Albisteak

[ERREPORTAJEA] Lurra leitzen duen gizona

(Martxoko Danbolin aldizkaritik (225.zenbakia) datorren erreportajea)

Goizeko zortzi eta erdietan elkartu gara, Iraetan. Lehendik ezagutzen ditugun parajeetan ibiliko gara, baina inoiz ez bezala ikusiko ditugula barrundatzen dugu. Izan ere, Josu Narbarte dugu gaur gidari, eta Josuk paisaia, lurra, leitzen daki. Automobila martxan jarri eta Aizarnarantz abiatu gara.

Aizpeltzerrekaburua (Etumetako bidegurutzea, 513 m.)

Gure bazterrak… Zer ikusten du Narbarteren begiradak

Lehen geldialdia udalerriko begiratoki garaienetako batean. Talaia bikaina da. Zer ikusten duen kontatzeko eskatu diogu. Megalitoetatik eukalipto basoetara, hainbat mila urteko historia eskola.

Elementurik zaharrena Santa Engraziako gaina da –gero joango gara hara, ezta?– baina aurrez aurre Izarraitz daukagu, eta hortik hasiko gara. Erlo magalean badakigu historiaurreko okupazioak izan zirela, Brontze arokoak, metalurgiari eta ganaduari lotuta. Badakigu Erdi Aroan bazeudela Izarraizpean zenbait saroi Azpeitiak, Zestoak, eta Iraetako jaunak partekatzen zituztenak. Bista gertuago ekarrita, hemengo baserriak: Ariztain, Sorabil… eta, berriz bista luzatuta, Etorra eta Endoiakoak ere ikusten ditugu… Seguru asko hauek ez dira eskualdeko zaharrenak, izan ere, jendeak pentsatzen duenaren kontrara, mendian sakabanatutako baserriak berrienak dira; lurrik txarrenak hartzen dituzte, herrietakoak, erosoenak, hartuta daudelako”.

Hemen aurrean botatzen hasita dagoen pinudi zabal hau ere oso interesantea da. Markesbasoa toponimoa gorde da hemen. Eta Zestoako udal artxiboan bada dokumentu bat, XVI. mendekoa, azaltzen duena nola ingurune honen jabe zen kontzejuak lurrak ustiatzeko eskubidea burdinoletako jabeei saldu zien; Iraetako jaunari, Altzolarasko jaunari, Liliko jaunari… Orduan utzi zion mendi magal honek kolektiboki kudeatutako herri-lur izateari. Eta ordutik, intentsiboki esplotatu zuten burdinola horietarako egur-ikatza lortzeko”.

Publikoak, herriarenak, diren ondasunak pribatizatzea ez da, beraz, atzo goizeko asmakizuna…

Herri-lurrak masiboki saltze hori frantsestearen (1808-1814) ostean gertatu zen batik-bat; Napoleonen armadaren aurkako gerrak eragindako zorrak ordaintzeko. Zestoako udalak, basoak eta lurrak ez ezik herriarenak ziren baserri, taberna, eta errotak ere saldu zituen. Hainbestekoa izan zen saldu behar hori, Zestoak gaur egun ia ez duela herri-lurrik. Horregatik Izarraitzera begiratuz gero, pinu-landaketa izugarri handiak daude, XIX. mende hasieran jabe pribatuek erosi zituztelako lursailak, eta gero industrializazioak ekarritako paper-lantegientzat landatu zituztelako pinuak. Eta beste kontu interesantea da, Markesbasoaren erdia pinuz hustu dutela; paper industria gainbeheran dagoelako, eta pinuak azken urteotan zenbait izurrite pairatu dituelako, 2017ko banda marroia azkena. Azken kapitulua da Lasaon landatzen hasita dauden eukalipto basoak; horrek izugarrizko aldaketa ekarriko dio egungo paisaiari eta zein ondorio izango dituen oraindik ez dakigu. Baina Bizkaian, Galizian, Portugalen… argi ikusi dute eukalipto landaketek, alegia, espezie bakarreko ekoizpenek, eragin kaltegarri oso larriak dituztela. Lurra pobretu, ura kutsatu, eta biodibertsitatea txikitzen du horrek. Aranzadik egindako ikerketa batek ere frogatu du hori. Hori da, beraz, zientziak dioena, gizarte bezala ikusi behar duguna da arrisku horiek onartzeko prest ote gauden eukaliptoak ematen duen etekin ekonomikoaren truke.

Santa Engrazia, 507 m.

Gure bazterrak… Ermita baino lehen, gaztelua?

“Urteak daramatzat pentsatzen Santa Engrazian gaztelua egon behar zuela… Ez da inongo agirietan aipatzen, baina ni konbentzituta nago”.

Erdi Aroan transhumantzia luzeko bideak zeuden Nafarroatik Gipuzkoako kostaldera. Gaztelu horiek abeltzaintza bideak zaintzeko postu estrategikoak ziren. Eta Santa Engraziak horrelako gune baten ezaugarri denak ditu: Erniotik kostaldera doazen bideak oso ondo zaindu daitezke bertatik; Aizarnako harana ere primeran ikusten da; eta gainera ermitaren azpian plataforma mardul bat dago, metro pare bateko betelana duena”. Indusketa batek ez al luke argituko misterioa? “Hor arazoa da mendi biluzi samarra dela eta galdu ez diren aztarnak, egotekotan, ermitaren azpian egongo direla, betelan horretan…” Eta ermita aurreko atari horretan ez al litzateke ezer agertuko? “Modu bakarra dago jakiteko! [kar, kar, kar…] eta ni prest nengoke saiatzeko”.

Aizarnara estreinako aldiz orain goazen bidean barrena iritsi zen Narbarte, Etumetako bidetik behera. Liluratuta geratu zen. Parajearekin, herriarekin, isiltasunarekin… Ordurako bere ikerketarako kokagune bila ari zen gainera, eta “hauxe, bai, toki egokia” pentsatu zuen. Badakigu bere ikerketaren berezitasuna lurrean zundaketak egitean datzala, eta galdera bota diogu: Nola erabakitzen duzue non egin zuloa? Eta hirugarren geldialdia egitea proposatu digu.

Aranguren baserri alboko soroa 244 m.

Gure bazterrak… Nola egin zituzten?

Arangurengo soroa “artxibo perfektua” dela dio Narbartek; “tesiaren erdia behintzat zor diot soro honi”. Begiz igarri zion hor probatu beharra zutela. “Berez ‘V’ itxura zuen haran honek, eta gaur egun ere nabarmena da betelanaz lautu zutela, lurra landu egin ahal izateko”.

Narbartek eta Eneko Iriarte geologoak frogatu dute Aizarna eta Akoako soroak VI. mendean sortu zituztela: “Ordura arte baso zen Akoa. Su emanaz ireki zituzten soilguneak, eta errautsak erabili zituzten betelan eta ongarri gisara gaur egun dauzkagun soroak sortzeko. Akoarretxea eta Akoabarrena baserrien artean egindako zundaketek frogatu dute hori. Aizarnako Aranguren baserri ondoko soroa ere garai berean egin zuten”.

Hori dena jakin dute ateratako lur laginen zatirik sakonenak aztertuz. Laginean gorantz eginaz, geruzaz geruza, informazio gehiago: “VI. mendetik XIV. mendera arte kudeaketa modu bera mantendu zen, laborantza, lurgorri eta ongarritze suteak txandakatuz”. XV. mendean uholde handiak izan zituzten. Zundaketan garai horri zegokion tartean legarrezko geruza bat aurkitu zutelako dakite hori. Legar horretan ez zegoen material organikorik, ez sua erabili izanaren arrastorik, beraz uholde batek ekarria izan behar zuela ondorioztatu zuten. Datazioak XV. mendekoa zela esan zien gainera, eta hori da Europan Izotz Aro Txikiaren hasiera. Klimaren hozteak prezipitazioen maiztasun aldaketa eragin zuen gurean, eta horrek uholdearen hipotesia indartzen du. Legar horren gainean beste betelan bat: XVI. mendekoa. Gaur egun inguruan dauden baserriak bertan ziren ordurako.

Bigarren betelan horretan, bi fase bereiz zitezkeen garbi; gainekoan “pinporta txuri pila bat” ageri zirelako buztinarekin tartekatuta. Karea. Lurzoruaren analisietan ere ezagun zuen karearen erabilera: “Jatorrizko buztinak ez du kaltziorik eta bat-batean izugarrizko kaltzio kontzentrazioa agertzen da”. Pinporta horiek azaltzen diren zatia XVII-XVIII. mendekoa da. Zerk azaltzen du hori? “Artoak. Artoa sartzeak errotazio ziklo intentsiboagoak ekarri zituen artoa eta garia txandakatuz eta lurgorria bertan behera utziz. Lurrak, baldintza horietan emango badu, ongarria behar du, simaurra. Eta ongarri organikoak lurrari eragiten dion azidotzea neutralizatzeko karea erabiltzen hasi ziren”. Duela hamarkada gutxira arte iraun du sistema horrek, Narbartek-eta “hogeitaka” karobi zenbatu dituzte Aizarnan.

Erretore etxearen atzealdea, 227 m.

Gure bazterrak… Erromatarrenak?

Ikerketaren oinarria zundaketak izan dira, baina jakin-min handiena indusketak sortu zuen. Eta ikusgarriena bertan azaldutako arrasto erromatarrak izan dira. Han ere, zulagailua erabili zuten lehendabizi: “Metro beteko lagina atera genuen. XVII. mendeko betelanaren azpian buztin asko topatu genuen, guztiz gorritua eta ikatz pila bat zuena. Garbi zegoen ez zela ez nekazaritza jarduera baten aztarna, ezta naturala ere. Karbono 14 frogak duela 2.000 urtekoa zela esan zigun. Eta indusketa egitea erabaki genuen, argi zegoen hor beste zerbait zegoela”.

Parrokiatik hamabost metrora, erretorearen baratzean, herriaren erdigunean harrotu zuten lurra eta, jakina, albistea aitaren batean zabaldu zen… “24 ordu pasa baino lehen, herri osoak zekien zertan ari ginen”. 3×3 metroko zuloa egin zuten indusketarako. EHUko ikerketa taldeko hiru lagun eta bi Historia ikasle aritu ziren. “Zuloa irekitzean egurrezko egitura handi bat azaldu zen, buztinezko hormak zituena, armazoi eta guzti”. Duela 2.000 urteko eraikin baten arrastoak Aizarnan. Apartekoa da hori, Narbartek azaldu digunez: “Gipuzkoan ez dago horrelako beste adibiderik, kostatik kanpo behintzat”.

Eta, halako batean, azaldu ziren zeramika erromatarrak.

danbolin: Unerik gogoangarriena lehenengo zeramika azaldu zenean izango zenuten, ezta?

Josu Narbarte: Jakina.

d: Nork aurkitu zuen?

J.N.: Jon Egigurenek.

d: Bai zera! Ez da egia izango! Nolatan zebilen bera zuekin?

J.N.: Bai, bisitan etorri zen, aitzurra hartu zuen eta, da!, zeramika puska aurkitu zuen.

d: Lehenengo aitzurkadan?

J.N.: Bai.

d: Lehenengo aitzurkadan, ez?

J.N.: Bai. Bai, halaxe izan zen. Hasiberriaren zortea izango zen [kar, kar, kar…]. Horrela izan zen.

d: Eta ikusi zenutenean zer pentsatu zenuten?

J.N.: Beno, espero genuen zerbait azalduko zela, arkitektura egitura bat topatua genuelako ordurako, eta azpian materialak egotea zen logikoena. Poza hartu genuen.

Aranburuneko taberna, 223 m.

Gure bazterrak… Bi salda eta kafesne bat

Aizarnako parrokiak definitzen du lurraldea. Konturatzen baldin bazarete, Zestoako udal barrutiak erdigunea Aizarnan du. Arroako lurrak albo batera utzi, horiek XIX. mendera arte Itziarkoak ziren-eta, eta konturatuko zarete mugen erdian Aizarna dagoela; ez Zestoa”.

Eta lezio gehiago: Narbarteri entzunda ikasi dugu Akoako baserrien erdia, goialdekoak, Aizarnako parrokiarenak direla; eta barrenekoak, Zestoakoarenak. Google maps-en proba egin dugu eta harrigarria da emaitza: Zelaia Zestoako elizatik gertuago dago (1,28 km), Aizarnakotik baino (1,60 km). Loperena Aizarnatik gertuago dago (1,42 km), Zestoakotik baino (1,46 km).

Akoan, Aizarnan adina zundaketa egin zituen Narbarteren taldeak, eta auzo hori ere apartekoa dela uste du: “Haran osoa terraza edo mailak egina dago, baserri bakoitzaren soroak du bere eustorma eta bere betelana.

Inguruarekiko harremana nola aldatu da historian zehar?

Esango nuke aldaketa oso azkarreko epeak eta egonkortasun epeak tartekatzen direla. Goi Erdi Aroan, VI. mendean, paisaiaren berrantolaketa erradikal bat egin zuten, eta hortik sortutako lur erabilera ereduak hainbat mendez iraun zuen. Behe Erdi Aroan antzeko zerbait gertatu zen: Izotz Aro Txikian, hiribilduak -eta geroxeago- baserriak sortu ahala, paisaia guztiz eraldatzen da eta hainbat mendez iraungo du horrek. XVII. mendean, artoaren iraultzak berriro ekarriko du aldaketa oso azkar bat, bai mendialdean bai haranean, eta horrek XX. mendera arte iraungo du. Eta nik esango nuke XX. mendearen erdialdetik hona beste aldaketa erradikal fase batean gaudela, industrializazioak eta desindustrializazioak bultzatuta.

Norenak dira ‘gure’ bazterrak?

Ikerketak erakusten duen gauza bat da paisaia ondarea dela, eta ondare kultural hori babestu beharreko zerbait dela, guztiona den neurrian. Identitate aldetik, ingurumen aldetik, eta ekonomia aldetik dituen balioak indartu egin behar dira, epe motzeko irabazi hutsaren aurrean. Guk daukagun espazioaren pertzepzioak, geure buruaz dugun pertzepzioan eragiten du, komunitate bezala dugun pertzepzioa baldintzatzen du”

12:30ean itzuli gara Iraetara. Lau ordu. 19,8 km. 2000 urte.

 

Protagonista eta bere metodoa

Josu Narbarte (Irun, 1992). Arkeologian doktorea da. Urtebete pasatxo da, Aizarnan egindako ikerketa oinarri, tesia defendatu zuela. Gure bazterrekiko lotura Ekainberrik sortu zuen. Museoan aritzeko lan eskaintza bat ikusi eta elkarrizketara azaldu zen Narbarte, eta hartu egin zuten. Han ezagutu zuen Aitziber Gorrotxategi aizarnarra, eta orduan hasi zen eskualdea ezagutzen. Aizarna perfektua iruditu zitzaion egin nahi zuen ikerketarako. Oso aspaldiko herria, “Erdi Aroan garrantzia eta indarra izandakoa” baina inguruko gehienak ez bezala, industrializazioak eta urbanizazioak aldatu gabea, “paradisu txiki bat”.

Harrigarria da Narbartek zenbat gauza deskubritu dituen gure aspaldiko iraganaz. Eta harrigarria da nola egin duen. Metodo zientifiko berri bat probatu du: geoarkeologia. Erdi Aroko eta lehenagoko bizimodua ikertzea oso zaila da Euskal Herri Atlantikoan ia ez dagoelako garai haietako agiririk, ezta aztarnategi arkeologikorik ere. Horregatik beste ikerketa bide bat erantsi die aurreko bi horiei: Paisaiaren azterketa geologiaren ikuspuntutik. Nola? Zundaketak eginaz. Makina batez tutu bat sartuz lurzoruan, laginak hartu eta analizatzeko. Bost zundaketa Aizarnan, eta beste bost Akoan, nekazaritzak eta abeltzaintzak ingurua noiz eta nola eraldatu duten jakiteko.

Aizarnan landa lana amaitu zuela urte batzuk pasa dira. Ordutik ikertzen jarraitzen du. Azkenaldian Urola itsasoratzen den ingurunean aritu da, Beduako estuariotik behera. Esan daiteke, beraz, gure bazterrak goitik behera eta behetik gora ari aztertzen.

 

MITOAK

Baserri isolatuaren mitoa

Baserria Erdi Aroaren bukaeran sortzen da, Ordura arte herri-lurrak ziren gehienak eta kudeaketa kolektiboa gehienean… Baserriak mendi aldean sakabanatzea eta logika produktiboak etxean gero eta gehiago kontzentratzea ‘berria’ da, Aro Modernoan gertatzen da.

Artzaintzarena

Milaka urtez, Historiaurretik, aldagaitz mantendu den artzaintzarena ere ez da zuzena. Adibidez: Erdi Aroaren bukaeratik XVIII. mendera arte behi eta txerri saldoak ikusiko genituzke hemen, ez artaldeak.

Tradizional esaten zaion paisaia

Paisaia ez da ez naturala ez aldagaitza; produktu historiko bat da, noizbait eraiki eta mantendua. Etengabe aldatu izan da. Begien aurrean duguna garai eta prozesu desberdin askok sortutako mosaikoa da.

PRINTZAK

Toponimo bat

Zazpisagasti. 1542ko udal erroldan ageri den baserri bat da, beste inongo dokumentutan azaldu ez dena. Etxe hori non zegoen ez daukagu arrastorik ere.

Poz bat

Hilabete osoan gure indusketa balkoitik zelatatzen egon eta gero, azken egunean, Intzinako amona jaitsi egin zen zertan ari ginen bertatik bertara ikustera. Interes handia erakutsi zuen.

Aurkikuntza bat

Eliza atariko hormetan dauden grafitoak

Aizarnako baserri bat

Ezin dizut bakarra esan, denak dira ederrak. Atentzioa ematen didate Egañako arku gotikoak, Etxegaraik goialdean duen zurezko egiturak, Santa Engraziako bentak, duen kokapenagatik, eta Ezkurroak, bere historiagatik…

Aizarnan ikasitako hitz bat

Zimitarioa

Gaizka Kortati eta Jon Artano




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide