Albisteak

[ERREPORTAJEA] Sagardo eta arrautza ekologikoak bertatik bertara

“Zer jan, hura izan” aspalditik entzuna dugu lelo hau, baina ez al da batzuetan alderantziz ere izaten? zer izan edo nola pentsatu, hura jan? Kate itxi bat izango da ziurrenik. Ibañarrietako Irure Txiki baserrian izan gara Aitor Eizmendik Ekain sagardo ekologikoa nola egiten duen ikasten eta Aizarnako San Pelaio bideko Jon Arrueren oilategia ere ezagutu dugu Ertxineko arrautza ekologikoak nondik datozen ezagutzeko.

Ekologikoa modan

Natura zaleak biak, negozioa martxan jartzerako orduan ez zuten zalantzarik izan ez batak ez besteak eta ekologikotik ekin zioten bideari. Oraindik ere gurean, beste zenbait herrialderekin alderatuz asko dago egiteko, baina dirudienez, modan jartzeko bidean dira elikagai ekologikoak. Aitor Eizmendik esan digu, orain artean alderantziz izan bada ere, orain pare bat urte, mugimendua ematen hasi zela eta indarra hartzen doala bertakoa eta ekologikoa kontsumitzearen aldeko jarrera.

“Bokazioz ez bada ere, sagardotegi handiak ekologikoan egiten hasi dira. Produkzioaren %1 izanda ere publizitate handia egiten diote eta zerbaitegatik izango da” dio Eizmendik. Ederki ulertzeko moduan bota digu; Zumaian, bere lagun batek dendan bi sagardo marka omen ditu salgai, berea eta beste marka ezagun bat. Bertakoek ezagun hori erosten omen dute beti eta turistek, hutsik egin gabe, Aitorren ekologikoa. Orain dela 10 urte, bera sagardoa egiten hasi zenean, ekologikoaren zigilua ia kalterako omen zen. Jendeak betikoa nahi zuen, ez gauza berezirik. Arabar Errioxako ardozale bati entzun omen zion irratian nola elkarte edo soziedadeetan saldu ahal izateko etiketatik zigilua kendu behar izan zuten.

Jaten dugunarekin arduratsuak izatearen garrantzia azpimarratu digu Jon Arruek ere. Baserriko arrautza mundiala dela onartzen du Arruek, ez duela ezer horren aurka, baina, askotan ez garela konturatzen oiloari jaten ematen diogun pentzu edo artoa nondik datorren, non ekoiztua izan den, nolako sailetan, pestizidarik erabili al duten…

Oilo horrek egunero jaten duenak, gero dabilen zelaian ere eragina du eta egokia ez bada, urteen poderioz lurra ere kutsatzen doa eta pobretzen, zizare eta xomorrotxoak desagertzen… kate bat da. Arrueren esanetan, filosofia kontua ere bada, “askotan ahoz bai esaten ditugu gauzak, geurea eta bertakoa eta ez dakit zer, baina, gero erosketak egitera goazenean prezioari edo kanpoko itxurari begiratzen diogu eta ahaztu egiten zaigu jatorria eta predikatutako guztia”.

“Normandian, desertu berdea deitzen diote hango sagastiei” dio Eizmendik, “berde berde ikusten da saila eta sagarrak ere hor daude, baina ez da batere txoririk ikusten, ez intsekturik, ez ezer. Hori ere garrantzitsua da, edaten dugunean, zer edaten ari garen jakitea eta nondik datorren”.

Jon Arrue

Ertxineko arrautzak

Tailerrean lanean ari bazen ere, buruan beti zuen naturarekin lotuta, baserri giroko zerbaitetan lan egitea Jon Arruek (Aizarna, 1981). 2014ean ikastaro bat egitea pentsatu zuen lana eta ikasketak uztartuz. Oilaskoak haztea eta antzeko ideiak zebilzkien buruan eta oilategi bat sortzeko jarraitu beharreko pausuei buruzko ikastaro bati ekin zion. Arruerekin batera ikasten ari ziren zazpi gazteek nahiko garbi zuten beraien proiektua eta gutxi beharko zuen Arruek ere burua berotzen hasteko. Berak lurrik ez eta, Aizarnan zein aukera egon zitezkeen aztertzen hasi eta Lopetegiren oilategiaz gogoratu zen. Bere asmoen berri jabeei eman eta horrela hasi zen poliki poliki. Oilategiaz gain lurrak ere behar zituen, proiektua ekologikoan egiteko, oiloko 4 metro karratuko zelaia eskatzen baita, baina lortu zuen hori ere beste lur jabe baten laguntzarekin. Ikastaroa egin eta urtebete ingurura, martxan zuen, alokairuan, oilategia Aizarnan.

Proiektua 500 oilorekin jarri zuen martxan baina handik lau bat urtera, Arrue Gaztiker programan sartuta zegoenez inbertsioak egiteko aukera ikusi zuen. Gaztikerrek bideragarritasun ekonomikoa eta beste zenbait azterketa egin zizkion eta saltoa emateko erabakia hartu zuen bere lurrak erosiz. Oilategi berria eginda, lehen pinudia zen lurra, sei hilabetez utzi behar izan zuen geldirik, garbitzen, bere proiektua ekologikoa martxan jartzerako, kaltegarriak izan zitezkeen aurreko ustiaketaren arrastorik proiektu berrian egon ez zedin.

Oilategi ekologikoaren eskakizunak

Hiru taldetan banatuta dauka oilategia. Normalean bi talde egoten dira arrautzak ematen eta talde bat zahartzen hasten denean berria sartzen da, gutxi gorabehera lau aste behar izaten dituzte oiloek arrautzak ematen hasteko. Hauek ematen hasten direnean, zaharrak kendu egiten dira. Kanpoko zelaian ere talde bakoitzak bi lur zati izaten ditu, berdean ibil daitezen, lur sail bat gorritzen hasten denean bestera txandatuz.

Horrez gain jaten dutena ere kontrolatu egiten da. Pentzu ekologikoa ematen zaie, oilategia garbitzeko erabiltzen diren produktuak ere ezin dute edozein izan, karea edo lixiba erabili daitezke esaterako. Berdin gaixotasunei dagokienean, baimendutako tratamenduak bakarrik egiten zaizkie. Oilategi barruan, metro karratu bakoitzean 10 oilo baino gehiago ezin dira eduki eta kanpoan, oiloko 4 metro karratuko zelaia izan behar dute.

Ekologikoaren zigiluak jarraipena ere izaten du eta Arrue bertan ez dagoela, abisatu ere egin gabe begiratzera etortzen dira tarteka ea oiloak kanpoan al dauzkan begiratzera. Pentzu ekologikoaren jarraipena ere egiten diote, fakturak erakutsiz eta duen oilo kopuruarekin bat datorrela ziurtatuz.

Oilategiko kontuak

Oiloak pixka bat iluntzen hasten duenean barrura sartzen dira eta handik pixka batera automatizatuta dituen oilategiko ateak itxi egiten dira. Etsaiei buruz galdetuta, gauez barruan egoten direnez, ez duela bestelako arazorik izan erantzun digu Arruek, lepazuriren bat edo beste tokatu zitzaiola alokairuko oilategian baina zapelatz eta azeriekin ez omen du arazo larririk izan. Oiloa nahiko animalia izua da eta inoiz parapenteren bat Aizarnan agertzen bada bat hasten omen da zalapartan oilategira eta atzetik gainontzeko guztiak. Oilategiko zelaian sagarrondoak landatu ditu orain Arruek, oiloek ere babesteko itzala izan dezaten. Behor batzuk ere baditu oilategi inguruan eta oraindik gehiegi aurreratu ezin den burutazioekin dabil Arrue.

Iparraldean entzuten ari den hegazti gripearen harira, egun batzuetan barruan edukitzeko gomendioa dauka gu artikulu hau idazten ari garen egunetan. Horrelakoetan belarra eta ematen saiatzen da Arrue. Ez da egun askoko kontua izango eta gaitz erdi!

Aitor Eizmendi

Ekain Sagardoa

Zumaian, Hotel Zumaia zeukaten Aitor Eizmendiren (Zumaia, 1969) gurasoek eta orain dela 35 urte etxe berriak egiteko bota zutenean, beraiek jaiotzez baserritarrak izanik (ama Sastarraingoa eta aita Errezilgo baserri batekoa), baserri bat erosteko irrika zuten eta Irure Txiki baserria erosi zuten. Hamabost bat urte zituen orduan Aitorrek. Gaztea zen arren natura eta ekologia gustuko zituen eta aitak lagunduta, sagastia landatu zuen.

Franco motako sagarrondoak landatu zituen, lehengo estilokoak; hazitik datozenak eta handiak egiten direnak. Denbora asko behar dute fruitua ematen hasteko sagarrondo hauek ordea, eta dozena bat urte inguru itxoin behar izan zuen.

Denbora hori pasata, etxerako sagardoa egiten hasi ziren, auzoko Etxenagusia baserriko dolarean: “mila litro sagardo egiteko hiru egunean egon behar izaten zen eman eta eman”. Geroz eta sagar gehiago zuten eta sagardoa egiten hasteko asmorik oraindik ez zutenez, sagarra beste sagardotegi batzuei saltzen hasi zen baina interes falta izugarriarekin aurkitu zen: “sagardotegi batzuetan etxeko sagarrak ez zituzten jasotzen, erosoago eta errentagarriago egiten zitzaien Frantziatik trailerretan ekartzea. Eta noski, ni joaten nintzen hara nire sagarrak hartuta eta enbarazu egingo banieke bezala sentitzen nintzen”. Berehala ikusi zuen mundu hura ez zuela nahi, beste eredu bat posible zela eta bere bideari ekin zion.

Etiketa atera eta saltzera

Hamaika urte dira etiketa atera zutela. Ekain izena amari gustatzen zitzaion, bera kobazulo atarian hazia baitzen. Pare bat urte lehenago egin zuten inbertsio guztia; eraikina prestatu, makinak eta erosi, sanidadeak agindutako kondiziotan jarri… Gustuko zuhaitz berriak landatu… Ekologikoa izateak adina garrantzi zuen bertakoa izateak Eizmendirentzat eta bide batez, baserritik bizitza duin eta polit bat ateratzea bertako produktuak baloratuaz posible zela demostratu nahi zion bere buruari.

Produktu berriak sortzen

Sagardoaren prozesuak aukera handiak ematen ditu beste produktu batzuk ere egiteko, errazena zukua da. Sagarra prentsatu eta momentuan bertan tenperatuta bat ematen diote eta pasteurizatuta gelditzen da bi urterako iraupenarekin. Ekologikoa da, ez du batere gehigarririk. Momentuan egiten ez bada, oxidatu eta ilundu egiten da eta gustua ere aldatzen joaten zaio. Ozpina aurtengo gauza izan da. Prozesu kimiko bat da. Sagardoaren bakteria azetikoek alkohola jaten dute eta azido azetikoa sortzen dute, hortik ozpina lortzen da.

Baldintzak eta kontrolak

Onartuta daukatenarekin esku hartze minimoak egiten dituzte. Aitor Etxeandia sagarrondoetan adituak bisitak egiten ditu sagasti guztietan eta Eizmendirena gustuko du, esaten omen dio bertan izurri mota guztiak dituela, baina, auto-kontrolatuta. Lurrari ere ezin dio abonu kimikorik bota, ez eta pestizida kimikorik erabili ere. Simaurra ere kanpoan ibiltzen diren behiena. Sagardoa egiterako orduan ere gehigarririk ezin du erabili. Kontrolak egiten dizkiote, egun batean fruta eramaten dute aztertzeko, beste batean hostoa edo lurra hartzen dute, baita sagardoa ere.

Gipuzkoako sagardotegi txikienetakoa izanagatik, urtean 40.000 litro sagardo egiten dira Irure Txikin, 50.000 botila. Aurtengo sagardoa zer moduzkoa datorren galdetuta, hauxe erantzun digu: “Oso autokritikoa naiz, baina gustura nago, oso sagardo ederra atera da. Nahiz astoa izan, denborarekin ikasi egiten du astoak ere eta nik ere bai, urtetik urtera ikasten eta hobetzen noala uste dut”.

Bezeroak lortu eta merkaturatzea

Behin produktuak forma hartua, marka ezagutzera ematea, bezeroak aurkitzea eta hauengana iristea izan da gure bi lagunentzat hurrengo pausua.

Bertatik bertara ezagutzeko aukera

Aitorrek dioenez, jendeak marka ezagunetara jotzen du beti eta hori aldatzea asko kostatzen da, nahiz eta askotan prezio berdinean eskaini. Arazo horren aurrean, bisita gidatuak egiten hasi ziren iaz: “Bi asteburutan jendea etorri zen, baina gero eten egin behar izan genuen pandemia tarteko”. Zumaiatik ere oinez joan zen eskola talde bat eta zoragarri pasa zuten. Ekologikoaren kontzeptua hezkuntzan txertatzeko aukera eskaintzen du sagardotegiak. Baserriaren beheko aldean horretarako prestatu nahi dugu, bisita gidatua egin eta gero bertan bazkaltzeko.

Arruek ere esaten omen die bezeroei nahi dutenean joateko oilategia ezagutzera. “Bezeroentzat gertutasun hori oso garrantzitsua da eta edozein momentutan arrautzarik gabe gelditzen badira deitzen dizute eta salto batean eraman. Asko eskertzen da konfiantza hori”.

Banaketan indarrak batuz

Bezeroak behin lortuta, banaketa da enpresa txiki hauentzat denbora asko eskatzen duen hurrengo lana. “Nire arazo bera zuten Sakonako Ioritz eta Aiorak ere, beraien barazki eta arkume ekologikoak eta banatzeko norbait behar zuten eta elkarrekin egiten hasi gara, bezero batzuk berdintsuak dira…” Hemen inguruko supermerkatu txikietara banatzen dugu baita zenbait taberna eta jatetxetara ere eta hauez gain denda berezi edo ekologikoetara ere banatzen dugu hasi Zarauztik eta Ordiziaraino.

Filosofia, eskakizunak eta laguntzak

Eskakizunez ere aritu gara Arruerekin: “berdinak dira 10.000 oilo dituztenarentzat edota guk bezala 1200 dituenarentzat”. Laguntzak jasotzerakoan berriz, betebeharrak oso handiak direnez, azkenean txikietara ez da laguntzarik iristen: “honetan ere txikia desagertzera eta handia indartzeko joera hasi da nabarmentzen”.

Aitorrekin pinuen gaitzaz eta bertakoa landatzeaz ere aritu gara: “entzun dut enpresak hasi direla lursailak erosten Gipuzkoan ere, landaketa handiak egiteko”. Herri batentzat bertakoak diren zuhaitzez osatutako basoa edukitzea egundoko erakusleihoa dela dio baina ez dela laguntzarik ematen, ez bere zuhaitzak bota ezin dituen baserritarrari, ez eta bertako zuhaitzak landatzearen aldeko apustua egiten duenari ere. Ez dago landa politikarik Eizmendiren ustez: “Sartu berri dauden landareak hasten direnean inpaktu handiagoa izango da. Berandu xamar da, baina oraindik ere egin daiteke zerbait”.

Pandemia garaiak

Bezero berriak egiteko aukera izan da pandemia garaia gure sagardogilearentzat. Partikular asko izan dira zuzeneko eskaerak egin dituztenak eta etxez etxe banaketa egiten ere ibili dira. Urte ona izan da Ekain sagardoarentzat.

Arruek ere antzeko zerbait kontatu digu. Jatetxe eta tabernak itxita egoteak kaltea ekarri badie ere, herritarrek erosketak bertan egiteak lagundu egin die eta salmentan igoera eman dute.

Zestoan Uniden eta Elortzanean daude salgai Ertxineko arrautzak eta Aizarnako Aranburu eta Konpittero dira Arrueren gertueneko bezeroak. Ekain sagardoa berriz, Uniden eta Otxua harategian dago salgai eta Koiote tabernan ere sagardo hau izaten dute.

Informazioa emana dago, gure da orain ardura, ea kontsumitzera goazenean produktuaren atzetik dagoen lana, filosofia, errespetua eta mimoa gogoan izaten ditugun.

Jone Bergara




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide