Albisteak

[ERREPORTAJEA] Otsailaren 29a; kanpotik berezi, barrutik arrunt

2020ko otsaileko aldizkaritik ekarritako artikulua:

Munduan bost milioi lagunetik gora dira otsailaren 29an jaioak. Egia esan, egun horretan jaiotzeko aukerak ez dira handiak, 1.461etik bakarra. Zestoan bada kasualitate bat, 1980ko otsailaren 29an hiru jaio ziren! Beno, hiru edo… bi behintzat bai. Hiru horietako batekin telefonoz hitz egin bai, baina, ez gara berarekin elkartu. Izan ere, berak garbi esan zigun martxoaren 1ekoa zela eta nor gara gu hori ukatzeko. Polita da anekdota ordea eta labur bada ere konta dezagun:

Eskola garaian, Xabier Mantxola irakaslearekin familia eta zuhaitz genealogikoa eta lantzen ari omen ziren eta ariketa baterako nonbait eskatu du gure lagunak udaletxean jaiotza agiria eta hara! Medikuaren agirian non jartzen dion otsailaren 29ko gaueko 23:50ean jaio zela. Zuzenean amari galdetu omen zion eta amak “hik burua ateratzerako baituan hamabiak ere!”.

Urte hartan bertan, 1980ko otsailaren 29ko goizean, Begoña Aizpurua eta handik ordubete ingurura Ainhoa Aristi jaio ziren. Bien amek, Mari Paz Ugartek eta Belen Legarrak azpimarratu digute haurrak jaio ziren egunean, erresidentzian bertan aipatu ziotela egun berezia zenez, martxoaren 1ean inskribatzeko aukera zutela. Baina baztertu egin zuten aukera hori, 29an jaio baziren, egun horretakoak zirela pentsatuta. Gure hirugarrenaren gurasoek ia egunaren bukaeran jaio zenez, martxoaren 1ean inskribatzeko tentazioa handiagoa izan ote zuten? Guk baino hobeto jakingo dute beraiek kontuak nola izan ziren, noski, eta horretan utzi dugu. Kontuak kontu, ordu gutxiren barruan hiru zestoar jaio ziren! Eta beste bat bezperan! Egun hartan ilargia nola zegoen begiratu dugu eta betebetea! Berriro ere ilargiaren eraginean sinisten jarraituko dute batzuk.

Zer dakigu bisurteez?

Eguzkiaren urtea eta gure egutegia bat etor daitezen, otsaileko egutegiak egun bat gehiago izaten du lau urtetik behin. Bisurteak beraz, 366 egun ditu. Urtea, lurrak eguzkiari bira emateko behar duen denbora tartea da. Bira osoa emateko, ordea, ez ditu juxtu 365 egun behar. Zehazki, 365 egun, bost ordu eta 48 minutu pasatzen ditu Lurrak hasierako puntura iristen. Hau da, 365 egun eta egun laurden bat gutxi gorabehera. Lau urtean, lau laurdenek egun oso bat osatzen dute eta horregatik gehitzen zaio otsailari egun bat. Atzerapena ez da zehazki egun laurdenekoa eta bisurteak hamabi minutuko aurrerapentxoa sortzen du gutxi gorabehera. Hori konpontzeko, ehun urtean behin, bisurtea izan beharko lukeen urte bat ez da hala izaten. Esaterako, 2100. urtea ez da izango.

Sei orduko denbora tarte hori, urte batez ahaztuko bagenu ez litzateke ezer gertatuko, baina zuzenketa hori egingo ez bagenu azkenerako urtaroak ere aldatzen joango lirateke eta momenturen batean abuztuan negua izango litzateke eta abenduan uda.

Hiru protagonistak gazteak

2004ko bisurtean gure hirugarren protagonista, Nahia Olazabal aizarnarra jaio zen. 4 bisurte eta 16 urte egingo ditu datorren otsailaren 29an. 10 bisurte eta 40 urte, berriz, Ainhoa Aristi eta Begoña Aizpuruak. Begoña eta Ainhoaren alabek gustuko dute ama egun horretakoa izatea. Ainhoarenak denei esaten omen die ama bera baino gazteago dela, izan ere alabak jada 11 urte eginak ditu. Begoñaren alabak berriz 10 ditu, “adin berekoak” izango direla dio. Nahiak 4 bisurte izango ditu eta bere amak 44 urte.

Egun berezia

Gainontzekoentzat horren bitxia suerta litekeena, ez da batere arraroa gure hiru neskentzat; Begoña eta Ainhoa koadrila berekoak dira eta beraz betidanik egun bereko beste bat izan du ondoan. Ainhoa eta Nahiak gainera lehengusu bana dute egun berekoa, beraz normaltasunez bizi dute.

Zerbait badu berezia ordea; inor ez omen da beraien urtebetetze egunarekin ahazten. Askotan gainera, bi egun pasatzen omen dituzte zorionak jasotzen. Batzuk bezperan hasten dira eta 1ean ere jarraitzen dute. Nahiak otsailaren 28an ospatu izan ditu beti, berak otsailekoa dela dio. Begoña eta Ainhoak, berriz, martxoaren 1ean; 28an ez zirela oraindik existitzen eta. Gurasoek hartutako ohiturari eutsi diote alabek.

Egun honetan jaioak izatea gustuko duten galdetuta, ezezkorik ez dute eman. “Egun bat gehiago da, beste edozein bezala”. Alaitz Olazabali, Nahiaren amari, gustatu egite zaio alaba egun berezi horretakoa izatea. Belenek, berriz, Ainhoa jaio zenean norbaitek “a ze nolako desgrazia!” esan omen zion. Bere ustez, “dena ondo datorrenean egun txarrik ez dago”.

Hiruek aitortu digute bisurtea tokatzen denean, beraien egunean ospatzeak beti egiten diela ilusio berezia, hori bai. “Badator urte olinpikoa!” esaten omen du Ainhoak.

Aurten larunbata izango da gainera eta 16 urte egingo dituen Nahiak; planak eginak ditu.

Aplikazioetan desagertutako data

Nahiak SnapChat eta mugikorreko aplikaziotan erregistratzerako orduan inoiz ez dela otsailean 29 egunik existitzen esan digu eta 28a jarri behar izaten duela eta amorrazioa eragiten diola horrek. Bere esanetan, jendeak otsailak 28 egun dituela uste du beti, batzuk ez dira bisurtearekin gogoratu ere egiten.

Facebook eta horrelako sare sozialek ere gogorarazi egiten dizute zure lagunen urtebetetze eguna noiz den eta 29rik gabeko urteetan berak aldatzen omen du nahi duen egunera. Ainhoa ere konturatuta dago zenbait dendetan eta erregistratzeko orduan otsailak ez duela inoiz 29rik. Aitortu digu, 29rik ez duten urteetan beti errotulagailu batekin 29a marrazten duela etxeko egutegian eta haurrek idazten dutela “amaren urtebetetze eguna”.

Urteroko txisteak

Data berezia izanik, jende askok zoriontzen dituzte, baina, urtero txiste berdinak entzun behar izaten dituztela aitortu digute. Egiten dituenarentzat originalak, baina beraientzat betikoak. Aurrena urteroko galdera, “gaur zorionduko zaitut edo bihar?” eta ondoren “noiz zorionduko zaitut gaueko 12:00etan?”, “10 urte dituzu? ba ez zara oso ondo mantentzen”. Ainhoaren senarrari esan izan omen diote ondo aukeratu zuela bikotea, lau urtetik behin oparia eginda nahikoa zuelako.

Mundu mailako bisurteen kluba

Klub baten berri ere eman digu Ainhoak. Izebaren batek bere izena emana ote zuen ere aipatu du. Donostiako Jose Manuel Ubarretxena ostalariak sortua da mundu mailako bisurteen kluba. Ez omen zuen bere egun bereko inor ezagutzen eta festa bat antolatzea erabaki zuen. Bisurteetan bazkari bat antolatzen du Donostian. Inoiz gonbidapena ere jaso omen du Ainhoak. Aurten 40 urte borobilak izanik, agian animatuko dira, nork daki! Ondo ospatu hirukote! eta hemen aipatu gabe utzi ditugunei ere zorionak! Herrian besteren bat ere seguru izango dela eta!

Jone Bergara

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide