Albisteak
[ERREPORTAJEA] Sakona komuntzo etxaldea
— 2022-10-122013an ekin zioten Aiora Etxeberria (Aizarnazabal, 1991) eta Ioritz Igarataundik (Azpeitia, 1989) Sakona-Komuntzo etxaldeari. Ioritz lorezaintzan ari zen lanean eta Aiora irakasle-ikasketak eginda zegoen. Ioritzen jaiotetxean, Azpeitiko Komuntzo baserrian, ardi batzuk zeuden eta erabaki egin behar zen horiekin aurrera jarraitu edo ez. Bikoteak elkarrekin ekin zion proiektu berriari.
Gaur egun Iraetan dabiltza dena emanda, Amillubiko lurretan. Ioritz lanean utzita, Aiorarekin egin dugu berriketaldia, nahi adina lan dagoen parajean, biak jarrita egonean edukitzea gehitxo zela iritzita.
Azaldu iezaguzu pixka bat esku artean duzuen proiektua.
Azpeitian, Sakonan hasi ginen barazkiekin. Negutegi eta guzti hektarea eta erdi geneukan. Orain, hemen, Amillubin, bi hektarea eta erdi ditugu eta hango lurrak ardientzat larrerako. Negutegian 1.800 metro karratu inguru dauzkagu Azpeitian, Sakona etxaldean 600 eta Loiola bidean 1.200 metro karratu.
Esnekiak ere lantzen ditugu, 140 bat ardi dauzkagu, lau behor eta lau bat txerri ere hazten ditugu urtero. Fruta-arbolak ere baditugu eta sagardoa eta zukua egiten dugu. Denetik pixka bat. Hori ikasi dugu, dibertsifikatu egin behar dela. Ardiak, orain dela bi urte gazta egiten hasi ez bagina, kendu egingo genituen.
100 otarra inguru banatzen ditugu astero, horietatik 23 Zestoan, eta gehiago banatzen jarraitu nahi genuke. Aste honetan bertan bi berrik eman dute izena. Bezero finkoak dauzkagu. Whats Appez igandetan zortzi barazkiko zerrenda bidaltzen zaie. Barrenean beste bi barazki zerrendatzen dira eta goikoren bat ordezkatzeko aukera ematen da. Astearte goizean Laiak dendara eramaten ditugu otarrak eta bezeroek handik hartzen dituzte. Oso ondo portatzen zaigu Xabier, guretzat egundoko aukera da.
Dena ekologikoan egiten duzue. Baratze txikietan errazago dirudi, baina horrelako baratzeetan ere erraz egiten al da ekologikoan?
Ez da horren zaila, guk zalantzarik ez genuen izan. Nik amarekin Aizarnazabalen egiten nuena ere ekologikoa zen. Eta Mitxelek, Ioritzen aitak ere beti hauen etxean hala egiten zuen. Orain dela 100 urte dena horrela zen, berezkoa hori da! Bakarrik gero urte txarrak izaten dira, eta zerbait galdu egiten zaizula? Ba galdu zaizu eta kito, harria egiten badizu ere bai. Gero, otarretan ikusi egiten da, karakola edo barea edo zorria, hor joaten dira horiek ere, baina seinale ona da. Niretzat kalitatean ez dago konparaziorik. Benetan egiten baduzu ekologikoa, hala sinesten duzulako, oso erraza da. Baina, ari bazara ekologikoaren izenean gehiago saltzen duzulako, horrelakoak ere pila bat daude, tentazioaren muga-mugan ibiliko zara.
Gaitzei-eta nola egiten diezue aurre baratze handi hauetan?
Gaitzei aurre egiteko arma nagusiena prebentzioa da, horretarako errotazioak errespetatzen ditugu eta lurra ahalik eta hobekien zaintzen dugu. Horrek ez du esan nahi gaitzik izaten ez dugunik, baina neurri batean beraiekin bizitzen ikasi dugu, belarrarekin bezala, ze erremedio! Baratzazaintza ekologikoa izanagatik ere, tratamentu batzuk onartuta daude, gure kasuan patata eta tipula dira urtero bi tratamendurekin zaintzen ditugunak, gorrinari aurre egiteko. Horrez gain, urte batzutan harraren kontrako tratamenturen bat ere egin izan dugu, baina, ez gara zoratzen gaitzen aurrean. Tomateak ere, aurten batzuk joan dira harrarekin, baina ezer bota gabe dauzkagu.
Zuena ekologikoa eta jaso berria da.
Hori da. Plazan geroz eta jende gehiago gerturatzen zaigu eta ez da ekologikoa saltzen dugulako bakarrik, horregatik agian etorriko zaizkit bost lagun, baina jendea etortzen da bertakoa eta momentukoa, freskoa, daukagulako.
Haziak gorde eta ereiten dituzue?
Normalean landarea erosten dugu Nafarroatik, eskari bateratuak egiten ditugu elkarteko kideen artean. Ez daukagu denborarik hazitik egiteko, baina aurten hasi gara horretan ere. Landare mordoxka egin dugu. Porruak adibidez, 200.000 porru, ezin zara hazitik egiten hasi. Kalabazina, kalabaza, erremolatxa, arbi jendea… horiek ez dira horrenbeste, eta errazak dira. Horrelakoak egin ditugu.
Bertakoez gain kanpoko barazkiak ere lantzen dituzue. Klima aldatzen ari da, horrek eragina izan du?
Datorren gauza bat da, guk ez dugu gehiegi sartu oraindik. Aurten terreno asko genuelako sandia eta meloia sartu genituen. Sandia oso ondo etorri da eta ondo saldu da. Meloiak, berriz, oso txikiak geratu dira eta ez ditugu atera.
Otarrean zortzi barazki nahi izaten ditugu. Barietatea gustatzen zaigu. Beti-betikoak aurkituko bagenitu, tonto xamarra geratzen da. Horretarako ez duzu otarra hartzen, azokara joaten zara, eta nahi duzuna erosten duzu, eta kito. Bezeroak bestela erosiko ez lituzkeen barazkiak ezagutaraztea gustatzen zaigu. Barietate pila bat daude barazki guztietan. Prest egon behar dugu horiek ezagutzeko, kiwia ere orain dela zenbat urtekoa da ba? 50 urte? Ioritzen aita, Mitxel, gauza arraroak ezagutzeko oso zalea da, eta asko lagundu digu. Ikusi dugu berez Txinakoa izanagatik, orain arte behintzat, hemen oso ondo ematen diren aldaerak direla, batez ere hostoko barazkiak, hemen euri asko egiten duelako.
Otarrak orain beste pisu bat izaten du, baina neguan berde desberdin mordoa, hosto asko eta zapore garratzak izaten dira. Ahoa ere ohitu egin behar dugu horietara. Oso zapore gozotara gaude jarrita eta horiek dira onak odola eta gibela-eta garbitzeko.
Esnekiekin nola hasi zineten?
Gazta egiten hasteak makinerian egundoko inbertsioa eskatzen zuen. Eta hasieran ez geneukan horretarako dirurik. Orduan, mamia egiten hasi ginen. Erraza da, baina iraungitze oso motza dauka eta bidaietan ura ateratzen zitzaion. Lortu genuen ur hori ez ateratzea, gatzagiarekin egin beharrean agar-agar algarekin eginda. Baina litro batekin zortzi mami egiten genituen eta asko saldu behar zen denbora gutxian. Gero jogurtarekin hasi ginen, eta honekin ondo, baina esnea sobratzen zitzaigun. Hiru bat urtera edo erabaki egin behar izan genuen: edo ardiak kendu, edo inbertsioa egin. Eta gazta egiten hasi ginen. Laguntza eskatzeko beldurrik eta lotsarik ez dugu inoiz izan. Laborategi batekin jarri ginen harremanetan. Ikasten diru mordoa gastatu dugu, baina asko erakusten dizute eta kolpe segurua dira. Sakonan daukagu ukuilua, transformazio gela, eta otarrak ere han prestatzen ditugu. Gazta xamurra, urdina, ondua, gaztanbera eta jogurt naturala eta azukreduna egiten ditugu
Izarraitzen ardiekin erabiltzen dugun borda berritu genuen, Pello eta Joxe Migel “Xarra” Igarataundik, Ioritzen osabek-eta, zenbat lan egin zuten han! Ez dira geldirik egoteko kasta izan eta eskerrak! Maiatzetik oraintxe arte Izarraitzen edukitzen ditugu eta gero behera ekartzen ditugu Sakonara. Ardi hauek latxa dira, baina mutur beltzak eta adardunak. Oso gogorrak dira, esne gutxiago eta grasa gehiagokoa ematen dute. Orain hil ere egin zaizkigu batzuk. Jendeak mendian txakurrak solte eramaten ditu eta egundoko arazoak dauzkagu.
Horrenbeste lan egiteko langileak ere izango dituzue?
Laguntzaile onak ditugu, edo Mitxelek esaten duen moduan, esklabo onak [ka, kar, kar]. Aurreneko tipulak landatu genituenean, Zestoako familia osoa, Komuntzokoa, ez dakit 15 bat lagun edo zenbat ibili ginen! A ze ilusioa! Urteak aurrera doazen neurrian, dena mekanizatzen ari gara. Denbora asko aurrezten da, dirutan galtzen duzu gero, baina… praktikotasuna behar da kontu hauetan, bestela ezin da. Batek esaten zidan zenbat eta makineria gehiago ekologikotik urruntzen ari ginela, baina nik uste dut osasuna ere zaindu egin behar dela. Laguntza hori gabe, egiteari utziko diogu, eta hori ez da soluzioa. Hau bideragarri izateko, denbora gutxian genero asko egin behar da. Oso tarte txikia dugu eta bestela ezin da. Are gutxiago gaur eguneko bizimoduarekin!
Dirulaguntzak ere izango dituzue ala?
Asko jaso ditugu, ekologikoa delako eta emakumea naizelako, baina batez ere hasieran, orain geroz eta gutxiago, eta koronabirusa eta gero, batere ez. Gainera, aurrena ordaindu egin behar duzu eta horretarako eduki egin behar. Eta laguntza ere ematen dizute berri-berria erosten baduzu, bigarren eskuko makina bati bizitza berri bat ematea txarra al da?
Konpetentzia handia al dago mundu horretan?
Batere ez! Baserritarrak falta dira, egundoko gabezia dago eta ekologikoan gehiago. Elkarri laguntzeko gaude. Otarretan, inguruko etxaldetakoen produktuak sartu izan ditugu; Miriam eta Nerea Doniene baserrikoen gauza dezente joan izan da gure otarretan eta beraiek gure gazta saltzen dute Deban, azokan. Berduratan egiten ditugu trukeak. Elkarrengandik ikasi ere asko egiten da. Joera hori beharrezkoa dugu, hemen jan behar dena, hemen sortu behar dugu. Gu guztiontzat badakizu zenbat jateko behar dugun? %5 baino ez dugu jaten bertakoa. Hori aldatu beharra dago eta instituzioek ere lagundu egin behar dute.
Ekologikoa modan dagoela esango zenuke?
Geroz eta gehiago, dudarik gabe. Nahi duenak ikusi eta nahi ez duenak ez, etorkizuna ekologikoa eta bertakoa da.
Garesti fama dauka…
Hala da, baina hasi kalkulatzen; guk erosketak Azpeitiko Elikagunen eta Zarauzko Beristainen egiten ditugu, xaboiak ere granelean… Hilaren bukaeran ez dut uste igartzen denik. Leku horietan ez dauzkazu bidean alperrik erosten duzun tentaziorik. Justukoa erosten duzu. Badakizu balio duena balio duela, ondo ordaintzen ari zarela. Euro bateko edozer erosten duzunean, badakizu hori “mierda” bat dela. Eta hura euro baten erosi duzulako, uste duzu aurrezten ari zarela, eta beste zerbait erosten duzu, eta azkenean diru kopuru bera gastatzen duzu.
Denda handietan nik azokan saltzen ditudanak baino garestiago daude, baina noski, badakizu zenbatgarren eskua den? Bidean denek zati bat hartu behar dute. Gu gabiltzan dendetan geuk jartzen ditugu prezioak, inork ez ditu zalantzan jartzen. Denda handietan haiek jartzen dizute prezioa.
Etorkizunerako asmo berririk?
Momentuz ez. Egonkortzea. Orain arte alokairuan ibili gara, katua umeekin bezala, batera eta bestera. Leku batera joan, diru eta energia pila gastatu txukuntzen eta gero beste batera. Orain, Amilibiako honekin kolpe segurua egin dugu. Helburua zentratzea da, baratze kontu guztia hemen eta esne kontuak han. Bestela, makineriarekin aurrera eta atzera, gasolinetarako ere ez dugu egingo.
Animatuko zenituzke gazteak mundu honetara?
Zalantzarik gabe. Baserritar berriak behar dira. Egia da zaila dagoela, lurrak oso garesti daude, ez dira saltzen, eta gainera oso fama txarra dauka lanbide honek. Inoiz bukatzen ez den lana. Bikotea izan, edo bi sozio izan ere, desberdina da oporretarako. Baserritarra izatea azkena da, bestela galdetu haurrei eskoletan. Gaur egun gazteek ere funtzionario izan nahi dute. Horretan instituzioek asko dute egiteko, bestela galduta gaude.
Jone Bergara
Itsaso Waliño
Egin zaitez bazkide