), baratxuriak, tipulina eta baita belar usaintsuak ere (albaka, menda, oreganoa…). Marrubiak ere zoragarri hazten dira eta fruituak banaka baldin badatoz ere, ondo heldutakoa jateak ez du preziorik. Leku faltak kopuruari dagokionean ere eragiten du, leka, ilarra eta baba handi nahiz txikia egiterako orduan esaterako, ezin baita leku txikian kopuru handirik ipini.

Axun Erkizia: Iraetara bizitzera etorri ginenean, zalantzan egon ginen baratze parkean hasi edo zer egin, baina terraza izugarria genuenez, hantxe prestatzea erabaki genuen gure barazkiak landatzeko lekua bertatik bertara; piperrak, tomateak, marrubiak, perrexila, albaka, martorria (zilantroa), erromeroa eta limoi zuhaitzak ere baditugu

Bittoriano Odriozola: Gurean loreak eta beti izan ditugu, baina ilobak dena prest eskaintzen duten kit horietako bat oparitu zidan orain urte batzuk, eta horrela hasi nintzen barazkiekin. Gustatu egin zitzaidan mundu hori eta horretan jarraitzen dut

Inmakulada Alkorta: Iraetan daukat baratzea, baina haziak ereitea gustatzen zait eta hori etxeko balkoian egiten dut. Aurreko urteko haziak gordetzen ditut tarteka eta landaretxo asko ateratzen bazaizkit ingurukoei ematen dizkiet

Ane Indamendi: Orain 6 urtetik ditugu loreontzi handiak, baina konfinamendu garaian semearekin landaketak edo esperimentuak egiteko, edota landareak zaintzen ikasteko aitzakiarekin eman genion itxura berria gure txokoari. Denetarik izan dugu, baina oraintxe bertan barazkiak baino lore gehiago dugu aukeran. Denborarik ez gehiagorako! Dena den, norbere “uztatxoa” jasotzearen ilusioa ez digu inork/ezerk kentzen

Maialen Aranguren: Iaz jarri genituen aurreneko aldiz barazkiak: piperrak, tomateak eta letxugak. Aurten marrubiak ere badauzkagu. Polita da landareak nola hazten doazen haurrekin ikustea

Manolo GaztaƱaga eta Arantxa Sagartzazu: Orain dela 10 urte hasi ginen Katalunian zegoen hiri-baratzea mugimenduan oinarrituz. Handik ekarri genituen baratzak eta lehenengo teknikak ikasi. Oso aberasgarria da guretzat sukalde ondoan baratzetxo bat edukitzea. Animatzen zaituztegu!

Iraetako Baratze Parkea

Landatze mundua gustuko baduzu, baina etxean leku egokirik ez, eta beste pauso bat ematera ausartzen bazara, Iraetako Baratze Parkeak eskaintzen du beste aukera bat. Udalak berrogei baratze dauzka Iraetan. Oraintxe izan da horietako bat kudeatzeko eskaera egiteko aukera, eta dirudienez itxita dago jada izena ematea. Dena den, tarteka izaten da baratzea uzten duen norbait, eta Udaleko Ingurumen Sailean itxaron zerrendan izena eman daiteke.

Baratze bakoitzak hirurogei metro karratu ditu. Udalak herritarrei urtebeteko lizentzia ematen die ortua kudeatzeko, eta urte hori pasatutakoan berritu egiten dira lizentziak. Herritarrek baratzea eskuratzen dutenean, hogei euroko fidantza ordaintzen dute; baratzea uztean, udalak itzuli egiten du fidantza hori. Horrez gain, baratzeen urteko kuota berrogeita hamar eurokoa da. Lursaila eskuratzen dutenek, txabola eta lanabesak erabiltzeko eskubidea dute.

Jone Bergara




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide