Paperekoa

“Esne partitzea baino zerbait gehiago”

Esne partitzaileen inguruko kontuak bildu nahi, eta nola egin komeriak; izan ere Zestoan baserritar askok izan zuen lanbide hori, Aizarnan, Akoan, Endoian, Zestoako kale-baserrietan… Denak oroitu nahi eta inor ahaztu nahi ez. Esnea astoz partitzen zen garaira egin dugu salto, eta lanbide horretan urte askotan aritutako bati elkarrizketa egin diogu. Akoan, Txaperi baserriko sukaldean goxo hartu gintuzten, kafea eta bizkotxoa lagun; garai hartako kontu ugari ekarri zizkigun gogora Agustinak

Agustina Odriozola Eizagirre (Zestoa, 1939)

Gure ama Zubegoenekoa zen eta hona ezkondu zen, Txaperira. Han ere jarduten zuen esne partitzen, gure ama ikasita etorri zen eta hemen ere lan horretan hasi zen, duela 80 bat urte. Amaren ahizpak-eta neskame joandakoak dira, baina gure amak beti etxean egin zuen lana. Amak kontatzen zuen nola igotzen zizkion marmitak aitak, bizkarrean hartuta makila baten bi aldetan zitzilik, Kontsezioko ermitara aldapa zelako, orduan ere. Eta gero, han jaisten zizkion eskuan eramateko. Gero zestilla bat eramaten omen zuten enkarguak ekartzeko.

Beti ekarri beharrekoa, petrolioa; lehenengo enkargua hori izaten zen, lanparei behean botatzeko, eta dirua baldin bazegoen olio pixka bat ere bai. “Ogirik ezta ikusi ere!”, esaten zuen gure amak. Taloa, gazta eta artoa… Kafea ere bai, soltean, paperean bilduta, azukrea…

Umetan, amarekin batera partitzen nuen esnea, baina hamahiru urterekin bukatu nuen eskola, eta orduan bakarrik egiten nuen esne partitzea. Ahizpek ere jardungo zuten baina gehiena ni ibili nintzen.

Garai hartan ez zen gaurko biderik. Ordu berdintsuan jaisten ginen denok, bakoitza bere baserritik atera eta galtzadan behera astoak hartuta. Zubegoenekoek beraien bidegurutzetik gora, Kontseziora irteten zuten, Loperenakoak eta guk Kabialdera gure etxe atzetik gora, Zelaiakoak ere beraien bidezidorra zuten galtzadara, eta Goikoetxekoak eta Arretxekoak Akoabarrena aldetik ateratzen ziren.

Bi gune, Elortza eta Zunzunegi

Gainontzeko auzo eta kale-baserritatik ere jaisten ziren noski: Gesalaga, San Bizente, Olazabal, ia denak. Bi bloke bezala ginen, batzuk Alonderoko aldapan uzten zuten astoa eta guk Akoatik-eta gentozenak Zunzunegineko atzean

Hangoak han, hemengoak hemen. Bai Elortzak eta bai Zunzunegik denda zuten, almazena, eta beren terrenoa uzten zuten astoa lotzeko. Han negozioa zegoen, denda ondotan, gero behar genuena erostera hara joaten ginen-eta. Patata, baba eta arrautzak ere hartzen zizkiguten guri dendetan. Guk erdibana igual jaten genuen arrautza, hara saldu ahal izateko, enkarguak egiteko dozena bat arrautza osatu eta saltzeko. Ondo bizi ginen, baina juxtu.

Lau etxe genituen hasera hartan: Erdikalean Pagio, Plazan Isidra, Elizkalean Mendiatarrak eta Gurutzean Irureta. Behi gutxi izaten ziren, lau-bost bat, eta horrekin lau etxe edo familia egiten genituen, hamar bat litro partituko genituen. Etxe gutxi izanda, Zunzunegiko atzean lotu astoa eta handik banatzen genuen. Baina gerora San Joan barrenean lotzen genuen astoa lehendabizi, gero Aristondo plazan, ondoren Gurutzean, Potxoloneko arbolari, eta azkenean Zunzunegi atzean; gure ibilbidea hori zen.

Gerora, pixkanaka zabaltzen joan zen eta behi gehiago ere jarri genituen, baita makina txiki bat ere behiak biltzeko (guk bildu esaten dugu, baina jetzi omen dago ondo, ezta?). Duela 40 bat urte izango zen hori. Hoteletara ere joaten hasi ginen, Asuntzionera, Arozenara eta baita etxe gehiagotara ere. Ahizpak ezkontzen joan ziren baina lan horrek ez zuen etenik izan. Ezkondu behar nuen bezperan ere joango nintzen.

Astoa prestatu

Bezperatik jakiten genuen zeinek joan behar zuen esne partitzera: edo amak edo ahizpa zaharrenak edo nik. Aita goizago jaikitzen zen, 6:30ak aldera, eta hark biltzen zituen goizean behiak eta hark preparatzen zuen astoa.

Astoari, lehenengo “pasta” jartzen zitzaion, propio astoarentzat ziren lastozko bigungarri manta antzeko batzuk; gero plastikoa eta azkenik asto otarrak. Gero gainetik zaku jartzen genien otarrei, tapatzeko, kurioso joatea gustatzen zitzaigun-eta. Marmitak ere manta batekin tapatzen genituen, txukun eramateko.

Gu 7:30ak aldera jaikitzen ginen. Sukaldera jaitsi eta kafe pixka bat hartzen genuen. Euria baldin bazen, abarkekin joaten ginen San Joan arte eta han botinak edo zapatatxo batzuk izaten genituen aldatzeko.

Goiz pasa oso polita izaten zen, hartu marmitak eta batek batera, besteak bestera partitu. Esne partitzea ederra zen oso. 8:00etan etxetik irten eta 9:00etako esne denak partituta zeuden.

Notizien zain

Kaletik buelta egiten zuenak eserita eta ondo gosaltzen zuen: arrautza frijitua, bakailao puskaren bat… Etxean denak zain izaten ziren gu noiz iritsiko herriko kontuak jakiteko. Garai hartan ez zen ez irratirik, ez telebistarik. Gure ama ere oso berritsua zen eta ni ere bai, eta kontu asko ekartzen genituen. Asko gustatzen zitzaidan besteak imitatzea, horretan nintzen ni ona, teatroa egiten.

Enkarguez gain, postetxera joatea ere ia eguneroko lana izaten zen. Lehen karta asko izaten zen. Gu neska asko ginen eta beti zen soldadu edo familiakoren baten gutunen zain zegoenik etxean. Beste garai batzuk ziren. Zegoenean gustura izaten ginen.

Esnea eta ontzien garbiketa

Marmitak surtako hautsarekin garbitzen genituen, espartzu batekin, zakuzko moduko espartzu batzuk ziren, brilloa atereaz, jata, benga, ondo sakatuta.

Esnea hotz mantentzeko, aska bat genuen urarekin eta makila garbiarekin eragin egiten genion esneari etengabe ez galtzeko; hego haizearekin adibidez bezperakoa galdu egin zitekeen.

Hurrengo egunean, bezperakoa eta goizekoa banatzen zen. Bezperako hori egin behar izaten zen hoztu, askan ur hotza eduki eta gero esne ontzia han sartu eta eragiten egon. Aurrena esnea egosi egiten zen, sukaldera joan eta segituan egosi egiten zuten, kazuela prest izaten zuten. Neguan hainbestean, baina udaran oso delikatua zen eta azkar ibili behar izaten zen.

Esnearen ordaina eta prezioa

Esnearen ordaina igandetan pronto egoten zen, ontziaren ondoan dirua. Esne partitzen etxe barruraino joaten ginen. Ate denak irekita egoten ziren.

Esnearen prezioa berriz, litro esnea, periodikoa, ogia eta ardoak prezio berdina zuten. Gainontzekoen prezioak gora egiten zuten baina esnearena igotzeko zalapartan ibiltzen ginen, haserreak ere izaten ziren prezioa zela-eta, batzuk igo egin nahi besteak ez… Bi erreal-edo izaten zen garai hartan, pezeta erdi bat. Urtearen aurrenean dena igotzen zen gora eta guk ere igo egin nahi ba prezioa.

Lehen esnea ez zegoen sobran asko edukitzerik: bi behi gehiago jarriz gero zer egiten diozu gero esne horri? Ateratzen zen esnea juxtukoa izaten zen. Txahalei ematen zitzaien pixka bat eta asko behar zenean ukitu bakarrik egiten zien, alegia, behiaren errapera hurbildu, ukitu bat eman lau titiei eta gero saiarekin egindako opilak ematen genizkien jateko txahalei. Gero, behar zen esnea bildu, eta sobratzen zen esnea, hura bai, txahalei ematen zitzaien.

Azken belaunaldia

Agustinaren semeak, Joan Josek jarraitu zion esne partitze ofizioari. Aititak astoa nola prestatzen zuen akordatzen da: “Marmitak geldirik egoteko, gogoratzen naiz nola zakuak sartzen zizkion bueltan-bueltan, tapari berriz trapu zerrendak tapa ez irteteko, bestela astoaren balantzarekin esnerik gabe iristeko arriskua izaten zen-eta. Asto otar horiek aldarorik gabe jarri behar ziren, alegia, ondo orekatuta, biek pisu berdina eduki behar zuten; hori aitaren lana zen, marmitak amak prestatzen zituen, hamar-hamabi litroko marmitak, eta gero bikoak eta laukoak etxeetara igotzeko. Zenbat behar zuen bezeroak, hainbeste bete eta eskaileran gora.

Asto onak izaten ziren, asto gainean ez nintzen behin ere joan, baina baziren joaten zirenak ere; astoak sasi artera botatakoak ere bai. Gure etxean eta gehienetan bi asto izaten ziren. Gero eskolatik etxera, gainean gu etortzen ginen, dio aldamenetik semeak. Joakin, Sabino, Zelaiakoa… Ama Zelaiako Teresarekin, Zubegoeneko izeba Margaritarekin… kontuak esaten eta gu hantxe marmita haiek tinkili-tankala zirela asto gainean.”

Astoaren kontu hori duela 40 bat urte bukatu zen; gero kotxearekin hasi ginen eta hamar bat urte ibili ondoren utzi genion esne partitzeari.

Margari Eizagirre




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide