Albisteak

[ERREPORTAJEA] Lo-herri ez bilakatzeko, esna ametsetan

Arroabean badakite zer den antolatzea, zer den auzo-lana, zer helburuak lortzeko borrokatzea, elkar hartzea, elkarri entzun eta laguntzea. Tokatu egin zaielako agian, horko Jazzberri, bide gorri eta eskola berri. Bertsotarako puntuak dirudite, baina premiak izan dira, arazoak eta beharrak. Zortzi bat urte badaramatzate Herri Hezitzailearen filosofiarekin lanean, eta horrek bere emaitzak eman ditu: Sakulupe parkea, eskola berria egin zenean hutsik geratu ziren lokalen txukunketa eta erabileraren antolaketa, Eskola Txikien festa… Arroabea asko hazten eta aldatzen ari da denbora gutxian. Etxe berri mordoxka egin dira azken urteetan, eta beste horrenbeste amaitzear daude. Aitzakia gutxiagorekin egingo ziren hamaika prozesu parte-hartzaile. Hezkuntza ikuspegi zabala oinarri hartuta, Arroabeko eragileak saretuko dituen elkargunea sortzea eta bizilagun berrien olaturako prestatzea dituzte orain helburu nagusi.

Oinherrirekin pausoz pauso

Zestoako Udalaren eta Oinherriren arteko harremana 2016tik dator. Heziketa haurtzarotik bizi guztira eta etxe nahiz eskola eremutik komunitate osora zabaltzen du Herri Hezitzailearen filosofiak. Oinherriko Maite Azpiazu hezitzailearen arabera, Herri Hezitzailearen filosofian “egunero ikasten dugu, eta etengabe gara hezitzaileak”. Hezkuntza modu zabal eta transbertsalean jorratuko dute Arroabean. Oinherriren esanetan, epe luzerako arrakasta lortzeko ezinbestekoa da hezkuntza-komunitateak elkarrekin lan egiteko erronkak identifikatu, eta partekatutako estrategiak garatzeko espazioa sortzea, horrek aukera emango baitu etorkizun sendo eta parte-hartzaileagoa eraikitzeko.

Aurreneko saioa

Hiru saiotan banatuko da programa, eta aurrenekoa urtarrilaren 16an egin zen. Edozein Herri Hezitzaileren programa aurrera eramateko ezinbestekoak diren osagai nagusiak bildu ziren han: eskola, Udala eta herria. Norbanakoez gain, guraso elkarteko kideak, festa batzordekoak, Arroako Gaztetxekoak, auzo elkartekoak, haur-eskola, eskola, Txara eta Bakuneko ordezkariak eta udaleko zinegotzi arroarrak bildu ziren Oinherriko Maite Azpiazu hezitzailearen gidaritzapean. Guztira 18 lagun. Muskulua dagoenik ezin ukatu. Aurreneko saio hartan, orain artekoez aritu ziren; indarguneak eta ahulguneak, ikasitakoak eta erronkak identifikatu zituzten, hiru taldetan banatuta.

Talde txikitan hitz egindakoaren berri elkarri ematerako orduan, argi gelditu zen auzo aktiboa eta lanean dakiena osatzen dutela; talde asko daude, eta auzotarrek badakite haietan asko balio duten boluntario iniziatibadunak eta konprometituak dituztela. Lan horrek bultza egiten die, auzotarren artean gertutasuna dago, eta belaunaldi jarraipena ere bai. Bestalde, Arroabea leku estrategikotzat jotzen dute: ondo kokatua dago, Sakulupe parke zoragarri du, eta zerbitzu minimoak baditu.

Prozesu parte hartzaileetan esperientzia duten auzotarrak elkartu ziren saioan. Ikasia dute gauzak lortzeko auzolana egiten, besteen beharrak ikusten eta parte hartzeko modu eta erritmo ezberdinak errespetatzen, baina oraindik badituzte erronkak, eta horiei helduko zaie hurrengo saioan. Talde asko bai, baina denak batu eta saretzeko premia nabarmendu zen aurreneko saioan, besteak beste, eta bizilagun berriei harrera nola egin ere aipatu zen.

Beste bi saio aurretik: otsailak 6 eta martxoak 12

Otsailaren 6ko saioan, arroarrek amestuko dute nora joan nahi duten, eta ipar konpartitu bat eraikiko dute. Norabide horretan, erronkak definitu eta lehentasunak adostuko dituzte. Azken saioan, martxoaren 12an, elkarlanerako gunea izango den elkarguneari forma emango zaio: maiztasuna eta funtzionamendua adostu, elkarrekin egiteko ekintzak eta baliabideak identifikatu…

Auzotarrek egin nahi duten Arroabea diseinatzen parte hartzera gonbidatuta daude auzotar guztiak.

Lorea Ilundain. Auzoerria eta baserriak udal batzordeko burua: Arroabean egiten dena izan dadila eredu gainontzeko auzoetarako eta herrigunerako ere”.

Udalak prozesu parte hartzaile hauetan sinisten du, eta martxan jarrita bultzatzen ditu. Izan ere, Udalarentzat herritarren inplikazioa ezinbestekoa da herria egiteko.

Udalaren eta Oinherriren arteko hitzarmena berritu da aurten. Ikusi genuen Arroak bazeukala urteetako parte-hartze dinamika bat, eta horregatik erabaki da aurten Arroabearekin jartzea prozesua martxan, gurpilak bueltaka jarrai dezan. Arroabean egiten dena izan dadila eredu gainontzeko auzoetarako eta herrigunerako ere, eta, aldi berean, Oinherrirekin hasitako prozesu hau izan dadila datozen erronkei ere erantzuna emateko erabiliko dugun dinamika.

Kasu honetan, auzotarrok ezagutzen ditugu ondoen auzoak dituen erronkak, eta auzotarrak gara aproposenak erronka horietarako ahalik eta erantzun osoena diseinatzeko. Gainera, Arroako eragile guztietako ordezkariez gain, udal ordezkariok ere parte hartuko dugu, eta, beharraren arabera, baita udal teknikariek ere. Erantzun hori denona eta denontzako modukoa izango da. Arroarrok esaten dugun bezala: “herritik eta herriarentzat”. Eragile guztiekin osatutako elkarguneak indarrak hobeto bideratzen lagunduko digu. Horrez gain, amaitzear dauden etxeen kontua ere hor dago, eta datozen bizilagunei nolabaiteko “harrera” egitearen gaia ere landu beharrekoa iruditzen zaigu, bai auzotarroi, baita Udalari ere.

Miriam Aizpuru, Ezkaizto auzo elkarteko kidea eta Herri Hezitzaile dinamiketako parte hartzailea hasieratik: “Filosofia honetan egindako bidean atzera begiratu dugu, aurrea nola dantzatu jakiteko.”

Lan filosofia eta dinamika baten funtzionatzeko modu honen sinismenean eta konbentzimenduan pauso bat gehiago da hau. Bide bat egitetik gatoz, eta hemen egoteak baieztatzen du bide horretan jarraitu nahi dugula. Filosofia honetan egindako bidean atzera begiratu dugu, aurrea nola dantzatu jakiteko. Bizipen hau oinarri izatea nahi dugu. Zenbat eta parte hartzaileagoa egiten dugun, aberasgarriagoa izango da, eta herri aberatsagoa izango dugu.

Oraindik beste bi bilera falta diren arren, aurrera begira ditugun erronkak identifikatzen hasi gara. Batetik, denok uste dugu garrantzitsua dela eragileak ordezkatuta egongo diren marko bat edukitzea; talde bat, bilduko dena bilerak egiteagatik egiteko dinamikan erori gabe, motxilan pisu gehiegi hartu gabe, maiztasun gehiegizkorik gabe, eta, aldi berean, ilusioz eta umorearekin, gure herria egiteko gogoz, dinamika bateratu bat aurrera eramateko. Behin lagun bati entzun nion bezala —eta ordutik nik askotan esaten dut—, “umorerik gabeko iraultza gorringorik gabeko arrautza baita”. Bestetik, aurreneko saioan azpimarratu da, baita ere, erronka handia dugula harreran; bai jada bizitzera etorrita daudenei, eta, batez ere, epe motzean entregatzera doazen etxeetara bizitzera datozenei egin beharrekoan.

Auzolanaren emaitzak

Duela urte batzuk, eskola berria eraiki zen garaian, egin zituzten Arroabean antzerako prozesu parte-hartzaileak, eta nabarmena da onurak ekarri dizkiotela auzoari.

Lokal hutsen antolaketa eta Sakulupe parkea

Eskola berria egin zenean, ordura artean eskolak erabiltzen zituen gelak hutsik geratu ziren, eta haiekin zer egin erabakitzeko ere parte hartze prozesu bat egin zen. Orduan ere hainbat adinetako jendeak hartu zuen parte. Elkargunea, ludoteka, gaztetxea, bilera gela, yoga, dantza eta antzekoak egiteko pare bat gela… definitu zituzten guztien artean.

Eskola Txikien festan, eskola aurreko zelaiak protagonismo handia hartu zuen, eta zelaiari zuku gehiago ateratzeko ideia piztu zen. Zelai bat zena topaleku eta jolasleku bilakatu zuten, fokua, emaitzan baino gehiago, prozesuan jarrita.

Eskola herrigunean zegoenean, haurren presentzia handiagoa zen kalean. Eskola berrira joan zirenean, berriz, pixka bat banandu egin ziren eskola eta herria, eta hortik atera zen zelaian zerbait egiteko premia. Orain Sakulupe parkea dena belaunaldi, jatorri eta genero guztien topaleku izatea nahi zuten, eta horregatik eman zitzaion garrantzi handia parte-hartze prozesuari. Hiritik At kooperatiba eta Oinherri izan zituzten orduan bidelagun.

Umeekin batzar irekiak egin, haien beharrak identifikatu, lehentasunak zehaztu eta interbentzioa nola egin pentsatu zuten. Auzolanean 60 lagun inguru ibili ziren: bide eta lur tontorrak egin, gurpilak margotu, eserleku zaharrak berritu, hodiak jarri… Tirolina eta egurrezko mahai eta eserlekuak ere jarri ziren… Hainbat eragilek elkarrekin egin zuten lan, eta horrek asko lagundu zuen auzo izaeran. Prozesuan parte hartzeak lagundu zuen parkea eurena sentiarazten eta zaintzen.

Biztanleria gorantz

Arroabeko kaleetako herritarren erroldak begiratu ditugu. Gaur egun 471 biztanle bizi badira ere, 2009aren amaieran 302 bizilagun ziren. Eragin zuzena izan dute 2004an Narkis Balentziaga kalean egindako 40 etxebizitzek (gaur egun 114 pertsona daude etxe horietan erroldatuta), eta baita 2010ean Olaetan egindako 60 etxebizitzek ere (173 pertsona daude erroldatuta).

Beste 89 etxebizitza amaitzear daude, eta, urtea bukatzerako, Arroabeko erroldak 200 bat bizilaguneko beste igoera bat izatea aurreikusten da; 15 urtean bikoiztu egingo da auzogunea.

Jone Bergara




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide