Euskarari puzka 2022

ERRIGORA Bat egiteko garaia da

Abian dugu aurten ere Errigoraren “Euskarari puzka” kanpaina. Eskaerak, azken urteetan bezala, errigoraren webgunean, 848 87 12 23 telefonoan edo Zestoako AEKren bulegoan egin daitezke. Epea urriaren 22tik azaroaren 10era egongo da zabalik.

Hiru saski
Azken urteetan egin dugun bezala, hiru saski izango ditugu kanpaina honetan: saski beltza (55€), Errigoraren saski klasikoa, saski berdea (65€), ekologikoa, eta saski zuria (75€), berezia. Gainera, iaz egin genuen gisan, saski bakoitzean egutegi txukun bat sartuko dugu.

SASKIAK

Diru-ekarpena
Beti bezala, euskarari puzka kanpainako saskien balioaren %25 bideratuko dugu Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzara, hau da, saski beltzetik 13,75€,  berdetik 16,25€ eta zuritik 18,75€. Gure inguruan kanpainaren berri ematean, ondorengo bi ideiak azpimarratzea tokatuko zaigu:

• Euskarari puzka da Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari diru-ekarpena egiten dion Errigoraren kanpaina, eta
• Saskiaren balioa zenbat eta altuagoa, diru-ekarpen handiagoa euskalgintzari.

 

Bat egiteko garaia da
Zonifikazioa gainditzeko garaia da; Nafarroa bat egiteko garaia da. Ia hiru hamarkada pasa dira euskararen legeak lurraldea hirutan zatitu zuenetik, eta bada garaia  egoera bidegabe honekin bukatzeko, Nafarroa garaia bat izan dadin. Bada garaia euskarak lurraldean mugarik izan ez dezan eta bada garaia herritar guztiek eskubide  berak izan ditzaten.

Euskararekin bat egiteko garaia da; Nafarroa hegoalde eta erdialdeko sektore zabalak euskararekin berradiskidetzeko garaia da. Izan ere, baliabide eta bitarteko gehienak bere alde izanik, hamarkadetan nagusitu den diskurtso tranpatiak lortu du, askoren begietara, zonaldeko borondate nagusiaren aurka inposatzera datorren kanpoko elementu gisa kokatzea euskara. Iruzur handi hori eraisteko ordua da, euskara ez baita kanpokoa eta ez baita, inondik ere, inposatzen ari. Orain mende gutxira arte euskaldun izan dira Agerreko lurrak eta orain hamarkada gutxira arte tradizio euskaltzale handia mantendu da zonaldean. Orain, zonifikazioaren aroa gainditzeko, aldekotasun berriak bildu behar ditugu euskararentzat. Bada garaia, begietako benda kendu eta berriz Agerreko tradizio euskaltzalea berrartzeko.

Agerreko euskaltzaleok bat egiteko garaia da. Ez, noski, denok berdin aritzeko, baizik eta nork bere eremuan eta bere tresnen bidez sokaren mutur beretik tira egiteko. Indarrak batzeko egin behar dugu bat;  eremu zabal honetan euskalgintzak izan beharreko lehentasunak adosteko eta norabidea bateratzeko. Izan  ere, zonifikazioa gainditzeko Errigoraren eta Agerraldiaren bidea ez baita kontu-eskatzean edo  aldarrikapenean oinarritzen. Ezbairik gabe, egungo egoeraren erantzule nagusiak administrazioa eta bere  kudeatzaileak dira. Baina, halakorik ukatu gabe, behetik gorako bidean egin nahi dugu guk indarra;  herritarrak batu eta auzolanean aritzea da gure egitekoa.

Nafarroarekin bat egiteko garaia da; euskaltzaleon arteko elkartasunaren ordua da. Kasu honetan ere, nork bere batailari aurre egin behar dion arren, ezinbestekoa da denok batera aritzea. Baitaezpadakoa da Errezilgo euskaltzaleek Caparrosokoekin bat egitea, Durangokoek Ziburukoekin bezalatsu.

Kanpaina honetan saskiak eskatzea bada bat egiteko modu bat. Zonifikazioaren afera ez baita nafarren arazoa, euskararena baizik, eta datozen hilabeteak erabakiorrak izan daitezke. Kanpaina honek eskaintzen du, elkartasuna adieraztetik harago, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari baliabide ekonomikoak emateko bidea, baita haien
eguneroko batailetan gainontzeko euskaltzaleen babesa eta arnasa sentitzekoa ere.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide