Erretaulen bueltan, Zunzunegi gogoratuz

Azkeneko danbolin aldizkarian nire lagun Bizente Davilaren artikulu eder bat dator Zestoako parrokia-elizako erretaulari buruz. Sarrerako hitzek hausnarketarako bidea jarri didate eta aukera paregabea eskaini didate Jose Mari Zunzunegi zena gogoratzeko (egun gutxi barru beteko dira hiru urte hil zela).

Honela dio Davilak: “Mendez mende kristau Eliza Katolikoak erretaulen bidez apaindu izan dira. Sinestunentzat erretaularik gabeko eliza pobrea zen ezinbestean. Gaur egun, berriz, arkitekto modernoak eliza hutsak eraiki zale dira; halaber, baita antzinako elizak biluzteko zale ere; horrela gehiago luzituko dutelakoan. Hori izugarrikeria irudituko zitzaion hainbat belaunalditako jendeari.”

Lehenengo irakurraldian azalpen borobila dirudienak, ordea, zalantza eta hausnarketa askorako bidea jarri dit. Eta hemen ateratzen zait bidera, bidelagun ezin apartagoa: Jose Mari Zunzunegi apaiza.

Jakina da Vatikano II.a Kontzilioak (1962-1965) liturgia arloan hainbat aldaketa egitea erabaki zuela elizatan. Bat aipatzekotan, meza erretaulari begira, ez jendeari begira, ematen zen eta, ondorioz, aldarea erretaularen kontra egoten zen (ikus Liliko kapera); orain, berriz, apaiza jendeari begira jartzen da eta aldarea erretaulatik aparte dago. Beste aldaketa izugarria izan zen –baina honek ez dauka zerikusirik gaurko gaiarekin– Kontzilio aurretik meza guztia latinez izaten zela eta orain, berriz, tokian tokiko hizkuntza erabiltzen dela.

Kontua da Kontzilio ondoren, elizatan aldaketa ugari egin behar izan zirela, bai lehengo zaharretan baita ordutik aurrera egingo ziren berrietan ere: aldareak lekuz aldatu egin behar izan ziren, sagrarioak ere bai, santu eta irudiak nola jarri aztertu, gurutzearen protagonismoa ondo aztertu, argiztapena irizpide berrietara egokitu, musika eta kanten papera zehaztu… Motzean esanda, eskua bete lan.

Bada, Kontzilioak agindutako aldaketak martxan jartzeko ardura, Gipuzkoako elizbarrutiari zegokionez, Zunzunegik izan zuen. Ez zen badaezpadako lana. Gipuzkoako udaletxeetan edo frontoietan edo kultur azpiegituratan edo, berdin da, beste azpiegitura zibilen bat aldatzeko Gipuzkoa mailako ardura izan bazuen, honez gero, oso ezaguna izango zen gure herrian, baina aldaketa horiek Eliza eremuan egitearen ardura izanak ez dio batere osperik eman. Elizako erakundeak ez ezik, gaur egungo erlijio laikoak ere oso trebeak dira bere doktrinatik kanpo dagoen guztia ezkutura bidaltzeko. Baina, tira, utz dezagun hori.

Zunzunegik, lehen esan ditugun aldaketa haien arduradun lanetan zebilela, 1979an, oso liburutxo interesgarria argitaratu zuen: La Iglesia, casa del pueblo de Dios. Liturgia y arquitectura. Bertan, hainbat hausnarketa mamitsu ageri dira.

Hara, lehen elementu deigarria: Beste erlijio batzuk tenplua sortu zuten, batez ere adierazteko han dagoela Jainkoa eta han elkartu daitekeela berarekin. Lehen hiru mendetako kristau komunitateak, ordea, bere nortasunaren alderdi iraultzaile gisa aurkeztu zuen tenplu eta aldarerik ez edukitzea. Kristauek, hasiera batean, ez zuten leku sakraturik eraiki. Etxe arruntetan biltzen ziren eta beren ustez Jainkoarenganako kultua eguneroko bizitzan egin behar zen, tenplurik behar gabe.

Gero IV. mende inguruan, (gogoratu 313ra arte kristautasuna debekatuta egon zela, eta ordutik aurrera Estatuaren erlijio bihurtu zela) elizak eraikitzen hasi zirenean, ez zituzten tenplu izendatzen, basilika baizik. Tenplua Jainkoaren etxea zen eta basilika, aldiz, jendearen bilgune (horregatik deitzen dio Zunzunegik bere liburuari Iglesia, casa del pueblo de Dios).

Denborarekin, ordea, eliza bilgune baino gehiago santutegi bihurtuko da eta “hortik dator tenplua [eta erretaula, esango genuke guk] eraikitzeko Elizaren historian pilatutako baliabide sorta: gailentasuna, neurrigabekeria, monumentaltasuna, material preziatuak, luxua, ilunantza (…) eta hortik, baita ere, eskulturarekiko zeuzkaten eskrupuluak betirako gainditzea”. Eta horrela sortzen dira, garai bakoitzaren arabera, “eliza-jauregia, eliza-gotorlekua, eliza-monumentua, eliza-antzokia eta eliza-museoa”. Eta erretaulak! Kontzilioa –eta frankismoa– pasa berriak ziren garai haietako askatasun giroan idazten du Zunzunegik, aho-bizarrik gabe; gerora, Eliza asko moderatu zen.

Hasierako kristautasunaren ezaugarri horiei (elizarik ez izatea, eta baldin bazuten biltokia izatea ez santutegia; eraikuntzen xumetasuna; aldarerik ez izatea…) garrantzia handia ematen die Zunzunegik eta horrek asko markatzen du bere filosofia elizak berritzerakoan. Erretaula, irudi eta gainerakoei dagokionez, Zunzunegik garbi du horiek beranduagoko kontuak direla –ez behintzat kristautasunaren sorrerakoak– baina ez du zalantzan jartzen irudien zilegitasuna. Bere ustez, “arazoa ez da irudiak onartzea edo ez, baizik-eta irudi horiek gaur egungo liturgian barneratzea eta behar duten funtzioa betetzea”. Horretarako, hasteko, irudiak kalitatezkoa izan behar du arte ikuspegitik eta elizaren estiloan ondo egokitu behar du. Bestalde, gure begiak irudi edo elementu bakan batzuen inguruan biltzearen aldekoa da Zunzunegi eta ez, Kontzilio aurretik ohi zen bezala, eliza, azoka txiki baten moduan, dena irudiz betetzea. Gurutze-bideari dagokionez ere, dena irudiz jostearen ordez, lurrean seinale batzuekin markatzea nahikoa dela, esaten du. Eta horrela, beste hainbat adibide jartzen ditu bere liburuan.

Laburbilduz, Zunzunegik ez du eliza soil biluztua proposatzen baina bai esentziala, xumea, behar den baino irudi gehiago ez duena, atsegina, benetakoa… Hori bai, edertasuna inoiz ahaztu gabe. Bizente ere ados letorke irizpide horiekin.

Zestoako eliza da, urrutira joaten ibili gabe, Zunzunegiren irizpidepean zaharberritu zen elizatako bat. Merezi du nik aipatu dudan liburutxoa irakurri, elizara joan eta norberak ikustea zein zuzen aplikatu zituen Zunzunegik bere irizpideak. Eta zein emaitza bikaina lortu zuen! Norbaitek uste badu, dena oso sinpleki, aztertu gabe, jarrita dagoela, deskuidatuta dago: gauza bakoitzak “teologia” sakona du azpian.

Alferrikako hitzaldiak irudituko zaizkie, nik gaur idatzi ditudan hauek, makina bat jenderi; gaurko jendearengandik oso urruti dauden gauzak. Terry Eagleton ikertzaile “marxistak” Razón, fe y revolución liburuan idatzitakoa esango nieke: “Baina nik hemen egiten dudana da nire aurrekoen alde hitz egitea, eta beren bizitza eskaini zieten sinesmen hura zerbait hutsa eta baliogabea dela salatzen dutenen kontra”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide