Albisteak

[ERREPORTAJEA] Bedua, zestoarron itsas-ondarea

Bedua aiatu bezain pronto bertako jatetxea etorriko zaio burura gehiengoari, baina hainbat mendetan zehar bertako portu eta ontziolari esker izan zuen izugarrizko garrantzia. Jatetxea, Erdi Aroko Zestoako lonja etxe zaharretik gertu, gelditzen den azken “hondarra” baino ez da.

Nolako garaiak izan zituen Beduako portuak? Zein motatako lanak egiten ziren bertan? Eta nolako ontziak? Guzti horren inguruko informazioa jasotzeko Beduola elkarteko Beñat Ibaieta kidearekin izan gara. 2005ean sortu zen elkartea, Zumaian, itsas-ondarea berreskuratu eta balioan jartzeko asmoz. Euskal Herriko usadiozko ontziak eraiki, berreskuratu eta zaharberritzen dituzte bertako kideek eta Beduako ontziola berreskuratzea elkartearen hasierako helburuetako bat da. Hamar urte daramatza Beñatek Beduola elkartean.

 

Beduan, jatetxearen kanpoan dagoen harrizko mahaian jarri gara, ibaiari begira. Garai batean bertan eseri eta patata tortilla eta piper berdeak eskaintzen omen zituzten. Portua, ontziola, errenteria… Berebiziko garrantzia izan zuen lekua da Bedua, Ibaietaren arabera: “Nik uste dut Zestoako herria ez dela jabetzen zer nolako altxorra daukan hemen”.

Urola ibaiaren ezkerreko ertzean, bokaletik 5 kilometrora kokatuta, Erdi Aroaz geroztik bertako portuak eta lonjak izugarrizko garrantzia izan zuten merkataritzan. Bertaraino iristen zen Zestoa, Azpeitia, Azkoitia eta Zumarragako burdinoletarako mea, eta bertatik bidaltzen zen burdinola horietan ekoiztutako burdina ere. Urte asko dira Beduan portua zela, ez dago data zehatzik, baina daudenak ez dira nolanahikoak. XVI. mendean jada badaude Beduan ontziak eraikitzen zirela dioten berriak. Jesus Maria Peronaren Mirada a las Naos Vascas del siglo XVI liburuan Euskal ontzien kokapen geografikoan Zestoa ageri da, Plentzia, Orio, Mutriku, Pasaia, Errenteria, Zumaia edota Baionarekin batera. Hala ere, lehenago Zestoako portuan mugimendua zela uste da. “Portu gisa dugun datetariko bat 1483koa da, duela 500 urtez hitz egiten ari gara” azaldu du Ibaietak. Izan ere, Juan Beltran Iraetako jaunak beste errenteria bat zabaldu zuen Narrondon. Miguel Ochoa de Beduak burdina edota bestelako lehengaien zamalan eta deskargak Beduan egin zitezen eskatu zuen, arantzel eskubideak kobratu ahal izateko. Guzti hori argitzeko, Beduako eta Iraetako jaunek Espainiako errege katolikoengana jo zuten eta epaiketa bat egin zen Serafin Mujika Gipuzkoako Artxiboen zuzendarietako baten arabera. “Pentsa duela 500 urte bi gizon hauek epaiketa batera iritsi baziren, nolako mugimendua egongo zen hemen” azpimarratu du Beñatek.

Zestoako parrokian, gainera, Areiztondo oinetxeko hilarriaren tailak aurkitzen dira eta hilarria 1468koa da. Bost ontzi ageri dira bertan, garaian itsasontziek herrian zuten garrantzia erakutsiz. Gaur egun, hilarria babesteko asmoz, koruaren azpian dago, aldare nagusiaren kontrako horman.

Itsasontziak Bilbotik, Asturiastik… iristen ziren Beduako portura burdina, lihoa, gatza… lehengai askorekin. “Gaur egungo Pasaiako portuaren gisakoa zen bere garaian Bedua”, azaldu du Beñat Ibaietak. Lili, Lasao, Azpeitia, Legazpi, Zumarraga… inguru horietako burdin guztia Beduatik sartzen zen. Beduatik sartzen ziren ontziak zuzenean Galizara edota Sevillara joaten ziren 27 tona ingururekin, eta handik Ameriketara edo Ingalaterrara. Hemendik Ingalaterrara joateko nahitaez Sevillatik pasa behar zuten, han dokumentu batzuk sinatu behar baitzituzten. Beñat Ibaietaren arabera, ontzi nahiko handiak ibiltzen ziren aurrera eta atzera Beduan “40 metroko itsasontziak eta guzti sartzen ziren”.

Zumaiatik Getariarako errepidea ireki zenean, 1884an, burdinazko zubi bat jarri zen Beduara doan itsasadarraren gainean eta portuaren erabilera mugatu zuen. Itsasontzi handiagoei bidea emateko, zubi horren arkuetako bat birakaria izan zedin eskatu arren (Orion bezalaxe), Aldundiak ez zuen eskaera onartu eta, beraz, itsasadarretik igarotzeko bidea itxita gelditu zen. “Belaontzi handiek ezin zuten barruraino sartu deskargatzera”, azaldu du Ibaietak. Zestoak itsas portu izateari utzi zion eta Beduak, Zumaiatik Getariara zihoan errepidearekin, itsas bidea galdu zuen.

 

Beduako ontziola

Beduak ez du portu izaera bakarrik. Izan ere, ontzigintza izan da bertako indargune nagusietako bat. Beduolako ontziola 1934an sortu zuten Manuel Galarraga eta Jose Maria Laskibarrek. Zumaiako Etxezarreta kalean altzari lantegi bat zabaldu zuten eta mota guztietako enkarguak onartzen zituzten negozioari lehen bultzada emateko. Itsas arotzerian trebea zen Laskibar eta eskarmentu itzela zuen. Horrela, txalupak, estropadetako traineruak, belaontziak… egiten hasi eta lantegian ontzigintza nagusitu zen.

 

Lehen etapa Zumaian igaro arren, lantegia txikiegi gelditu zitzaien eta 1941ean Beduara lekualdatu ziren. Lonja izandako haren ondoko orube batean egokitu zuten ontziolak 1.700 m2 inguruko azalera zuen. Batez ere baxurako arrantzarako txalupak egiten zituzten bertan, txalupa motordunak, gabarrak eta txanelak eta baita baporetxo batzuk ere. Izan ere, Beduan bazuten itsasontzi handiagoak egiteko aukera, baina zenbat eta handiagoak izan are eta zailagoa zen ontziak Zumaiako portura eramatea, Getaria eta Zumaia arteko zubi haren ondorioz. Beduola gerraosteko fabrikatzaile nagusia izan zen Arrizabalaga y Olasagastirekin batera. Guztira 115 ontzi egin zituztela kalkulatzen da, “asko” Beñat Ibaietaren arabera:

 

  • Baxurako ontziak 62
  • Arraste-ontziak 40
  • Baporetxoak 6
  • Txalupa motordunak 4
  • Txanelak 2
  • Gabarrak 1

 

Haritza, akazia eta galiziar pinua erabiltzen zituzten, batez ere, ontziak egiteko eta ia 32 metro arteko itsasontziak egin zituzten Beduan. 1943 eta 1945 bitarteko urteak izan ziren eskaera handienekoak baina krisialdi gogorra bizi izan zuten ondorengo urteetan. 1965ean berriz ere egoerari buelta eman eta 1974ra arte gauzak ondo joan ziren ontziolan. 1944an Manuel Urbieta bazkide egin zen baina 1955ean Laskibarrek sozietatea utzi zuen eta beste biek jarraitu zuten 1974ra arte. Beduako azken arrantza-ontziaren uretaratzea izan zen urte hartan. Gaur egun, Beduan, ontziolaren arrastoak aurki daitezke.

Naiara Olaizola




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide