Albisteak

[ERREPORTAJEA] Basoa: bizipen osoa

Iaz hasitako bideari jarraituz, Baso Eskola proiektuarekin dabiltza aurten ere Aizarnako eskola txikiko HHko eta LHko hogei ikasle.

Aizarnako Saletxe baserriaren gaineko basora egiten dute salto ostegun goizero, Aizarnako bi urtetik zortzi urtera bitarteko hogei ikaslek eta Oiartz Eizagirre, Zaine Rekondo, Itsaso Goikoetxea eta Itziar Aranburu irakasleek. Guztira 34 ikasle dira, aurten, Aizarnako Eskola Txikian. Haietatik 20 txikienek, eguneroko eraikin horia behean utzi eta Zestoa aldera oinez abiatuko balira bezala, aldapan gora egiten dute bidea Saletxeraino, ostegunero. Haizea da segurtasun aldetik irakasleei beldur handiena ematen diena, eta inoiz eskolatik gertu Aranburu inguruan egin dute saioa, baina euri erauntsiekin ere igo izan dira, aitortu digutenez, horrenbeste irakaspen ematen dien basora.

Kutxa Ekoguneak bultzatutako proiektua da. Gipuzkoako zenbait eskolatan proba pilotuak egin ondoren, eskola gehiagotara zabaldu zuten eskaintza, eta Aizarnakora ere iritsi zen. Haiei asko gustatu zitzaien; izan ere, besteak beste, aukera ematen du adin ezberdinetako haurrak gune berean elkartuz ikasteko, eta hori Aizarnako eskolari zoragarri zetorkion.

Iaz jarri zuten martxan, 2019-2020 ikasturtean. Oiartz Eizagirrek eta Amaia Egibarrek bi asteburuko formazioa jaso zuten, eta asmoa Ekoguneko kideekin basoan bertan beste lau saio egitea bazen ere, konfinamendua tarteko, iaz hori egitea ez zen posible izan, baina aurten egin dituzte, eta aitortu digute ondo etorri zaiela, aurtengo taldea berria baitzen.

Saletxe baserri ondoko basoa

Aizarnako Biakutze baserri ondotik Akoako galtzadarako oinezko bidea hartu, eta gainaldean bidearen eskuinetara ikusten den baserri zuria da Saletxe. Baserriaren alboan dagoen basora joaten dira ostegunero aizarnarrak. Beste bi baso ere badituzte aukeran, eta saiakera batzuk ere egin omen dituzte, baina urrutiago daude, eta momentuz honetan ari dira lanean.

Ostegunerokoa

Eskolan elkartzen dira ostegun goizero ohiko orduan, bederatzietan. Haurrak prest etortzen dira etxetik, koloretako zira elastiko goxoak jantzita, euritarako babestuta. Behetik peto moduko galtzak dira, tirante elastikoekin eta bota azpirainoko gomarekin. Goitik, galtzen kolore bereko zira moduko bat eramaten dute. Arropa eskolarena da, eta irailean haur bakoitzari neurrira ondo datorkiona uzten zaio ikasturte guztirako.

Haur bakoitzak, etxetik, aldagarri oso bat ekartzen du poltsa batean. Borobilean jarritako aulkietan uzten dituzte haurrek beren poltsak. Jarraian, asteroko zerrenda errepasatuz, denentzako basorako motxila prestatzen dute; hamaiketakoa, ura, eskuak garbitzekoa, lurrerako alfonbra, botikina…

Irakasle bat aurretik eta beste bat atzetik dutela, ibilbidean geldialdiak eginez joaten dira basora, bakoitza bere martxan, baina denak elkarren zain egonez eta tarteka elkartuz; eskolatik atera eta bidea gurutzatu aurretik, bidean putzuren bat baldin badago… Bidea dinamikaren parte da, eta patxadaz egin dute; ez da iristeko presarik izaten. Gainera, aldapa pixka bat ere badago, eta batzuei kosta egiten zaie igotzea.

Baserri parera iristean, zelaian borobilean elkartu, eta asteroko aipamen batzuk egiten dituzte; zenbat joan diren, zenbat sartuko diren basoan, eta zenbatek atera beharko duten… Arau batzuk ere badituzte; makilekin jolastu daiteke, baina bi puntak beti bistan; harriekin jolastu daiteke, baina bota ez; kolore gorriak eta horiak arriskua adierazten dute, horrek ez du esan nahi txarrak direnik, baina badaezpada ez ditugu ahoan sartuko (bolatxo gorri batzuk aurkitzen baditugu, adibidez); perretxikoekin ere kontuz… Basoa sentitzeko eta ikusteko tresnaren bat edo beste eramaten dute, xomorroak ikusteko lupa esaterako, baina ez basoa aldatuko duen ezer, eta, hala, dagoen bezala errespetatzeko kontzientzia lantzen dute.

Ondoren, bi eskuak aho parean luzatu eta oihu eginez, basoari bertan jolasteko baimena eskatzen diote: “Basoaaaaa jolastu al gaitezkeeee?”. Eta denak basoari begira jartzen dira, adarren bat edo mugitzen ote den erreparatuz.

Azkenik, basoan sartu aurretik, gogorarazten zaie protagonistak berak eta beren jolasa direla, eta irakasleak isilik gelditzen dira, bigarren plano batean, umeen jolasa behatuz, baina esku hartze zuzenik egin gabe. Hala ere, egoera desberdinetan beharra sortzen bada, gerturatzen dira irakasleak, haien presentziak segurtasuna eman diezaien.

Ordubete pasatxo izaten dute jolaserako eta ondoren motxilan eramaten duten alfonbra gainean biltzen dira berriz, eta solasalditxo bat egiten dute zertan aritu diren eta nola kontatuz. Hamaiketakoaren ondoren, ipuinaren txanda izaten da. Basoan bertan irakasleek sortutako ipuin inprobisatua izaten da askotan, han ikusitako edo aurkitutako zerbaitetan oinarritua eta ahoz kontatua.

Ipuina bukatutakoan, basotik atera eta berriro zelaian elkartzen dira. Basoari eskerrak ematen dizkiote, eta berriro zenbatu egiten dute, basoan sartu diren guztiak atera direla baieztatzeko eta, poliki-poliki, berriro ere geldialdiak eginez, eskolara joaten dira. Han, bota zikinak eta bustitako arropak kendu, atzeko atarian lagatzen dituzte, eta epelera sartzen dira arropak aldatzera.

Arratsaldean, lanketak ikastetxean jarraitzen du. Telazko poltsa batzuk dituzte nahi duenak basoko altxorrak eskolara eramateko; ezkurrak, intxaurrak, hostoak… Basotik ekartzen dutenak jarraipena du eskolako dinamikan; hostoen sailkapena, mandalak, tenperazko estanpazioak, zintzilikarioak, basoko landare, zuhaitz zein xomorroen izen eta ezaugarriekin osatutako liburuxkak, etab.

Pedagogia berderako egokitzapena

Baso Eskola proiektuak, nagusiki, hiru oinarri pedagogiko ditu. Batetik, haurraren garapen prozesuarekiko errespetuan oinarritzen da, bere erritmoa eta garapen momentuan kokatuz. Bestetik, jolas askea eta espontaneoa bultzatzen da: umeak aukera du egin nahi duena norekin eta zenbat denboran zehar egin nahi duen aukeratzeko, eta horrek aukera ematen dio berak bere burua eta dituen grinak ezagutzeko zein aurkitzeko. Azkenik, naturan oinarritzen da, jakin badakigulako gu geu naturaren parte garela eta natura osasun, ongizate, ikasketa eta sormen iturri dela.

Edonola ere, Baso Eskolako dinamikara egokitzea prozesu bat izan da. Hasieran, leku, dinamika eta talde berria izanik, egokitzeko denbora bat behar izan zuten umeek. Baina poliki-poliki umeen jolasa asko aberastuz joan dela ikusi dute. Gaur egun, basora iristen direnean, zuzenean jolasera jotzen dute denek. Askotan, aurreko astean utzitako “etxe” horrek hor jarraitzen duen begiratzera joaten dira. Gune hori betirako “etxea” izango da batzuentzat.

Naturaren aukerak baliatuz

Errealitatean eta naturan, gauzek bere denbora dute. Basoa poliki aldatzen da. Basora egokitzeak erritmo aldaketa bat eskatzen du. Basoan beren buruarekin konektatzen dute, nor garen eta nondik gatozenarekin eta konexio horretan bakoitzak berari ateratzen zaiona egiten du.

Naturak aukera ematen du gaitasun asko garatzeko. Basoan egiten diren jolasetan, esperimentazioa eta manipulazioa, jolas sinbolikoa, eraikuntza jolasa, ikerketa… ikusten dituzte. Garapen motorra eta mugimendua lantzeko ere toki aparta da basoa, eskalatu, igo, jaitsi, salto egin, zintzilikatu, arrastaka ibili… Horrelakoetan ere ikusten dituzte umeak. Baina edozeinek pentsa dezakeenaren kontrara, umeen jolasaren erritmoa oso lasaia da, naturarenarekin bat egiten du, eta jolasak ez dira mugimendu handikoak izaten.

Garaian garaikoa zer den ere ikasten dute, bizi egiten dutelako eta errealitatean ikusi guk eskolan azalpenak ematen jardun beharrik gabe; udazkenean, esate baterako, ezkurrak edo hostoak erortzen direnean, edo sanjose loreak ateratzen hasten direnean, edo bitxiloreak…

Beharrak betez aberasten

Haur, guraso eta irakasleen balorazioa oso positiboa da. Irakasleek leher eginda bukatzen dutela aitortu digute, baina ederra dela ikustea haurren jolasa nola joan den aberastuz. Haur batzuengan ezberdintasun handia ikusi dute. Ikerketek diote basoko askatasunean haurrek behar asko betetzen dituztela, eta hori segituan nabaritzen dela gero eskolan.

Irakasleen esanetan, ikaragarria izan da ikustea nola ikasgela batek ematen duena basoak ere eman dezakeen, guk kanpotik ezer jarri gabe eta gainera denei eskaintzen die zerbait, bai bi urtekoari eta baita zortzikoari ere. Bakoitzak bere gaitasunetatik eta garaian dagoen fasetik aurkitzen du bere jolasa; sinbolikoan dagoenak sinbolikoa, eta mugimendua behar duenak askatasuna.

Ederra da aldapa gora nekatuta doan haurra basora sartzean nekeak ahaztuta gozatuz ikustea. Ba al da konturatu gabe egiten dena baino ikasteko modu ederragorik?

Jone Bergara




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide