Albisteak

[ERREPORTAJEA] Merkatarien hitza

Herritarrak postu egiten dira bertan establezimendu berriren bat irekitzen denean. Ilusioa sortzen du, aukerak eskaintzen ditu. Tristatu ere egiten dira alderantzizkoa gertatzen denean, norbaitek pertsiana betirako ixten duenean. Batzuetan aldaketak izaten dira; lehen bat zegoen lekuan beste norbaitek jarraitzen du, edota guztiz bestelako denda irekitzen da. Baina tarteka, betirako ixten dira denda, taberna, jatetxe, edota banketxeak, eta herria geroz eta mugatuago geratzen da eskaintza eta zerbitzu aldetik. Horrek zeresana behintzat sortzen du eta egun batzuetan zehar hausnarketa txikiak ere eragiten ditu, eta tarteka aitortzak ere bai: zenbatetan joan nintzen ni, orain nora joango naiz, zergatik ez ote nintzen gehiago joan, zer gertatuko da martxa honetan…

Azken hamar urte hauetan ez dira gutxi herrian itxi zaizkigun establezimenduak: Jone estetika zentroa, Maitane parafarmazia, La Huerta fruta-denda, Egañazpi kirol-denda, Romana okindegia, Elortza mertzeria, Soinu etxe-tresnak eta Agustin taberna, besteak beste. Baina gehiago dira irekitakoak: Mamen estetika, Goxuri goxoki-denda, Unide janari-denda, Laiak kutixi denda, Lili arropa-denda, Maitane parafarmazia, Zbitt informatika-denda, Araneta jatetxea, Kerala ongizate txokoa, Ogiberri okindegi eta kafetegia, Portale taberna, Sheila ile-apaindegia…

Otarra bete kontu

Ane Errastik (Zestoa, 1984) eta Garazi Larrañagak (Zestoa, 1991) badituzte hainbat ezaugarri komunean, biak gazteak izan arren gaur egun herriko bi denden ardura daramate. Anek Elortza janari-dendarena, bere aitak urte luzez eraman duen negozioa. Garazi, berriz, Miantxa janari-dendaz arduratzen da, bere izeba Arantxaren erreleboa hartu zuen.

Biak emakumeak, biak amak eta biak ekintzaileak. Familiatik etorritako negozio banaren ardura daramate, eta internet bidezko erosketek goranzko joera duten garaietan eurekin solasean aritu gara ekonomiaz, herriaz, amatasunaz, bizitzaz…

Nondik nora hasi zineten dendan lanean?

Garazi: Nik batxilergo artistikoa ikasi nuen Donostian eta jarraian diseinu grafikoko ikasketak egin nituen. Diseinu mundua, ilustrazioa… asko gustatzen zait. Izeba Arantxa operatu egin behar zuten eta pare bat astez hari esku bat botatzera joango al nintzen galdetu zidan, eta horrela hasi nintzen. Goizez ikastera eta arratsaldez dendara. Eta ordutik gaur arte! Izeba lanera bueltatu zenean ere, horrela ondo moldatzen ginela-eta jarraitu egin nuen: goizez ikasten nuen eta arratsaldeetan izeba Arantxari esku bat botatzen nion.

Ikasketak bukatu nituenean, goizak libre nituen, dendara arratsaldez joaten bainintzen. Aukera suertatu zitzaidan goizez bikotekidearen familiako dendan lanean hasteko eta hala hasi nintzen, goizez Azpeitiko dendan eta arratsaldez Miantxan.

Duela zazpi bat urte izebak osasun arazo bat izan zuen eta dendan ordu gehiago sartzen hasi nintzen, denborarekin, Azpeitiko denda utzi nuen eta pixkanaka Miantxan ardurak hartzen hasi nintzen. Ioritz, semea, jaio eta gutxira hartu nuen dendaren ardura osoa, eta hasieran izugarrizko zurrunbiloa izan zen. Gauza pila bat ziren! Goiza, arratsaldea, larunbatak…. Dendan egoten nintzen.

Tamaina hartzen hasi naiz lanari eta ardurei, eta gaur egun, ez naiz egun osoa dendan egoten. Arratsaldeetan bi langile daude eta larunbatetan ere ez naiz ni aritzen. Baina oporretara joan arren, beti mugikorrarekin ahal dudan dena egiten: eskariak, albaranak… Alegia, dendan ez egon arren, guztiz ez dut inoiz deskonektatzen!

Ane: Nik enpresaritza ikasi nuen eta urte batzuetan hainbat banketxetan lanean aritu nintzen. Egia esan, inoiz ez nuen buruan izan dendaren ardura neuk hartuko nuenik. Baina beti aritu izan naiz lanean bertan: gurasoak oporretara joaten zirenean, norbait falta zenean, arratsalde askotan…

Banketxean ez nengoen oso gustura, eta justu kontratua ere amaitu egiten zitzaidan, aita operatu egin behar zuten… gauza pila bat pare-parean, eta aitari laguntze aldera esan nion dendan ni egongo nintzela bera errekuperatu arte. Eta horrela gaur egun arte. Egia da ardura gehienak nik ditudan arren, aitak ez duela guztiz eten bere lana.

Nola bizi duzue amatasuna horrelako ardura izanik?

Garazi: Dendan ez nagoenean ere beti nago mugikorrari adi, baina haurrekin egoteko denbora hartzen dut. Nire gurasoek ere, euren negozioa izan dute beti eta nire amari oraindik ere begiak malkoz betetzen zaizkio ni txikia nintzela nirekin denbora gutxi pasa zuelako. Beti esaten dit norbait hartu behar badut lanerako dendarako hartzeko, baina haurrekin ni egoteko, azkar hazten direla eta aprobetxatzeko.

Zorte handia dugu gure lanekin, izan ere haurrak eskolara eraman edo jasotzeko malgutasuna dugu. Edo medikuarengana joan behar badugu… Guk antolatzen dugu gure ordutegia, aukera dugu goizean goiz egiteko edo arratsaldean luzatu behar badugu luzatzeko.

Ane: Gure gurasoen garaian eszedentzia edo murrizketa hartzea ez zen burutik pasa ere egiten, eta nire aitak beti esaten dit “aittitta lanak egitea baino nahiago dut zuk ama lana egitea eta nik dendan lagunduko dizut”. Horregatik arratsaldeetan ez naiz dendan izaten eta neu egoten naiz haurrekin. Bestela, pertsona bati ordaindu beharko nioke haurrekin egoteko. Egia da, parkean mugikorrari adi egoten naizela, baina bueno…

Denda hartu nuenean banuen beldur handi bat eta aitari esaten nion: “astebete bada ere nire familiarekin oporretara joateko moduan izango al naiz?”. Nik etxean ikusitakoa ez baitzen hori, dendan beti dago lana. Baina zorionez garaiak asko aldatu dira eta teknologia berriek ere asko laguntzen dute, eta bai, posible da hori ere egitea!

Negozio baten ardura izatea zer moduz daramazue?

Garazi: Hasieran nahiko galduta, gauza pila bat direlako, baina lan guztietan bezala. Gaur egun, dagoeneko, mekanika ikasita daukat eta egun bakoitzean lan bat dut egiteko, eta ondo. Neurria hartzen ikasten da.

Ane: Egia da gero askotan aldrebesten zaizula eguna, eskaria zekarkien kamioia berandutu egin delako, edo mila kontu, baina bestela, neurria hartuta, Garazik esaten duen bezala. Garai arraroak bizitzea ere tokatu zaigu, Covid-19arekin adibidez. Mundu guztia etxean sartuta eta gu lanean. Lan pila bat egin genuen egia esan.

Jendeak herrian erosteko ohitura ba al du?

Garazi: Gure kasuan, egunero erosi behar diren gauzak direnez, jatekoa eta freskoa, tirriki tarraka aurrera egiteko moduan garela uste dut. Nik beti izan dut garbi jende askok ohitura duela denda handietara joateko erosketa handiak egitera, tartean behin, baina gurean saltzen diren produktu gehienak freskoak direnez, jende askok egunero etortzeko ohitura du. Eta hori ona da!

Prezioen gorakada nola bizi duzue?

Garazi: Egia da lanean ari garela nahiz eta prezioek gora egin, jendeak jan egin behar du, baina gustura ez gara ari. Jendeari iruzur egiten ari garenaren sentsazioa dut. Jendea marka zuri asko erosten hasi da, lehen baino askoz gehiago begiratzen zaio prezioari, eta normala da dagoen egoerarekin. Ekilore olioaren igoerarekin hasi zen eta hortik aurrera pixkanaka produktu denak ari dira igotzen.

Ane: Urtero igotzen dira produktu batzuk, baina orain pasatzen ari dena, nire aitak esaten du inoiz ez duela horrelakorik ezagutu. Lehen, bi astean behin-edo errepasatzen genituen prezioak eta orain egunero errepasatu behar ditugu, egunero dago produkturen baten igoera. Momentu honetan produktu den-denen prezioak igo dira, oinarrizko lehengaienak ere bai. Gaur egun, zalantzarik gabe, produktuak garestiago saltzen ari garen arren, dendariak gutxiago irabazten ari gara.

Ume asko etortzen dira euro batekin fruta pieza bat erostera meriendatzeko, eta askotan pentsatzen dut: “Orain, prezioak dauden bezala, bi donut jatea merkeagoa da brinoi bat jatea baino. Eta gero osasuntsu jan behar dutela esango diegu”.

Herrian, pixkanaka, hainbat denda eta negozio ixten ari dira. Nola ikusten duzue etorkizuna?

Ane: Garai batean, herritik kanpo ez zen erosten, baina gaur egun ohiturak asko aldatu direla jakina da. Hala ere, herrian dauden dendetan erosketak egiteko ohitura badago, eta gazteak ere asko ikusten dira. Ahalik eta aukera gehien egotea oso ona da, jendeak aukera izatea non erosi. Ostiraletako azokak ere lagundu egiten du. Alde batetik, konpetentzia gara, baina bestetik, elkar osatzen dugu.

Lehen denda bakoitzak bezero fidelak zituen, baina gaur egun hori ere aldatu da, jendeak denda guztietan ibiltzeko erraztasun gehiago du. Hori guretzat oso ona da; adibidez Gabonak iristen dira, eta piñadenak saldu badira eta bezero bat piña eske etortzen bazait, lasai asko Miantxan-edo begiratzeko esango diot. Garai batean Zumarragaraino joango ginen bezeroa piñarik gabe ez uzteko.

Garazi: Herrian erosteak duen beste alde ona da elkar ezagutzen dugula, eta badakizu bakoitzak, gutxi gorabehera, zein produktu erosten dituen, egunen batean zalantza sortzen bazaio eta “zein da nik eramaten dudana?” galdetzen badit adibidez, ba neuk esango diot aurreko astean zein eraman zuen. Hori denda handietan ez dago. Herrian denok ezagutzen dugu elkar, gertutasun hori hemen bakarrik aurki dezakezu.

Herria txikia izanda, gainera, haurrak bakarrik erosketak egiten hasteko ere oso aukera ona da. Asko etortzen dira dendara euren zerrendatxoarekin. Elkar ezagutzen dugunez, haurrak lasai bidaltzen ditugu bakarrik erosketak egitera, konfiantza dugu.

Saltoki handiak zuentzat konpetentzia handia al dira?

Ane: Jendeak ohitura du erosketa handiak herritik kanpo egiteko, saltoki batera joan eta denetik erosten duzulako. Baina egia da eguneroko erosketak hemen egiteko ohitura badagoela. Saltoki handi askok egiten dituzten promozioekin guk ezin dugu lehiatu, hori garbi dago, baina askotan produktu bakarraren prezioa guk baino garestiago dute. Nik begiratu izan ditut, eta haietan askotan katea ere luzeago da, eta bakoitzak bere zatia irabazi behar badu…

Garazi: Hori da, zenbait produktu ez daude hemen baino merkeago. Adibidez, bezero batek behin esan zidan horrelako saltoki handi batean bainak bederatzi euroan zeudela eta pentsatu zuela “jesus, Miantxan bost eurotik ez dira pasa!”. Nik uste erosotasunagatik kanpora joateko ohitura dagoela, erosketa handi batean denetarik erosten duzulako. Baina egunerokoa Zestoan egiteko ohitura badago, eta gero eta gazte gehiago ikusten dira dendan erosketak egiten. Hori behar dugu eutsiko badiogu!

Martxan dauden negozioen errelebo bila

Patxi Arregi (Lopene harategia)

Duela 34 urte ireki nuen harategi hau. Aurrez, Elgoibarren beste 5 urtez harakin lanetan ibilia nintzen, baina bertakoa izanik, herrian bertan, gertuago, lan egin nahi nuen. Ordurako ezkonduta nengoen. Bizimodua hemendik atera dugu familia osoak. Lantokia herrian bertan izateak asko laguntzen du familia aurrera ateratzerako orduan.

Hasieran kosta zitzaigun pixka bat. Negozioa martxan jarri behar zen eta bezeroak lortu. Herri txikia zen eta, gainera, hiru harategi bazeuden, nik laugarrena ireki nuen. Garai hartan ohiturak aldatzea kosta egiten zen, jendea beti harategi berera joaten baitzen.

Gaur egun bezeroek ondo ikusten dute udan ordutegia aldatzea, edota arratsaldeetan ixtea, edo oporragatik astebete ixten baduzu ere. Alde horretatik errazagoa da orain negozioa aurrera eramatea. Komertzialen eskariak egiteko sistema ere aldatuta dago, telefonoz egiten da ia dena, eta ez dago derrigorrean kopuru handiak hartu beharrik.

Inguru hau bizirik mantendu nahiko nuke

Herriaren alderdi hau, Kaleokerra ingurua, bizirik mantendu nahi dut, bestela, dena alde hartara joan baita, Gesalaga eta Gurutzeaga aldera. Hemen jende asko gelditzen da ezertxo ere gabe.

Nire negozioarekin lanerako gogoz dagoen herritarren batek jarraitzea nahiko nuke. Ni prest nago lanbidea erakusteko eta ondoren negozioa alokatu edo saltzeko.

Denda honek, bakoitzaren asmoen arabera moldaketak eginda, aukera asko eskaintzen ditu. Martxan dagoen negozioa da, bere bezeroak dituena, eta familia bat aurrera ateratzeko modua eskaintzen duena.

Interesa daukan edonor animatu nahi dut etorri eta lasai galdetzera.

Karmele Iparragirre (ile-apaindegia)

Orain dela 27 urte ireki nuen ile-apaindegi hau. Orain erretiroa hartu nahiko nuke negozioa alokatu edo salduta.

Ni hasi nintzenean, 15 urterekin, ile-apaindegietako lana oso gogorra zen. Goizeko 7etan hasi eta gaueko 10etan bukatzen genuen. Aurrena, Errenterian ibili nintzen, nire lehengusuek ile-apaindegi ezaguna zuten: Los Maiso. Handik Donostiara pasa ginen. Han hiru ile-apaindegi zituzten, bakoitza bi pisukoa eta dozena bat lagunek egiten genuen lan horietako bakoitzean. Gero “Rosarito” ile-apaindegian ere egin genuen lan. Lan asko egin nuen, baina baita ikasi ere.

Norberarentzat lan egitea

Nire negozioa irekitzerako 25 bat urte lan egin nuen besteenean. Ordura arte ez nuen inoiz pentsatu neurea izatea. Zure negozioak beste aukera batzuk ematen ditu, norberarentzat lana egitea beste kontu bat da. Herrian bertan lan egitea ere abantaila da.

Nik ireki nuenean hiru edo lau ile-apaindegi bazeuden eta harrezkero beste bi ireki dira, baina pertsona batentzako soldata ateratzeko modua eskaintzen du honek oraindik. Lekua ere egokia da.

Ilusioarekin eta gogoarekin datorren gazte batek jarraitzea nahiko nuke nik hasitako bidea. Gazteak beti erakarri egiten du. Bi aukera ditu; ile-apaindegia edota estetika, bietarako ematen du. Solariuma ere badauka. Datorrenaren asmoen arabera, hori oso pertsonala izaten baita, aldaketak egin eta proiektu polit bati hasiera emateko aukera ematen du negozio honek.

Naiara Exposito Alberdi

Jone Bergara Alberdi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide