Paperekoa

ESKLABOAK PORLANAREN LAINOPEAN

Arroabea, 200 laguneko herrixka, baserriak aparte. Garai batean, 115 preso ekarri zituzten hara, behartutako lanak egitera. Larriena hura ahaztu izana da, edo hobeto esanda, oroitzapen gogor haiek bakoitzak bere barruan, isilean, gorde behar izana. Baina, agian, latzena, behartutako langile gazte haien lan gogorra baino, beste gauza bat zen: erregimen frankistak nola zigortzen zuen presoaren familia osoa, emaztea eta ume gaixo haiek; nola ibilarazten zituzten, soinean zeramatzaten “ondasun” ezerez haiek hartuta, Espainiako herri batetik bestera presoarengandik hurbil egon nahi zutelako. 70 urte baino gehiago pasa arren, hura umetan bizi izan zutenei oraindik ere negarra ateratzen zaie orduko kontuak gogoratzean.

Francoren ejertzitoak gerra irabazi zuenean, Kartzelatako Zuzendaritza Orokorrak espetxe sistemaren gestioa bere gain hartu zuen, eta espetxeetan zeuden preso asko behartutako lanean jarri zituzten. Horietako asko heriotzara zigortuak zeuden, baina erregimenak gazte sasoikoenei “barkatu” egin zieten, Espainia berreraikitzen jardun zezaten. Ordukoa da Lanaren bidez Zigorrak Arintzeko Sistema (Sistema de Redención de Penas por el Trabajo), eta oso aukera bikaina izan zen hura Estatuarentzat, lehertzeko zorian zeuden espetxeei irtenbidea emateko. Milioi bat preso politiko zeudela urte haietan Estatuan, diote hainbat ikerlarik.

Lanera behartutako presoak herri-lanetarako aprobetxatzeko, zigor destakamenduak sortu ziren. Presoei, behartutako lanaren truke, gutxitu egiten zitzaien zigorra eta, beraz, onartu beste aukerarik ez zuten izaten. Aurrenekoak 1939ko urte amaieran sortu ziren eta 1943an jo zuten gaina: 121 destakamendu eta 15.961 zigortu Estatu osoan. Nolanahi ere, destakamenduak gauza “hutsa” ziren, horrela esan badaiteke: horietatik aparte, beste milaka askok (400.000, zenbaiten arabera) egin behar izan zuten esklabo lana (lan-batailoietan eta abar).

Zigor destakamenduen eta esklabutzaren bidez herri-lan garrantzitsu asko egin ziren. Ezagunena Erorien Harana da (Valle de los Caídos), baina hurbilago ere makina bat preso erabili zituzten: Sondikako aireportuan (1.600 inguru), Durangon (1.500 inguru)… Gipuzkoari dagokionez, gehienak azpiegitura militarrak eraikitzen ibili zituzten, batez ere, Oiartzun, Lezo eta Errenteria inguruan (7.000 presotik gora). Horrez gain, herriak berreraikitzeko (350 inguru), industrian (100 inguru), errepide zibiletan (125), bestelako zereginetan (300 bat) eta abar.

Construcciones ABC eta langile esplotazioa

Kasu askotan, zigortutako preso horiek enpresa pribatuentzat egiten zuten lan. Kontratista edo enpresek Espetxe Zuzendaritzari ordaintzen zieten behartutako langileen soldata. Arroan, Ferrocarriles y Construcciones ABC enpresa zen esplotatzailea. 1938an, berak bereganatu zuen Alberdiren zementu fabrika, gero Rezolak hartuko zuena. ABCn, bi pertsona aipagarri zeuden: Joaquin Bau eta Ramon de Caso Suarez, biak ere ondo kokatuak erregimen frankistaren egitura ekonomikoan. Horrek esplika dezake nolatan izan zuen hainbesteko papera, Ferrocarriles y Construcciones ABCk, zigortutako langileen erabileran. Esate baterako, 1943an, 5 destakamendutako jendea ari zen lanean enpresa horrentzat Gipuzkoan: 115 langile Arroako zementu fabrikan, 125 Itziarko errepidea egiten, 130 Irunen, 150 Errenteria aldean eta 60 Donostiako Zumalakarregi etorbidea egiten (Antiguako sarrera). Denera 580 langile.

Itzarko kasua oso berezia da, herrira igotzen den errepide haren eraikuntzak ez zuen-eta inolako izaera militarrik. Zigor destakamenduak erabiliz egindako izaera zibileko errepide bakarrenetakoa da Gipuzkoan.

Gipuzkoakoez gain, Estatuan beste 4 destakamendutako langileak zituen ABCk: 50 langile Bujedon (Burgos) errepideak berritzen, 370 Pedrosan (Burgos) trenbidean, 170 Retoma-ko ur-saltoan (Logroño) eta 190 Vega del Pasen (Kantabria) trenbidean.

Guztira, beraz, beti ere 1943a oinarritzat hartuta, bederatzi zigor destakamendutako ia 1.400 preso, hau da, Estatu osoan zeuden behartutako langileen %10, hamarretik bat.

Arroako zigor destakamendua

Arroan, ezer gutxi geratzen da zigor destakamendu hartatik, baina hura sufritu zutenek berehala antzematen dituzte hango aztarna bakanak. Martzelo Usabiagak (Ordizia 1916, Donostia 2015), gerra garaian miliziano komunista izandakoak eta Arroan preso egondakoak, bizipen ugari kontatu zizkion Aitor Azurki kazetariari, eta hark Hirian argitaratutako pasarteek piztu zuten sua Arroan, behartutako langile haien oroimena berreskuratzeko eta han ibilitakoak omentzeko.

Usabiagak, presondegi izandako etxea ikusi bezain laster azaldu zion Azurkiri: “Nik bulegoa lehen pisuko balkoi hartan neukan; begira, oraindik ikusten dira logelak! Hemen egoten ginen presoak, metalezko literatan egiten genuen lo, hiru etzalekukoa bakoitza”. Nabarmenak izango ziren, bada, 115 preso haiek Arroabea bezalako herrixka txiki batean! 200 bat lagun bizi ziren garai haietan Arroabean, baserriak aparte.

Usabiagak gogoan du nolakoa zen hango bizimodua, eta han preso egondako beste baten –Antonio Gonzalezen– bilobak kontatu zigun hori, urriaren bukaeran egin zen omenaldian: “Gosaria goizeko zortzietan; gero kontaketa egiten zen, eguerdian ere bai eta gauean ere bai. Destakamenduaren ondoko zabalgunean gosaltzen zuten. Presoen adina, bataz beste, 25 eta 30 urte. Preso gehienak kanpokoak ziren”.

Harrobia eta linea

Dirudienez, hiru tokitan egiten zuten lana behartutako langileek. Gutxi batzuk zementu fabrikan bertan. Beste mordoxka batek harrobietan (Portland zementua egiteko, marga eta kareharria erretzen zituzten ikatzarekin batera). 1939an, Itziarko Usabiartzako harrobia jarri zen martxan (Santuaran pasa eta berehala) baina beste harrobi batzuk ere bazituzten. Martzelo Usabiagak dioenez, kamioetan ekartzen zuten harria harrobitik; hamabost bat kamioika kalkulatzen ditu eramaten zirela Arroara egunero. 1941n, ordea, aireko linea eraikitzen hasi ziren Usabiartzako harrobia eta fabrika lotzeko, eta harria handik garraiatzeko. Behartutako beste langile askok linea hura eraikitzen jardun zuten. Ia 4 kilometroko luzera zuen lineak eta 1945ean inauguratu zen.

Campillotik Arroara

Martzelo Usabiaga, ikasketaduna izaki, destakamenduko bulegoetan ibili zen lanean, baina gehienek peoitzan eta lan gogorragotan pasa behar izan zituzten urteak. Antonio Morenas, semea, umea zen garai haietan baina gogoan ditu aitak, Antonio Morenas Llanesek, kontatutakoak: “Nire aita Campillon (Badajoz) jaio zen [1909. urtea]. Gerra garaian preso sartu zuten eta kartzela batetik bestera ibili zuten Valentziara eraman zuten arte. Aita Valentzian preso zegoela, ama eta bi seme-alabok hara joan ginen. Baina gero Bilbora eraman zituzten, Larrinagako espetxera”. Larrinaga oso espetxe gogorra zen; Francoren armada Bilbon sartu zenean, exekuzio-gune nagusi bilakatu zen eta makina bat pertsona erail zuten bertan. Datuen arabera, 1938ko apirilerako, 724 heriotza-zigor ezarri ziren han. Antonio bera ere heriotzara zigortuta egon zen.

Nolanahi ere, azkenean, Arroako zigor destakamendura ekarri zuten: “Arroara ekarri zutenean, hark bazekien urte batzuk barru libre utziko zutela baina ezin izango zuela Gipuzkoatik atera. Orduan amari eta koinatuari deitu zien eta haiek, nire arreba eta ni hartuta, Arroara etorri ziren. Hemen Sansinenea deitzen ziren etxeetan [Arroatik Zestoarako errepidearen kontra] bizi izan ginen laurok, logela berean. Destakamenduan ezer gutxi ordaintzen zioten gure aitari. Gero, nola garia mozten eta bazekien, destakamenduan aske uzten zuten tarteetan, Talo, Mailu eta inguruko baserrietara joaten zen haiei laguntzera. Gure aitak hamahiru kilo irabazi omen zituen hiru hilabetean. ‘Lapurreta’ txiki batzuk ere egingo zituzten, sagar batzuk-eta… Talok, Nartzisok, esaten du hark oraindik badaukala aitzurra, Arroako preso batena, berarentzat gordetzen zuena lanera etortzen zenerako. Aita libre utzi zutenean [1943ko bukaera aldera], beste etxe bat bilatu genuen, bi gela eta sukaldearekin eta, tira… Preso zegoenean harrobian egiten zuen lana baina libre geratu zenean fabrikan hasi zen lanean”.

Ama haiek

Amapola Hernandok, Antonio Morenasen emazteak, bere ama eta andre haien bizimodu latza aipatzen du, eta horrek ematen dio hizpidea senarrari, bere amaren atarramentuak gogoratzeko: “Amak eta osabak, Valentzian zeudela, eneazko jarlekuak egin eta konpontzen zituzten. Hori zela-eta, aitak, Arroan preso zegoela, esan omen zion amari: ‘hona etortzerakoan, ekar itzazue enea fardo mordoxka bat trenean, hemen lana egon daiteke-eta’. Eta hala etorri ginen denok; gero fardo mordoska haiek iritsi ziren, eta elizako jarleku guztiak egin edo konpondu zituzten eta baita makina bat baserrietarako ere. Eta horrela ibili ginen aita askatu zuten arte”. Ama (edota emazte) haiek sekulakoak egin beharko zituzten eguneroko jana inguratzeko.

Urtiagako elektrikaria

Amapolaren aita ere, Fabio Hernando, zigor destakamenduetan ibili zen baina hura Itziarko Urtiaga baserrian egon zen “atxilotuta”. Larrinagako espetxetik ekarri zuten, bizpahiru bat urte pasa behar izan zituen kartzelan. Ama ere Saturraranen eduki zuten. Fabiok Amapolari kontatutakoagatik, gogoratzen da jendea harrobian ibili zela lanean “baina gure aita elektrikaria zen eta inguruko baserrietara argia eramateko aprobetxatu zuten. Talde bat ibili zen lan haietan baina elektrizitate kontuez zekiena gure aita zen. Eta barkuko kapitain-edo izandako bati, mastetara igotzen ohitutako bati esan omen zion: ‘Hik niri lagunduko didak’. Posteetara igo egin behar izaten zen-eta. Eta gogoan dut kontatzen zidala nola ekarri zuten beraiek argia baserri haietara. Eta gero, bizimodua, Antoniok bezala: joaten zen baserrietara, eta arrautzak, edo tomate bat, edo bidean aurkitzen zuen sagarren bat…”

