Albisteak

Eskolak itxita, baina, irakasleak lanean

Itxialdiak bete betean eragin die ikastetxeei ere. Zestoak hiru ikastetxe ditu eta hauetako zuzendariekin egon gara opor atarian; Zestoako ikastetxeko Amaia Manterola, Arroako eskolako Arantxa Osa eta Aizarnako eskolako Aitor Zeberiorekin. Aurreneko hamabostaldiko etenak ezustean harrapatu zituen denak. Hura pasata, hau luzerako doanez, moldaketetan jarraitzen dute.

Nola antolatu zarete? Ze inpresio orokor duzue?

Amaia: Denok etxetik ari gara lanean. Telefonoa, e-maila, bideo konferentziak erabiltzen ari gara koordinatzeko. Tutore eta irakasleek ziklo/etapako talde eta e-mailak sortu dituzte komunikatzeko eta lanen prestaketarako. Zuzendaritzak urruneko kontrol bidez bulegoko gure ordenagailuei etxetik konektatua…

Guk hasera batean, ikasle guztiengana iristeko, inklusibitate aldetik, bakoitzari egokitutako txosten bat prestatu genion, paperean inprimatuta. Eskuz banatu genituen astelehenean, martxoaren 16an, txandak antolatuta. Etorri ezin izan zutenei denda batean utzi genizkien txostenak han hartu ahal izateko. Beste batzuei, irakasleek etxeko postontzian utzi zizkieten.

Ez da erraza izan zeren eskola ostiralean itxita izan behar genuenaren mezua ostegunean iritsi zen! Sorpresak, harridurak, noraezak, beldurrak… hartu gintuen. Halakorik ez da inoiz gertatu! Ez geunden prestatuak. Hezkuntzak ere, ostegunean ez zuen inongo jarraipen gehiagorik bidali. Egun bat izan genuen tutore eta irakasleek ikasle bakoitzarentzat egokitutako txosten bat prestatzeko. Hasera, batean 14 egunerako aurreikusten zenez, lanak fisikoki jasotzeko esperantzarekin bidali genituen. Hala, egoera eta Hezkuntzako jarraibideak goizetik gauera aldatzen zizkigutenez, tutoreek familia guztiei deitu zieten bakoitzarekin komunikazio bidea adosteko. Eta gaur egun hala dihardugu. Lanak batzuei irakasleen beraien etxeetan inprimatu eta postaz bidaltzen, beste batzuei Whatsappez. Etxeetan lanei argazkiak atera eta tutoreak jasotzen ari dira, emailez edo Whatsappez. Zalantzak telefonoz edo emailez erantzuten…

Inpresioa, denok, ikasleak, gurasoak eta irakasleak izugarrizko esfortzua eta lana egiten ari garela da. Eskolan gure lan egiteko metodologiarekin eta gure printzipioekin batere bat ez datorren lan egiteko modua da. Ezin dugu errespetatu ez zertarakoa, ez sozializazio, ez jolas, ez beste hainbat printzipio! Hezkuntzatik eskatzen dutena telelana da baina, ez ikasle guztiek dituzte baliabideak, ez berarekin lan hori egiten egoteko norbait… Familia bakoitzaren egoera guztiz desberdina da eta eskatzen digutena denekin berdin jardutea da. Ez gaude ohiko egoera batean. Alerta egoera batean gaude, pandemia bategatik. Gainera gure haurrak dira etxetik ezertarako atera ezin dutenak! Eta lan egitea eskatzen ari gara? Guk proposamenak bidali dizkiegu eta ahal dutena egiten joateko esan diegu ez familiak, ez ikasleak ez irakasleak ito gabe. 3.ebaluaketa horrela joango dela ziurra da. Beraz, zenbait ikasleren hainbat lan jaso beharra daukagu. Egia da produkzioari ematen ari zaiola garrantzia. Non hau ere, ez doa bat gure printzipioekin. Azken produktua ikusten ari gara, prozesua, kezkak, ikusi gabe. Banakako lanak ikusten ari gara… non talde lanean dihardugunean ia eskola jardun osoan.

Arantxa: Martxoaren 12an saio presentzialak eteteko mezua jaso genuenean, hasiera batean 15 egunetarako etenaldia izango zela aurreikusi genuen eta, arlo batzuetan, paperean eman zitzaizkien etxean egiteko lanak; beste batzuetan, berriz, drive-etik. 3. zikloko ikasleei baita classroom-etik ere. Egoera asko luzatu da eta interneteko aplikazioen bidez ari gara lanen jarraipena egiten. Aurreko astean, ikasleengana gehiago hurbiltzeko, LHko tutoreak bideo-deiekin hasi ginen. Etxeko egonaldia eta ikasketa prozesua nola doan jakiteko beste aukera bat eman digu eta, egia esan, aukera polita da. Oporraldian ere kontaktua mantentzekotan geratuta gaude. Familiei etenaldiaren hasieran eskolako komunikazio bideak irekita zeudela esan zitzaien eta irakasleen e-mailak ere eman zitzaizkien edozein zalantza edo argibidetarako. Etxean eskolako lanekin jarraitu beharrak, zenbait kasutan zailtasunak eragin ditu, baina familiak moldatzen ari direla badakigu, eta txalogarria da. Orain oporrak dira eta Arroako ikasleei oporretarako lan gehigarririk ez bidaltzea erabaki dugu. Lasaitu eta oporraldiaz gozatzeko unea da. Ea ba!

Aitor: Martxoaren 12an eskola ixteko agindua jaso genuenean, lehen txosten eta lantxoak bidali genizkien ikasleei etxera eramateko. Martxoaren 13an, ostirala eta 16an, astelehenean, irakasle guztiak elkartu ginen eskolan hurrengo hamabost egunetarako itxialdia nola antolatu erabakitzeko. Hainbat erabaki hartu genituen eskola-familia eta irakasle tutore-ikasleen arteko komunikazio etengabea bermatzeko: e-mailaren erabilera eta Whatsapp taldeak sortzea gurasoekin, etxerako txosten berriak ere prestatu genituen…

Martxoaren 17an, Urola Kostako eskola txikien zuzendari, irakasle eta Eskola Txikietako Koordinatzailearen arteko bideokonferentzia bat egin genuen bizi genuen errealitatearen balorazio bat egin eta hurrengo egunetarako eman beharko genituen urratsak aztertzeko, eta gure eskolak eraginkorrak izan daitezen bideak zehazteko.

Ondorengo egunetan, Zarauzko Berritzeguneko IKT aholkulariaren eta Eskola Txikietako Koordinatzailearen laguntzaz, eskola birtualerako edo klaseak online lantzeko aplikazio batzuk erabiltzeko formazioa jaso dugu, eskola ezberdinen arteko karpetak konpartitu ditugu eta irakasleen Whatsapp bat sortu dugu. Inpresio orokorra da egoera berrira moldatuz goazela etengabeko berrikusketa eta azterketa eginez. Urrats berriak inplementatzen egoera aldatzen den bezala. Ikasleak lanean ari dira eta lasai daudela esan digute gurasoek. Irakasleak ikasleekin ere hitz egin du telefonoz. Egin dituzten lan batzuk jaso ditugu zuzentzeko eta beste batzuk etxeratzea amaitutakoan jasoko ditugu, formatuaren arabera. Eskolako txikienentzat irakasleok grabatutako bideo batzuk bidali dizkiegu. Ikuskariarekin harreman zuzena izan dugu eta argibideak eman dizkigu. Familiekin etengabeko komunikazioa dugu, behar bada batzuentzat nahikoa izango da eta beste batzuentzat ez horrenbeste. Itxialdi egoera hau ere bakoitzak bere modura bizi duela badakigu irakasleok eta ahal bezain hurbilak izan nahi dugu guztiekin. Ez dakit asmatuko dugu!

Hedabideetan ikusi dugu zenbait herritan ordenagailurik ez duten familiekin eta egin diren ekintza ezberdinak, zein izan da zuen moldaketa?

Amaia: Gurean denei paperean eman zaie. Gaur egun gailuak ez dituztenak gutxi batzuk dira baina hauek izan arren bi/ hiru seme-alabei laguntzeko internet konexioa murritza dute.

Arantxa: Gurean, eskolatik egin da eskaintza ordenagailua behar duenari utziko zaiola esanez, eta bateren batek jaso du, baina oso familia gutxik eskatu dute. Aldi berean badakigu haurrak lanean ari direla, beraz,  horrek adierazten digu Arroako etxeetan digitalki moldatzeko modua gehienek badutela. Ordenagailua izateaz gain interneterako sarbidea ere izan behar da kontuan eta, dakigunez, familia guztiek dute.

Aitor:  Gure ikasle guztiek badituzte online lana egiteko gailuak, ordenagailuak, tabletak, internet konexioa… Beste faktore garrantzitsu bat ere badugu: guraso guztiek euskaraz dakite, eta beraz etxeko lanetan laguntzeko gai dira.

Pilaketak saihestu behar direla esaten da. Ikasturtea eskolan bukatuko duzuela uste duzue? Eskola txikietan ez dute kasu honetan abantailarik izango?

Amaia: Ez dakit benetan eskolan bukatuko dugun! Hau egunez egun, orduz ordu aldatzen ari den zerbait da. Ez dut uste inork abantailarik duenik. Bakoitzak gure errealitatea daukagu. Txikiagoa izateak ez du errazagoa denik esan nahi. Denok egoera berean gaudela uste dut, noraezean, ezjakintasunean eta egoera berezi honi aurre ahalik eta ondoen nola egin burua apurtuz.

Arantxa: Nik uste, eskolaratzeko agindu ematen dutenean, denentzako berdin izango dela. Nire ustez, udara baino lehen eskolara itzuliko gara. Ez, oporraldia amaitu eta berehala, baina maiatzean zehar, bai.

Aitor: Ez dakigu ikasturtea horrela amaitu dugun edo ez. Nik espero dut maiatzaren erdirako edo bukaerarako eskola presentzialak emateko aukera izatea. Agian desio hutsa da. Ikusiko dugu egunez egun zein bilakaera duen gaixotasun honek.

Ze alde on eta txar ditu zuen ustez, kasu honetan bezala, etxean ikasteak?

Amaia: Ez dut uste etxetik lanean egoteak, egoera honetan, inongo alde onik duenik. Etxean familian lasai ez gaudelako, inor. Egoera larri baten aurrean etxean geratu arazi gaituzte, batzuk. Derrigorrez ari gara etxetik lanean. Haurrak mugimendurik gabe, lagunak, familiakoa, ikusi gabe. Askotan etxeko lanez leporaino… Irakasleok ere ez baitugu asmatzen batzuetan gutxi, asko bidaltzen dugun… Guri ere eskatu eta eskatu ari baitzaizkigu Hezkuntzatik, kontrola eta kontrola… Gurasoak ere batzuk etxean, besteak lanean, beste batzuk ez daude alfabetatuak, ez euskaraz, ez gazteleraz. Nire zalantzak ditut zenbat haur egon daitezkeen guztiz bakarrik zenbait orduetan etxean…

Arantxa: Pandemiak, etxean derrigorrean ikasten geratzea eragin du. Ezustean harrapatu gaitu egoerak eta moldatu beharra izan dugu, bai irakasleok eta bai familiak. Negatibo bezala, barruan egon beharrak sortzen duen neke eta estresa aipatuko nituzke. Baina egoera honek, aldi berean baliabide teknologikoak erabili beharra ekarri du eta aplikazio berriak ikasi eta probatu ditugu. Hori positiboa da berriz! Aztertuko dugu orain arte egina eta hobetzeko proposamenak jaso eta martxan ipiniko ditugu. Egoera honetatik indartuta aterako gara, animoak eta besarkada bat guztioi!

Aitor: Etxean ikastearen alde ona, izatekotan, lanaren edo lan orduen antolaketa dela esango nuke. Gurasoekin laguntza, gertu egotea ere izan daiteke, kasuan kasu eta egoera ezberdinak aintzat hartuta. Baina eskola hori baino gehiago da, elkarrekin egotea, konpartitzea, lagun artea, talde lana, begirada, irribarrea, jolastea…. Hori falta zaigu.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide