Albisteak
Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 10ean argitara eman zuen berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren haserako dokumentuari alegazioak jarri dizkio Udalak
— 2023-07-21Zestoako Udalak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak maiatzean argitaratutako berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren haserako dokumentuak Euskal Autonomia Erkidegoko lurretan berriztagarrien eskala handiko azpiegiturak eraiki ahal izateko guneak proposatzen ditu. Horien artean, Zestoako lurretan, Aizarnako Autsorokogaina eta Igarantxogaineko eremuan eguzki plaka fotovoltaikoentzako bi zatitan banatutako zazpi hektareako gunea aurreikusten du.
Udalak jakinarazi duenez, 80 orrialdetako alegazioa egin du eta gune hori “desegokitzat” jotzeko arrazoi ugari eman
ditu: “Hirigintza arlotik gune horretan antzeko azpiegitura bat eraikitzea, Zestoako Arau Subsidiarioek diotenarekin, ez da bateragarria. Izan ere, gune hori soilik baserri jardueretarako izendatua dago eta ezinbestean udal arauak aldatu eta plan berezi bat egitea eskatuko luke”.
Gaineratu du: “Era berean, LPSaren haserako dokumentuak gunearen izendapena arrazoitzeko erabiltzen dituen argumentuak oso ahulak dira eta azterketa sakonik ere ez dela egin garbi ikusten da. Tamaina horretako azpiegitura batek eremu urbanizaezin eta natural batean eragingo lukeen inpaktua kontutan hartuta, haserako onespenerako dokumentuak zehatzagoa izan beharko luke”.
Dokumentua argitara eman den garaia ere izan du aipagai Udalak eta “ez dela bidezkoa izan” deitoratu du: “Udal Hauteskundeen atarian, udal guztiak desegin eta berriz osatzera bi hilabete inguruko tartea dagoela kontutan hartuta, alegazioak aurkezteko epeak bete betean tarte horrekin bat etorri izanak udalentzat asko zaildu duelako alegazioak berme guztiekin aurkezteko aukera”.
Zestoako Udala beste hainbat eragile eta enpresekin elkarlanean, eguzki energia fotovoltaikoa ekoizteko plana garatzen ari da. Udalaren arabera: “Plan hau, hasera batean, jada okupatua dagoen lur zorura mugatuko litzateke. Eraikin fisikoen teilatuak eta azpiegitura ezberdinak baliatuta ekoizpen jasangarriago bat lor daiteke eta bai Zestoako herrigune nagusian, industria guneetan eta auzoetako eraikinetan ere eguzki energia fotovoltaikoa era ahalik eta jasangarrienean ekoizteak izan behar du lehentasuna”.
LPSaren haserako dokumentuak jada tramitean diren eskala handiko hainbat berriztagarrien proiektu eoliko planifikaziotik salbuetsita utzi izana ere salatu nahi du Udalak: “Adibidez, gure kasuan dokumentuak Piaspe proiektuaren kokapena egokitzapen baxukotzat jo arren, tramitean egon izana proiektuarekin jarraitzeko adinako arrazoitzat hartzen du eta horrek udalak eta herritarrak indefentsio egoeran jartzen ditu. Izan ere, alegazioak jartzeko aukera bera ere ezabatzen delako”.
Amaitzeko, Piaspe proiektuaren enpresa sustatzaileak “tramitazioa laburtzeko” hartutako bidearen inguruan ere bere kezka adierazi du: “Antzeko proiektuek ezinbestean izan beharko luketen gutxieneko gardentasun ezak beste behin herritarrak eta gurea bezalako udalak ziurgabetasun egoeran uzten dituelako”.
Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta
erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten
duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide!
Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure
ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi
baduzu, egin zaitez bazkide.
Egin zaitez bazkide
Egin zaitez bazkide