Bizimodua

Zigortuta zeudenentzat oso lan gogorra zen hura eta oso makineria gutxirekin egin beharrekoa. Antoniok esaten du, hala ere, askatasun pitin bat bazutela, “batez ere larunbat eta igandetan: amak bazkaria egiten zuen, eta destakamendutik ateratzen uzten zioten familiarekin bazkaldu ahal izateko. Paseatu ere egin zezaketen…”. Iritzi berekoa da Martzelo Usabiaga ere: “ezin daiteke esan tratua hain txarra zenik, destakamenduan lanean zebilenaren sentsazioa askatasuna baita, jakina, kartzelarekin konparatuta”. Amapola ere uste berekoa da: “Larrinagako eta Saturrarango kartzelekin konparatuta, alde izugarria dago!”

Lanaren gogortasuna baino okerragoa izango zen familia mantendu egin behar, nola edo hala, eta behartutako langileek ez zutela ia sosik ere jasotzen. Enpresak Espetxe Zuzendaritzari ordaintzen zion pioi libre bati zegokion soldata, 10-11 pezeta eguneko. Hortik 2 pezeta inguru, presoaren mantenurako erabiltzen zuten eta preso bakoitzari 0,50 pezeta inguru ematen zizkioten eguneko. Azkenik, presoa “legez eta elizaz” ezkonduta bazegoen, emazteari eta umeei ere zertxobait ematen zieten. Gainontzeko guztia Estatuak hartzen zuen.

Hala ez zeukan, inola ere, bizitzerik familiak. Antoniok, bere aita libre geratu zen garaikoak ekarri ditu gogora: “Egizu kontu, gure aita, esaterako, tailerrean zortzi ordu egin ondoren, Zumaiako portura joaten zela, han itsasontzietatik ikatza deskargatzera eta porlana kargatzera; han zerbait irabaziko zuen, ikatz pixka bat emango zioten… Gero, baserrietan ere laguntzen zuen janari pixka baten truke…”.

Ahanztura

1945 inguruan itxi ziren zigor destakamendu gehienak, Arroakoa ere bai, preso askok Francoren gobernuak urriaren 9an emandako indultua jaso zutelako. Orduz gero, ahanztura etorri zen eta dena estali zuen. Zorionez, ordea, oraindik ere berreskuratu daitezke oroitzapen asko. Guk hemen, bizpahiru lekukotza besterik ez ditugu bildu baina denborarekin gehiagorengana iritsi nahiko genuke, eta ahaztutako pertsona horiek denak argitara atera. Denak, han sufritu zuten denak direlako inportanteak.

OHARRA: datu historikoak biltzeko, batez ere, honako iturriak erabili dira:

Acosta Bono, G. eta beste batzuk: El Canal de los Presos (1940-1962), Crítica, 2004

Mendiola Gozalo F.: El impacto de los trabajos forzados en la economía vasco-navarra (1937
‐
1945) www.aehe.net


Olaizola Elordi, J. : Trabajo forzado y ferrocarril. IV Congreso de Historia Ferroviaria, Málaga, 2006

ARGAZKIAK

(handia) Itziartik Arroako fabrikara kareharria garraiatzeko linea. Argazkia: Ramon Dimas

Itziartik Arroako fabrikara kareharria garraiatzeko linea.

Arroako fabrika 1950 inguruan. Argazkia: Mariano Estornes Lasa.

Arroako zigor destakamenduaren argazkiak. Imanol Salegi.

Fernando Arzallus




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide