Albisteak

[ERREPORTAJEA] Urolako trenaren geltokia bizileku

Urolako trena itxi zutela 35 urte bete berritan, euren haurtzaroa trenbidearen ondoan, Bainuetxeko geltokian bizitzen egon ziren Pedro, Esther eta Manoli Garcia anai-arrebekin elkartu gara. Bost anai-arreba diren arren, Danbolinek hiru horiekin egoteko aukera izan du. 25 urte pasa zituzten Bainuetxeko tren geltokian bizitzen. 1970etik 1995era arte gutxi gorabehera. Oroitzapen zoragarriak dituzte han pasatako urteez, eta gurekin elkarbanatu nahi izan dituzte.

Salamancatik Euskal Herrira

Marcos Garcia, aita, (Salamanca, 1937 – Zestoa, 2022) Salamancako herri txiki batean jaio zen eta 16 urte inguru zituenean, garai hartan oso ohikoa zenez, bizitza hobeagoaren bila etorri zen Euskal Herrira aitarekin. Handik gutxira, ordea, bakarrik geratu zen bertan, Euskal Herrian, izan ere, aitak, hemengo klimak sortzen zizkion osasun arazoak tarteko, sorterrira itzultzea erabaki baitzuen. Hasierako urte haietan Zumaiako hostal batean egon zen bizitzen Marcos.

Herminia Fernandez, berriz, (Salamanca 1937- Zestoa 2019), izeba eta ahizparekin etorri zen Euskal Herrira, beste senitarteko batzuen gomendioak medio. Zarauzko Gran Hotelean egiten zuen lan, Marcos ezagutu zuenean. Zarautzen, igande arratsaldeetan, dantzaldiak izaten ziren, eta horietako batean ezagutu zuten elkar. Dantzan ari zirela, elkarri nongoa zen galdetu, eta jaioterria elkarrengatik 11 kilometrora zutela ohartu ziren. Eta bizitzako kasualitateak, urte bereko egun berean jaioak ziren, gainera.

Bost seme-alaba izan zituen: Pedro, Esther eta Marcos bikiak, Juan Carlos eta Manoli. Marcos aitak Urolako trenean egiten zuen lan Zumaian, eta 1970ean Zestoako Bainuetxeko geltokiko etxea eskaini zioten bizileku. Ez zuen bi aldiz pentsatu, eta familia hartu eta Oikiatik Zestoara etorri ziren. Hasieran Zumaiako postuko lantokian jarraitu bazuen ere, denbora gutxira, Zestoan lan egiteko aukera suertatu zitzaion. Ordurako ezkonduta zegoen, eta seme-alabak ere jaiota. Txikienak, Manolik, 10 hilabete zituen.

Estazioa etxebizitza

Bainuetxeko tren geltokian bizi ziren, baina Marcosek ez zuen han lan egiten, Zestoako tren geltokian baizik. Hala ere, Bainuetxeko geltokiko mantentze-lanak, telefono deiak jasotzea, komunen garbiketa… berari zegozkion. Geltoki hartan jendea igo eta jaitsi bakarrik egiten zen, ez zen txartelik saltzen. Bertan, trenera igotzen zirenek pika-pikari (ikuskatzaileari) ordaindu behar izaten zioten.

Geltokiaren goiko solairuan zen etxebizitza. Behean, itxarongela zegoen, baita telefono-gela ere. Telefonoak noiz joko adi-adi egoten zirela diote, izan ere telefonoak jotzen zuenean aitak hartu egin behar izaten zuen. Baina hori bai, “handik ezin zen dei bakar bat ere egin! Debekatuta genuen, laneko deiak jasotzeko bakarrik zen!”. Ederki gogoratzen du hori Estherrek, izan ere, berak herriraino etorri behar izaten zuen telefono-kabinetara bere lagunei etxera deitzeko. Oso etxe altua zen, hiru pisu egiteko modukoa eta ez zeukan ganbararik. Zaharra zen eta hotza. “Txapa geneukan sukaldean eta denok hantxe egoten ginen. Dutxarik ere ez geneukan, komun txiki bat zuen”.

Gaur egun, herriaren kanpoaldean dagoen txalet bat bezala da Bainuetxeko geltokia, baina garai hartan oso bestelakoa zen ingurua. Ez zegoen farola bakar bat bera ere: “Gure gaztaroko parranda guztiak han bizi ginela egin genituen, eta lagunak herrian utzi eta han joaten nintzen etxera korrika batean. Bainuetxe inguruan, gainera, bikote mordoa egoten zen kotxetan” dio Estherrek. Manoli ere ondo gogoratzen da etxerako itzulera haiekin: “bide guztian atzera begira joaten nintzen” dio. Udalean behin baino gehiagotan eskatu omen zuten farolak jartzeko bidean, baina inoiz ez zegoela dirurik eta goiko aldean (Benta aldetik) bazirela esaten zieten. “Handik irten eta herrira bizitzera etorri ginenean jarri zituzten farolak beheko bidean!” dio Estherrek. Etxeko ateak giltza bakarra zuen, burdinazko giltza zahar handi horietakoa. Parranda garaian erretiratzen azkenak beste lauak ohean al zeuden begiratu behar izaten zuen. Makina bat aldiz leihora harri-tiraka ere ibili zirela gogoratu dute.

Tren geltokian ez zuten bizilagunik, baina garai hartan Bainuetxeko garbitokian senar emazte batzuk bizi ziren, Juli Arakistain eta Migel Alberdi. Haiekin harreman oso estua zuten: “Haiek ez zeukaten seme-alabarik, eta gurekin oso gustura ibiltzen ziren”. Gizona bertako turbinaz, bainuetxeari argindarra ematen zionaz, arduratzen zen, baita mantentzeaz ere. Haiek etxean telebista zuten, eta ordu asko pasatzen zituzten beraien etxean. “Makina bat enkargu egiten nizkien haiei herritik, eta bueltan bokadilloa, patata-tortilla, flanen bat edo propinaren bat beti jasotzen nuen!”, esaten digu Pedrok. Uraren indarrak mugitzen zuen turbina, eta hari esker zuen Bainuetxeak elektrizitatea eta baita gure etxeak ere. Neguan, urak adar asko ekartzen zituen, ordea, eta tarteka garbiketa egitea tokatzen zen, bestela argirik gabe gelditzen ginen.

Amak, Herminiak, hantxe labaderoan egiten zuen lan. Etxe aurrean zeukaten eraikina. Bi zubien artean, alderik alde. “Guk ere pila bat laguntzen genion amari, bertan bizi ginenez… euria hasten bazuen, amak deiadar egin eta denok korrika joaten ginen esekita zegoen arropa jasotzen laguntzera!”, dio Estherrek. Manolik gogoan du lurrun berozko armairu luze batean nola mahai-oihalak eta ezpainzapiak eta arropak zintzilikatzen ziren.

Eskolara trenez

Ez dakit nondik zegoen tarte txikiagoa eskolara, San Jose ikastetxera, Zestoako geltokitik edo gure etxetik, baina gu trenez joaten ginen”. Urolako treneko langileen familiakoek doan izaten zuten trena. Eskolara joateko, adibidez, primeran aprobetxatzen zuten, baita hondartzara joateko ere; Zumarragatik trena nola etortzen zen, bete-bete eginda, oroitzen dute. “Oesteko trenak deitzen genien” dio Pedrok, “zati bat irekia izaten zuten eta udan bagoi gehiago behar zirenean horietakoak sartzen zituzten. 13 bagoidun trenak eta izaten ziren udan!”.

Trenbidearen ondoan bizi baziren ere, trena harrapatzeko korrika saioak egin behar izaten zituztela diote; izan ere, trenaren soinuarekin guztiz ohiturik zeuden eta, askotan, ez ziren ohartu ere egiten trena pasa berri zen, bazetorren edo bertan ote zen.

Bainuetxearekiko lotura

Pedrok ondo gogoratzen du nola aritzen zen botones lanak egiten Bainuetxean: “13 urterekin edo hasi nintzen, uda oro, botones lanetan, herriko beste mordoxka batekin: Estanis, Uria, Txoixo… Herriko mutil gazte mordoa izan ginen botones. Nik uste, gu izan ginela azkenetako botonesak. Gero alkandora urdina eta gorbata jarri zizkiguten. Maletak alde batera eta bestera eramateaz gain, txakurra paseatu, erosketak egin, bolatokian boloak zutik jarri, eta antzeko lantxoak egiten genituen”.

Garai hartan Bainuetxea uda sasoian bakarrik egon ohi zen irekita eta jende aberats asko etortzen zen bertara. Gure solaskideak ondoan bizi zirenez, jende asko ezagutzeko aukera izan zuten. Manoli, adibidez, bost senideetan txikiena, Madrilgo familia bateko alabaren laguna egin zen, eta ia uda guztia beraiekin pasatzen zuela gogoratzen du: “Hilabete bat pasatzera edo etortzen ziren Bainuetxera eta ni eurekin ibiltzen nintzen alde batera eta bestera”. Uda batean beraiekin aste bat pasatzera joan zen Marbellara eta Madrilen euren etxean ere egon zen. Urteetan mantendu du harremana alabarekin eta bere ezkontzan ere hemen izan zen: “Hau asko gustatzen zitzaion eta festetan-eta behin baino gehiagotan etorri izan da gurekin!”. Pedro anaia zaharrenak gogoan du bera botones zebilen bitartean, arreba gaztea nola ikusten zuen jolasean eta gauetan nola egiten zituen ateraldiak “gaur Hondarribian izan naiz eta hurrena Pasaian eta…”.

Mutilek ere izan zuten behin sorpresa. Seme-alabarik ez zuten bikote batekin kalera etorri eta Kaleokerreko Larrañaga dendan hiruerei poloak erosi zizkioten. Polo marradunak, hirurentzat berdinak eta bihotzaren parean krokodilotxo bat. Gerora jakin zuten Lacoste marka ezagunekoak zirela.

Bainuetxean dendak zituztenei ere laguntzen aritzen zirela oroitzen dute. Trenean iristen ziren, adibidez, Bergarako barrubeteak (Rellenos de Bergara) eta kaxak Bainuetxeko Alamedako dendara eramaten zizkieten saltzaileari, musu-truk noski. Eta noiz edo noiz, enkargua ahazten bazitzaien errieta ere etzun behar izan zutela gogoratzen dute.

Bainuetxeko ura botiletan saltzen zen garai hartan, eta askotan tokatu zitzaien botilak botilaratze-etxetik trenera edo alderantziz eramatea. Orain pelleta egoten den lekuan zegoen, Bainuetxe parean, ibaiaren beste aldera. Merkantzia iristen zenean, orratza aldatu behar izaten zen, gurditxo moduko batera deskargatu eta handik etxe atzeko trenbidetik botilategira. Izugarrizko pisua izaten zuen.

Oroitzapenak

Errege Egunean tren-makina txiki bat etortzen zitzaien, goizean goiz, etxe parera hiru erregeekin. Aitaren lankideak izaten ziren mozorrotuta. Haurrak bizi ziren geltokietara joaten ziren opariak banatzera. Oso oroitzapen politak dituzte egun horretakoak: “Arropa dotoreak jantzita jaisten ginen” dio Manolik irribarretsu. “Palmera hostoekin eta apaintzen zuten lokomotorra. Goizeko 9etan zain jartzen ginen. Aurrez eskaera egiten genuen, orri batean idazten zuten gurasoek. Gureek ederki aprobetxatzen zuten behar zenerako, aterkia, jertsea… A ze zoramena gurea! Zure izena esaten zuten eta gerturatzen zinen trenera eta zure oparia ematen zizuten”.

Txikiak zirenean, lagunekin jolasteko herrira etortzen zirela diote, baina hazten joan ziren neurrian, pixkanaka gauzak aldatzen joan ziren eta lagunak hasi ziren beraien etxe ingurura jolastera joaten. Bainuetxeko teniseko pistan asko jolasten zutela gogoratzen dute: “Sarerik ere ez zegoen, baina hockeyan ederki asmatzen genuen jolasten, palmera adar okerrekin!” dio Pedrok. “Denetarik asmatu genuen garai hartan: saskibaloian, futbolean, arkuekin… Gauetan pote-poteka… Orduan alderantziz izaten zen, gu han geratzen ginen etxean, eta haiek taldean itzultzen ziren herrigunera”.

Ibaian ere saio ederrak egiten zituzten: “Baltsak-eta egiten genituen bilatzen genuen edozerekin! Irla moduko bat formatzen zen tartean eta hara eta hona ibiltzen ginen. Zubipean lotuta edukitzen genuen”. Garai hartan Urola ibaiak askoz ur gehiago eramaten zuen, presa eraitsi aurretik. Arrantzan ere aritzen zirela diote, eta inguru hartan karramarro mordoa zegoela; gaur egun ez dago horrelakorik inguru horretan.

Oikiatik Zestoara etorri zirenean estaziora bizitzera, ederki oroitzen dute aurreko zelaian egunero Akoako Joxepa Gurrutxaga egoten zela ardi zain. Harekin ere, hartu-eman handia izan zuten. Egun osoa pasatzen omen zuen Idiakaizko zelaian eta makina bat aldiz berarengana joaten omen ziren. “Ilea ere askotan mozten zigun berak!”

Marcos aitak, animaliak oso gogoko zituen eta beti izan zituen animaliak etxe bueltan: ahuntzak, katuak, txakurrak, untxiak… baita baratza ere. Handik alde egin zutenean ere, baratzera joaten jarraitu omen zuen egunero. Pedro Azkoitira ezkondu zen, baina bere seme zaharrena astero-astero etortzen zen; “izan ere, aiton-amonen etxera etortzea harentzat baserrira etortzea bezala zen, mundial pasatzen zuen hemen!” dio Pedrok.

Garai baten amaiera

Urolako Trena itxi zenean, 1988an, Marcosek artean ez zuen jubilatzeko garaia eta azken urteak alde batera eta bestera eman zituen lanean: Durangon, Zumaian, Zarautzen… Urolako trena itxita egon arren, estazioko etxean bizitzen jarraitzeko aukera izan zuten, baina behin aita jubilatu zenean, etxea uzteko abisua iritsi zitzaien. Ordurako herrian beste etxe bat erosia zuten eta bertara joan ziren bizitzera. Manoli alaba gazteenak 25 urte zituen garai hartan. Pedro zaharrenak zazpi urte gehiago zituen, ordurako ezkonduta zegoen eta Azkoitian bizi zen.

Jone Bergara Alberdi

Naiara Exposito Alberdi

 

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide