Albisteak
[ERREPORTAJEA] Gorrian gorri
— 2023-07-19Odol emaileen eguna izan zen ekainaren 14an. Egun hau aitzakia hartuta azken odol ateraketan izan gara.
Elkarteko kideek eta emaileek kontatutakoak dakarzkizuegu ondorengo lerroetan.
Konturatzen ote gara guri edo inguruko norbaiti odol transfusioa egiten diotenean, odol hori emaileei esker jaso dugula? Elkarteko kideen ustez eskubidetzat dugu odola jasotzea eta ez da hala. Kontzientziazio lan handia dago egiteko gizarte mailan jendea kontura dadin borondatez ematen den gauza dela odola, oraindik ez garela artifizialki sortzeko gai.
2016an ordura arte urte askoan lan pila eginda zegoen odol emaile taldeak errelebo eskaera egin eta bost emakumek hartu zuten elkarteko ardura. Gustura daude, baina katea eten ez dadin, atzetik sartzeko prest dagoen jendea ikusi nahiko lukete.
Bi hilabetetik behin egiten dira Zestoan ateraldiak, eta kideen zeregina izaten da zerrendak begiratu eta odola emateko moduan direnak gonbidatzea. Emaile berriak lortzen ere saiatzen dira, gainera, askotan, emaile berriek beste norbait erakartzen dute.
Egunean bertan, mokadutxorako erosketak egiten dituzte. Ogia herriko okindegiek doan ematen dute eta oso eskertuta daude elkartekoak. Osasun langileei harrera egin eta dena prestatzen dute. Arratsaldeko 16:00etatik 20:30ak bitartean egiten dira ateraketak.
Pedro Cabanillas gidari-zeladorea
Kasualitatez hasi zen lanean. Hilabeterako baja bat betetzeko sartu eta lau urte daramatza. Garai batean furgonetaren ordez kamioitxoa erabiltzen zuten, eta beraz, kamioiko gida baimena behar izaten zuen odol garraiolariak. Orduan, zeregin horretan zebilen gidaria bajan zegoela eta, kamioiko gida baimena zuen norbaiten bila hasi eta horrelaxe sartu zen Cabanillas mundu honetan.
Bajak, oporrak eta irteera bereziak estaltzen ditu. Gidari-zeladorea da bera eta horretarako formazioa jaso zuen. Odol poltsak jaso, datuak apuntatu eta norbait mareatzen bada esku-oheei eusten laguntzen du. Behin lan horiek amaituta, jasotako odol guztia Donostiako Lekuona zentralera eramaten du, eta handik beste garraiolari batek Galdakaora, han baitago Euskadiko laborategi nagusia.
300 emailetik gora gerturatu dira Alonderora
Jare Huegun eta June Iraolagoitiak bigarrenez odola eman ahal izateko ez da behar beste denbora pasa, baina Danbolin etortzekoa zela jakinik, gazteak animatzeko mezua zabaldu nahian gerturatu dira Alonderora.
Aurten bete dituzte 18 urte. Hori da odola ematen hasteko adina. Jarek kuadrillan bota zuen proposamena eta June animatu zen. Iraolagoitiak betidanik izan du odola emateko asmoa, bere amak anemia izaten du eta inoiz odol transfusioren bat ere egiten diote. Garbi zeukan 18 urte egindakoan emaile izango zela. Jare, 18 urte bete zituenean, amak animatu zuen odola ematen hastera. Kuadrillako batzuk orratzaren beldur dira, baina berak animatzen jarraitzen du.
Aurreneko aldi hartaz galdetuta, esperientzia ona izan zela esan digute, eta berriro ere emango dutela. “Etzanda jarri gintuzten, oso tratu ona jaso genuen eta ez ginen ez mareatu eta ez ezer. Ez da horrenbesterako, minutu bat da eta ordutegia ere zabala da, tarte bat hartzeko aukera ematen duena. Denbora gehiago pasatzen da medikuekin eta galdetegia pasatzen gero ematen baino. Gainera, urtean 3 aldiz ematen dugu emakumeok eta gizonezkoek 4 aldiz. Ez da konpromiso handia”.
Idoia Etxeberriak ehun eta hogei bat aldiz eman du, eta ez odola bakarrik, plaketak eta plasma ere bai. Baina hori egiteko Donostiara joan beharra dago oraindik. Herriren batean edo bestean egiten hasita daude eta ea laster Zestoan ere horretarako aukera dugun.. Ordubete inguruan makina batek odola atera, plaketa eta plasma hartu eta berriro odola gorputzera sartzen du, tartekatuz.
Jeremías de França brasildarra da. Orain dela ia hiru urte etorri zen lanera eta orain dela urte eta erdi ingurutik emaztea eta alaba ere hemen bizi dira. Brasilen odola eta hezur-muina ere ematen zituen. Zestoan gaur eman du aurrenekoz. Gustura sentitzen dela odola ematen duenean aitortu du. “Oso garrantzitsua da eta bizitzak salba ditzake elkarbanatu dezakezun ordubetetxoak. Mundu guztia animatu nahiko nuke eta dei bat egiten dut hemendik” dio.
Jon Irure bere lagun Xabier Etxaberekin batera hasi zen odola ematen. Bien aitak odol emaileen taldean zebiltzan garai hartan. Irureren aita herriko anbulantziarekin ibiltzen zen. 18 urte egin berritan hasi zen odola ematen eta ahal duenean ematen duela kontatu digu. 76 aldiz eman du. Aitak leuzemia eduki zuela eta odol asko behar izan zuela ere esan digu. Soldaduska garaian ere emanda dago Leonen larrialdi batean. “Ez da batere kostatzen eta asko balio du, gorputzak berriro ere sortu egiten du berehala, gainera” esan digu.
Odola eman aurretiko eta ondorengo gomendioak
Momentuko borondatea bakarrik ez da nahikoa odola ematerako orduan, ordea. Gorputzak ere erantzun egin behar du, eta baldintza guztiak bete. Erizain batek ikusten ditu aurrena emaile guztiak. Pisua eta adina galdetu (50 kilo baino gehiago eta 18-60 urte bitartean izan behar dira), tentsioa hartu eta anemia begiratzen ditu behatz puntan ziztadatxoa eginda. Medikuaren galdeketa pasa behar da ondoren; azken aldiko gaixotasunak, ebakuntzak, piercing, tatuaje, akupuntura, gastroskopia edo antzeko frogak, dentistarenean izan al zaren, drogak kontsumitu dituzun, haurdun egon zaren, ohikoa ez den norbaitekin sexu-harremanik izan al duzun, atzerrira bidaiatu al duzun… Zer ez du galdetzen! Baina denak dira beharrezkoak emailea bera ez ezik, odola jaso behar duena ere babesteko.
Papereko galdetegiko erantzunez gain, aurrez aurrekoan jasotako informazioak ere eragin dezake. Esfortzu fisikoa ere kontuan hartu behar da. Kirola egin daiteke odola eman behar duzun egunean, baina ateraldi aurretik zerbait jan eta 2-3 orduz atseden hartzea garrantzitsua da. Tripa hutsean ez da komeni odola ematea eta ondo hidratatu eta alkoholik eran gabe eman behar da.
Ateraldi ondoren, esfortzu handirik ez egin, ondo hidratatu eta alkoholik ez edatea aholkatzen da. Ez erretzen ere saiatu behar da odola eman eta segituan, eta azkenik, gidatu aurretik, 20 minutu pasatzea ere komenigarria da.
Guztira 325 emaile inguru dauden Zestoan; 159 emakume eta 166 gizonezko. Arrazoi bat edo beste tarteko, guztiek ez dute ematerik izaten beti ordea, guztira 52 lagun inguru gelditu izan ohi dira eman gabe. Hurrengoan beharko du! Ea emaile berriak animatzea lortu dugun. Apuntatu agendan hurrengo hitzordua: uztailak 21, ostirala.
Jone Bergara
Egin zaitez bazkide