Albisteak
[ERREPORTAJEA] Energia ereduak: herriko gazteen hainbat gogoeta
— 2022-02-06Garai batean ekologista bakanen kontua zena, pandemia garaiko krisialdian gizarte osoaren intereseko gaia izatera pasa da energia berriztagarrien inguruko interesa. Gure poltsikoari begira jarri gara elektrizitatearen prezioak gora egin duenean baina dagoeneko, Europako diru-laguntzei esker, betiko enpresa handiek egin dituzte beharrezko zituzten inbertsioak eta berriro ere aurretik jokatzen ari dira, energia berriztagarriekin negozioa eginez. Mundu hau gertuagotik eta ezagunen ahotik ulertzeko asmoz, herriko hiru gazterekin elkartu gara: Aitana Etxeberria (Zestoa, 1996), Aritz Odriozola (Zestoa, 1993) eta Aitor Ossarekin (Arroa Behea, 1993).
Hasteko, energia berriztagarriak zer diren azaldu digute eta gakoa non dagoen ulertu dugu: etengabe berritzen diren eta agortezinak baina aldizkakoak diren iturri naturaletatik lortutako energiak dira berriztagarriak. Petrolioa ere prozesu natural baten ondorioz sortzen den arren, ezberdintasuna energia hori berriz ere berritzeko behar duen denboran dago. Hamarkada gutxitan agortu dugun petrolioak milioika eta milioika urte beharko ditu berriz ere sortzeko. Bitartean, egurra edo biomasa adibidez, urte gutxiren buruan berritzen dira; oreka bat dago kontsumitzen dugunaren eta hazten doan materia organikoaren artean eta horregatik hain zuzen ere, berriztagarritzat jotzen da.
Aitor Ossak eman digu gakoa: “Iturriak berriztagarriak dira, baina, horiek ekoizteko dugun teknologia ez. Eguzki plaka bidez lortzen dugun energia berriztagarria da, baina, plakak egiteko behar den materiala eta kontsumo energetikoa ez eta hori kontuan hartu behar da. ”
Klika gizartean
Hirukotea ikasten hasi zen garaian, energia berriztagarriez hitz egiten zen baina proiektu asko garatzeko zeuden. Lehen ere bazeuden gai honekiko kontzientzia zuten batzuk baina koronabirusaren ondoren, are gehiago. Etxeberriaren ustez, gizartean pandemiatik hona zabaldu da gehienbat gaia, elektrizitatearen garestitzeak eta erregai fosilak agortzeak ere eragin dutela dio. Poltsikoa ukitu digutenean gehiago kontzientziatu garela uste du Odriozolak: “Orain ikusi dugu elektrizitatea eta gainontzeko erregai fosilak garestitzeak bizitzako gainontzeko esparruak garestitzea dakarrela. Ez da naturarekin kontzientziatuta gaudelako soilik, poltsikoa ere ukitzen digu eta horrek ere eragin handia du, biak lotzen dira”.
Etxeberriak gehitu du herritarron poltsikoa ukitzeak eragina duela baina enpresari handienean ere eragina izan duela: “Guri poltsikoa ukitu badigute, pentsa multinazional handiengan izandako ondorioetan. Gasa eta petrolioaren prezioak inoiz baino garestiagoak izanik, zailtasun handiak dituzte orain arteko negozio ereduarekin jarraitzeko. Ondorioz, haien estrategiak energia berriztagarrien alorrera eta kontsumo “lokalago” batera bideratzen ari dira. Etorkizun berdea da egun saldu nahi digutena, eta egundoko publizitatea egiteko gaitasuna daukate. Hori dela eta, gai hauen inguruko informazio gehiago jasotzen dugu ezinbestean eta horrek ere eragin zuzena dauka guk hartutako erabakietan”.
Ossa bat dator Etxeberria eta Odriozolarekin eta arroarrak gehitu du, aldaketa klimatikoa ezinbestekoa izan dela gizartean klik hori egiterako orduan: “Aldaketa klimatikoaz aspaldi hitz egiten da eta azken urteetan indarra hartu du gai horrek. Energia berriztagarriak aldaketa klimatikoaren konponbide gisa saldu dizkigute eta nire ustez, horren ondorioz ere hasi da jendea gaian fokua jartzen”.
2019an Argindar Elektrikoaren Autokontsumoa arautzeko onartutako Errege Dekretuak ere eragina izan duela aipatu du Etxeberriak: “Estatu espainiarrean, 2019. urtearen aurretik zegoen lege-esparruak ez zuen ahalbidetzen autokontsumoa sustatzea. 2015-2018 urteen artean, sare elektrikora konektatuta egonda, plaka fotovoltaikoak zituzten erabiltzaileek, beraiek ekoitzitako energiari zegozkion zergak eta ordainsariak ordaintzera behartuta zeuden; hau da, beraiek kontsumitzen zuten energia elektrikoa ezin zezaketen dohainik izan. Baina 2018ko urrian eguzkiari ezarritako zergaren amaiera iragarri zen, eta hurrengo urtean onartu zen Errege Dekretuak autokontsumoa dohainik izatea ahalbideratu du. Gainera, soberan dagoen energia sare elektrikora bideratzeko aukera ere eman du, horren truke, fakturan hobaria lortuta”. Ossaren ustez, dirulaguntza edo lege hauek fokua aukera bakarrean jartzen dute eta horrek gainerako beste energia iturriez gutxi hitz egitea dakar.
Trantsizio energetikoa
Sistema erregai fosiletan oinarritzen da baina hauek agortzen ari dira eta energia berriztagarriei begira jarri gara denok. Honela deskribatzen du trantsizio energetikoa zientzia.eus atariak: “Trantsizio energetikoa erregai fosilen erabilera murriztea da, eta energia-iturri garbi eta berriztagarriekin ordezkatzea”.
Gai hau mahai-gaineratu bezain pronto, biltegiratzearen garrantzia plazaratu du Odriozolak. Bere arabera energia-iturri berriztagarri gehienak aldizkakoak dira eta biltegien menpe daude: “Urte sasoi edo eguneko garai jakin batean ez badago haize edo eguzkirik biltegiratze sistemak behar ditugu energia kontsumitzen jarraitu ahal izateko. Dagoenean ekoiztu eta biltegiratu egin behar da, ez dagoenean ere kontsumitu ahal izateko. Faktore hori oso garrantzitsua da”.
Etxeberriaren aburuz biltegiratzeko teknologia ondo garatzea zaila, garestia eta oso konplexua da. “Ematen du gure kontsumo mailari eusteko irtenbide bila gabiltzala beti. Ahal bada kontsumoa igo nahi dugu gainera, eta hori ez da jasangarria. Ez dago gure egungo bizitza erritmoa jasangarria egingo duen energia berriztagarririk. Nire ustez, trantsizio energetikoa hertsiki lotua dago gure egungo bizitza ereduaren aldaketari. Kotxe elektrikoa, esaterako, garbitzat daukagu, ez baitu CO2 emisiorik egiten martxan doanean, baina orain arteko kotxe guztiak elektrikoengatik ordezkatzea al da irtenbidea? Ez al da zuhurragoa geure buruari galdetzea ea benetan beharrezkoa den nork bere kotxea izatea? Trantsizio energetikoa emateko sistema mantsotzea edo aldatzea beharrezkoa ikusten dut”.
Ossa ados dago Etxeberriarekin: “Trantsizio energetikoa “per se” esaten dena ez dut uste posible izango denik. Erregai fosilak energia berriztagarriekin guztiz ordezkatzea ez da posible. Trantsizio energetiko bat egon behar badu, beste aldaketa batzuekin lotutakoa izan behar da: gizartearen aldaketa. Gaur eguneko bizi mailaren puntara iristen ari gara, erregai fosilak agortzen ari zaizkigu eta energia berriztagarriek ezin dute dena ordezkatu. Garapenaren ideiaren preso gaude eta hortik ateratzea erronka handi bat izango da”.
“Ganorazko” politika baten beharra dago Odriozolaren ustez: “Hiri askotan ikusi izan dugu gas txapela. Horren aurrean erabaki batzuk hartu izan dira, Parisen, adibidez, duela urte batzuk airearen kalitatea maila batetik behera jaisten zenean matrikula bakoiti eta bikoitiei egunaren arabera txandakatuz hirian sartzeko aukera mugatzen zitzaien. Momentuan bertan hartutako erabakiak dira, baina argi ikusi da ez direla irtenbide bat izan. Arazo hauek sakonago landu beharreko politikak eta erabakiak hartzea eskatzen dute. Gizakiok erregai fosilak bukatu arte jarraituko dugu bestela. Batzuek klima aldaketaren kontzientziazioaren ondorioz aldatuko dute beren bizitzeko modua baina gizarte oso bat errotik aldatzea oso zaila izango da. Lanketa hori herrigintzatik egin behar dela uste dut, herrian bertan kontzientzia piztu, antolatu eta kate bat sortuz, behetik gora. Dena goitik behera aldatzea oso zaila da baina bide horretan pauso txikiak ematen joanez gero, denok pixkanaka kontzientzia garatzen joanez gero, gauza asko lor daitezke”.
Hausnarketa hiru fasetan
Hiru lagunek argi dute gizarte mailako hausnarketa ezinbestekoa dela eta hiru pausotan definitu dute hausnarketa hori:
Lehenengo pausoa bakoitzak ze kontsumo maila duen aztertzea da, ze bizimodu duen eta horrek baliabide energetiko aldetik zein ekonomikoki zer esan nahi duen. Odriozolaren ustez, kontua ez da kolpera beste muturrera jotzea “norberarentzat oinarrizko neurriak zer izan beharko lukeen ikusita, hausnarketa egitea” baizik.
Ossak dio daukaguna preziatzen jakitea ere inportantea dela eta ikusi egin behar dela hartzen ditugun erabaki bakoitzak atzetik dakartzan albo-kalteak. Automatikoki erabakiak hartzera ohitu gara Etxeberriaren ustez eta orain zalantzan jartzen hasi beharko ginateke.
Bigarren pausoan kontsumo eredua lantzea ezinbestekoa dela diote Ossak, Etxeberriak eta Odriozolak: “Kontsumitu bai, baina nola eta zein eredutan?”. Kontratatzen ditugun enpresak “zein motatakoak” diren eta “zein politika” dituzten jakin behar da: “Zergatik kontsumitu Alemaniako eztia Zestoan baldin badaukagu? Ahal den eredu etiko, jasangarri eta zero kilometrokoa behar dugu alor guztietan”, Ossaren esanetan.
Azken fasean, herri mailan ze aukera dauden eta ze pauso eman daitezkeen aztertu behar da. Fase honetan, “antolatzeak” eta “ahalduntzeak” garrantzia dutela azpimarratu dute hirurek. Herrian bertan ekoiztea eta gutxiago kontsumitzea ezinbestekoa dela uste dute.
Komunitate energetikoak
Aldaketa hori ematen hasteko aukeretako bat komunitate energetikoak direnarekin bat datoz hirurak. Ossak dio garrantzia eman behar zaiola kontsumo ereduari; hau da, kanpotik ekarriko dugun energia edo geurea sortuko dugun, herrian bertan eta auzolanean. Euskal Herrian auzolanerako joera beti izan dela nabarmendu du eta komunitate energetikoak kontzeptu horrekin oso lotuta daudela dio: “Interesa edo beharra duten herritarrak elkartu eta denen artean antolatu. Horrela lortu dezakegu naturan inpaktu gutxiago egitea, neurrian kontsumitzea, tokiko ekonomia bultzatzea eta bertan bertako erabakiak hartzea. Energiaren inguruan ahalduntzea oso garrantzitsua da, baita beste gai askotan ere”.
Etxeberriak dio komunitate energetiko bateko sorkuntza faseak tokiko ingurumenera egokitua egon beharko lukeela. Elektrizitatearen sortze prozesua deszentralizatzea eta prezioa jaistea beharrezkotzat jotzen ditu, pobrezia energetikoa saihesteko. Bere aburuz, komunitate energetiko baten garapena herri mailan egin beharreko lana da. Etxeberria, Ossa eta Odriozolaren esanetan, Zestoak berak erabaki behar du bere energia zenbat eta nola sortu nahi duen.
Teknikoki zer egin beharko litzatekeen ulertzeko Etxeberriak argibide batzuk eman ditu: “Batetik, Zestoak daukan potentzial energetikoaren azterketa egin beharko litzateke. Besteak beste, teilatuen behaketa, haietan jar daitekeen eguzki panel kopurua zehazteko; inguruko zelai zein lurrek eskaini diezazkiguketen energia-aukeren ikerketa edota auzoetako baserrietako abereen gorozkiekin bioenergia lortzeko aukeraren inguruko hausnarketa. Urola ibaiak dakarren energiari probetxua ateratzeko ere, zentral hidroelektrikoa berreskuratzea erronka polita izan daiteke. Bestetik, zestoarrok daukagun kontsumo maila zenbatetsi beharko genuke, gure herrian sor daitekeen energiarekin hura zenbateraino hornitzeko gai izango ginatekeen ikusteko.”
Norbere etxeetan pauso txikiak ematen hastearen aldekoak dira hirurak: eguzki argia aprobetxatu, etxetresnak aldatzerako orduan efizientzia energetikoari erreparatu, leiho egokiak izan… 0 euroko gastutik hasi eta 20.000 eurotik gorako gastua diren inbertsioak egin daitezkeela nabarmendu dute. “Argia piztuta ez uztetik hasi eta plaka fotovoltaikoak jartzerainoko abaniko zabala dago”.
Zestoako Udalaren asmoa
Zestoako Udalak Goienerrekin lankidetza hitzarmena sinatua du eta herrian komunitate energetiko bat sortzeko prozesua hastear da. Haserako helburua talde sustatzailea sortzea izango da, komunitate energetikoa ez da udalaren menpeko egitura bat izango, erakunde burujabea izango da. Udalaren inplikazio aktiboa, ordea, beharrezkoa izango da. Komunitateak bere kudeaketa propioa izango du eta Zestoako Udalak egokiak diren eraikin publikoetako teilatuak utziko ditu eguzki plakak jarri eta energia ekoizteko. Edonor izan daiteke komunitateko bazkide eta helburua, berriztagarrien bidez Zestoan energia ekoiztea izango da. Bazkideek ekoiztuko den energia horretaz baliatzeko aukera izango dute.
Udalak azaldu du, energia ekoizteaz gain, energiaren erabilera egokia egitea ere ezinbestekoa izango dela: “Komunitateak ez du irabazi asmorik izango, larrialdi klimatikoari aurre eginaz, burujabetza energetikoaren bidean Zestoan egingo dugun urrats herrikoi garrantzitsua izango da”.
Jone Bergara
Itsaso Waliño
Egin zaitez bazkide