Eskola txikien jaia Aizarnan

Eskola txikiak aldarrikatzeko urtero egiten den jaia gero eta hurbilago dugu eta  aipamen txiki bat egingo diogu berari lerro hauetan. Aurten Aizarnak antolatzen duenez jaia,  egun honen harira logoa ere aurkeztu berria duelako.

Aitortu beharra dago Aizarnak  oinarri handi bat duela eskola txiki  honekin, eskolarik ez duten auzo edo herri txikiek, zailtasun handiagoak dituzte haurrak  hezitzeko garaian, mugikortasun egoki bat izan ezean behintzat.

Nire heziketa garaian biztanle multzo handiagoa  zuen Aizarnak, gelan egurrarekin berotzen zuen estufa txiki bat zen erdian kea dariola,  eskerrak alkandora zuriak ez genituen janzten, bestela gazta kolorea berehala hartuko zuten! 

Gaur egungo eskolak  haur kopuru txikiagoa du  eta berogailu egokia gelan, baina hezitzeko kopuru txikia izan arren,  XXI. gizaldian, ez ditugu utziko gure haurrak heziketa egoki bat jasotzeko aukerarik gabe.

Egun Aizarnan ez dugu  arazorik horretan, eskola dotore bat daukalako, maila egokia duten  irakasle talde batekin. Beraz arlo honetan lehen aipatu bezala oinarri handi bat daukagula ez dugu  ahaztu behar.

Baita ere  kontuan hartu beharrekoa,  herri txiki hauetako eskolak  kostu handiak dituztela, hirikoekin  konparatuta. Baliabide hauei eusteko gai bagara urteetan zehar,  ”txapela kentzekoa ” izango da.

Garaian garaikoak aipatu behar eta egun heziketa maila egokia  daukagula agerian dago, baina iraganeko belaunaldiei begiratzen badiegu ere  heziketa maila egokia jaso zutela nabaritzen dut. Alfabetatu gabeko biztanlerik ez baitut ezagutu herri honetan eta historiari pixka bat begiratzen badiogu kulturadun jende ugari atera baita   Aizarnatik. Askoren ahotan entzun izan dut Aizarnako jendea diplomatikoa dela, eta esaera zahar hauek egiaren zati bat ere beti dute berekin; ez dut uste dena txantxa izango denik.

Herri zabala eta baserriak sakabanatuta izateak ez zuen erraztuko  heziketa egoki bat lortzea herrian, haurren laguntza ere oso lagungarria izaten  baizen baserrian. Iritzi bat ematera ausartu eta esango nuke iraganean Aizarnako gurasoek, haurren   heziketa lehenetsi zutela eta lana bigarren mailan kokatu. Baliteke bide hau hartu izanak laguntzea, Aizarnan izan den alfabetatze maila lortzeko.

Amaitzeko esan behar, aurkeztu berria den logoa jasotzea nuela  helburu idatzi honekin eta Aizarnako heziketari buruzko bitxikeria batzuk aipatu irakurlea entretenitu nahian. Ea lortzen dudan.  Klikatu helbidean logoa ikusteko, egun berezi hau etorkizunean gogoratzeko ere baliagarri izango da eta.

Jon Egiguren




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide