Ez behintzat tradizioaren izenean

Ez nau ezustean harrapatu. 350 urte (gutxienez) gure herrian zekorketak egiten direla eta, aurten, ospatzeko (ez dakigu zer), bost zekor ekarri, toreatu eta hilko dituzte, jendearen aurrean: hiru zekor Amabirjina egunean, eta bi irailaren 9an. Pier Paolo Pasolini handiaren hitzak neurera ekarrita, “(…) por una tradición que es asesinada cada día por quien se quiere defensor suyo” (tradizioaren zaintzaile izan nahi, eta egunero erailtzen duten tradizioagatik).

Tradizioaren alde daude baina egunero iruzur egiten diote tradizioari. Edo, denok bezala, komeni zaigun bezala erabiltzen dugu tradizioa. Beti da ariketa interesgarria, ordea, gauzak talaia desberdinetatik ikustea eta horretan ahaleginduko naiz datozen lerroetan (luzatu egingo naiz dezente baina gaia konplexua denez barkatuko al dit irakurleak).

350 urte, zer dela eta?

350 urte ospatzearen kontu hau nondik dator? Don Jose Maria Zunzunegi apaizak, 1978ko festetako egitarauan, idatzi zuen artikuluak –edo han aipatzen den auziak– ematen du horretarako aitzakia. Ikus dezagun (ez da “Aztarka” honetako ohitura testuak gazteleraz jartzea baina behingoz barkatuko al dit irakurleak):

El año 1665 hay lío en Cestona. Están en pleito, ante el Corregidor de la Provincia, el Ayuntamiento, por una parte, y doña Inés de Irarraga, Señora de la casa solar de Iraeta por otra, a propósito de “unos suelos que están en la plaza pública de la dicha Villa”. El Ayuntamiento pide “se declare pertenecer a la dicha Villa los tales suelos”. La Señora de Iraeta los reclama, en cambio, como de su exclusiva propiedad.

La Villa pierde ante el Corregidor y, el día primero de Enero de 1666, se apresta “otrogardo todo poder cuanto sea necesario” para proseguir el pleito en la Chancillería de Valladolid.

Sin embargo, vemos enseguida resolverse el asunto con inesperada rapidez. En efecto, el tres de marzo de ese mismo año, se firma el documento de arreglo definitivo. Se comienza por reconocer que los terrenos en cuestión son “unos suelos de casas, que, en la plaza desta dicha Villa, tiene la Casa de Iraeta”. ¿Habrán desitido de apelar a Valladolid, ateniéndose a la sentencia del Corregidor?

Se proclama, asimismo, que es grande “la importancia de los dichos suelos, para el ensanche y buen parecer de la dicha plaza para corridas de toros y otras fiestas y funciones”.

(…) Podemos, por tanto, de acuerdo con este dato, opinar que la actual configuración de la Plaza Mayor, plaza taurina de Cestona, tiene una antigüedad de unos trescientos años.

Beraz, zer ospatu behar da bereziki?

Ez naiz ni filologoa baina, testua dagoen bezala irakurrita, azpimarratu behar den elementua da Plaza Nagusiaren gaur egungo egiturak duela garrantzia (la actual configuración de la Plaza Mayor), eta zezen plaza, berriz, horren barneko zerbait dela. Agiriak berak ere garbi egiten du mailaketa: “Se proclama, asimismo, que es grande la importancia de los dichos suelos, para el ensanche y buen parecer de la dicha plaza para corridas de toros y otras fiestas y funciones”. Alegia, 1) plaza zabaldu eta haren itxura hobetzeko 2) zekorketarako eta gainerako festa eta funtzioetarako.

Jakina da gure plaza, eliza eta ingurua erre zen arte (1549) orain baino askoz ere txikiagoa zela (Intxaustineko etxeari, agirietan, Kalegurutzea deitzen zaio). Badakigu, baita ere, gaur egun Iraeta etxearen kantoian dagoen atea, azkoz plaza alderago zegoela garai batean. Ondorioz, duela 350 urte, Iraeta etxearen lursail haiek erosi ondoren, gaur egun duen itxura beretsua hartu zuen plazaren behe aldeak. Goi aldeak, berriz, askoz geroago hartu zuen gaur egun duen itxura: XVIII. mendearen bigarren laurdenean, harrizko armarria jarri zitzaioan udaletxeari eta balkoia ere bai. Handik urte batzuetara, berriz, torila eraiki zen. Lurreko harriztatzea, berriz, askoz beranduagokoa da (1893).

Prozesu hori guztia, plaza gaur den bezalakoa izateko prozesua, beraz, duela 350 urte hasi zen. Hori da ospatu behar dena, alegia, herrikoek zein kanpotarrek esaten dutenean “zein plaza ederra daukazuen”, orduan akordatu behar dugu gure plaza duela 350 urte hasi zela gaur egungo forma hartzen.

Norbaiti buruan sartzen zaio urtean bizpahiru zekorketa ospatzeko egin zela tamaina horretako hirigintza esku-hartzea? Zalantzarik gabe, zekorketetatik haratago beste helburu garrantzitsuagoak bultzata egingo zen plaza handitzea: merkataritzako eremu zabalagoa izatea, udalak eratzen zituen enkanteetarako leku egokiagoa… Eta, bai, jakina, zekorketetarako ere bai, baina hori da aurten guk ospatu behar duguna? Ez horixe: guk aurten ospatu behar duguna da orain dela 350 urteko zestoar haiei esker daukagula gaurko plaza dotore hau.

Zekorketak antzinako oitura, zalantzarik gabe.

Nolanahi ere, egia da, ez dugu ahaztu behar, Zestoako zezenketei buruzko lehen aipamena 1666koa dela. Orduz geroztik, urtero egiten ziren zekorketak Zestoan eta ikuskizun horiei buruzko hainbat xehetasun agiri dira artxiboan, batez ere ordainketa kontuak. Zalantzarik ez dago zekorketek arrakasta handia zutela gure herrian ere.

Zentzu horretan, Larramendiren “Corografía de Guipúzcoa” (1754) liburuan ageri den pasartea oso adierazgarria da:Las fiestas en que no hay corridas de toros apenas se tienen por fiestas, aunque haya la mayor alegría del mundo; y si hay toros, luego se despueblan los lugares para verlos; y no se cuándo se ha pegado a los guipuzcoanos esta manía y bárbaro gusto de toros y moros, común a los demás españoles; y es tal y tan grande esta afición que como se dijo por el chiste de los de Salamanca, si en el cielo se corrieran toros, los guipuzcoanos todos fueran santos por irlos a ver en el cielo”.

Zekorketak bai, baina animaliak hil ere bai?

Hemen kontua zera da, ordea: zekorketek 350 urte dituztela aitortuta ere, zein litzateke urtemuga hori ospatzeko zekorketarik egokiena? Gure herrian 150 urte baino askoz tradizio handiagorik ez daukaten nobilladak? Animaliak torturatzeaz gain hiltzen diren nobillada horiek?

Izan ere, nolakoak ziren duela 350 urteko zekorketa haiek? Zein zen tradizioa? Jarrai dezagun Larramendiren liburua irakurtzen (gogoratu 1754koa dela liburua): En ocasiones especiales se traen toros de Castilla y de Navarra, fieros, y que con su catadura sola espantan; pero en las fiestas ordinarias y anuales se corren toros del país. Los de Castilla y Navarra siempre son toros de muerte; no así los del país, que acabada la corrida los llevan al monte y a sus caserías”.

Horixe bera aipatzen du Aldabaldetrekuk ere: “El toreo de capa fue introduciéndose en Euskal Herria y ya en 1754, el padre Larramendi en su ‘Corografía de Guipúzcoa’ señala que en ocasiones especiales se traían de Navarra y Castilla toros de muerte a los que se aplicaba la suerte de capa, siendo toreados por asalariados de dichas zonas. Este tipo de toreo de capa era muy mal visto en aquella época, por lo que: ‘en las fiestas ordinarias y anuales se corrían toros del País’, los cuales después de la corrida eran devueltos al monte” (Patxi Aldabaldetreku. Deba aldizkaria).

Aipamen horri helduta, bi ondorio atera ditzakegu (kontu izan guk ospatu nahi dugun garaia baino –1666– ia ehun urte beranduagoko kontuez ari garela): alde batetik, Gipuzkoako zekorketak eta Nafarroakoak edo Gaztelakoak desberdinak ziren; eta, bestetik, Gipuzkoan Larramendiren garaian (“Corografía…, 1754), zezenak hiltzea gauza ez-ohikoa zen. (Oharra: ez hiltzeak ez du esan nahi ez zituztenik torturatuko, baina, nolanahi ere, zekorrak hiltzea ez da tradizioa).

Nobilladak al dira tradizioa? Zein klasetako ikuskizunak ziren duela 350 urteko haiek?

Busca Isusik (Tauromaquia vasca), nafar toreoa eta toreo modernoa bereizten ditu. Nafar toreoan, ezaugarri edo abildade fisikoa da garrantzitsuena: saltaka egiteko, driblatzeko (regatear), errekortatzeko eta salto egiteko. Toreo modernoa, berriz, zeharo desberdina da eta honako hiru ezaugarrietan oinarritzen da: gelditu, baretu eta agindu. Dantzarekin konparaketa bat eginez, Busca Isusik esaten du euskal dantza salto eta hanka jokoa dela, eta andaluziar dantza, berriz, gorputzaren konposizioan eta besoen eta gorputzaren mugimendu gozoan oinarritzen dela.

Bestalde, Iñaki Azkunek aipatzen du Segoviara ordainduta joandako toreatzaile batzuk, festa haien narratzailearen arabera, txoriak ziruditela, beren bizkortasuna eta trebetasuna ikusi ondoren, eta hori bat datorrela garai hartako (XVII. mendeaz ari da) “euskal zezenketa akrobatikoarekin” (Azkune, 113).

Juan Luis Bikuñak ere, bere “Zezen festak Euskadin” artikuluan (Euskadiko zezen araudia, 2013ko iraila) datu interesgarriak eskaintzen ditu: “Gure herriko zezenketaren oinarria, beraz, hankak eta gerria izan ziren; errekortea, izkin egitea, jauzia edo lasterketa bera, berehala Iruñeko entzierroekin, Landetako zezenketarekin, errekortadoreen lehiaketekin edo ‘bolaztatuen’ jokoarekin lotzen dugun hori, … Halakoxea da euskal zezenketa, atletikoa, kapa eta muletarik gabekoa”.

Tradizioaren izenean, berriro diot “por una tradición que es asesinada cada día por quien se quiere defensor suyo”, nobilladekin ospatzea erabaki dute 350 urtemuga.

Bitartean, benetako tradizioa direnak –errekortadoreak, “corrida landesa” deiturikoak eta, batez ere, zekor bolaztatuak– ahazturik geratu dira, betegarri gisa. Jakina, niretzat denak dira eztabaidagarriak baina gure herriko tradizio-zaleek ez al lukete ondo aztertu behar zein den benetan 350 urteko tradizioa ondoen irudikatzen duen ikuskizuna? Nobilladak ez behintzat.

Zenbat zezen hiltzen ziren Zestoan?

Beste kontu bat da zenbat zezen hil beharko liratekeen tradizioaren arabera.

Azken mendetako egitarauen arabera, 1950eko hamarkada arte, zekorketak orain baino askoz osatuagoak ziren. Esan nahi da zekor gehiago toreatzen zirela eta ikuskizunak gehiago irauten zuela. Bestalde, hil baino gehiago egiten ziren toreatu eta ukuilura bueltatu.

Nik 1925etik 2015era bitarteko egitarau gehienak aztertu ditut; 91 urte dira guztira eta nik 75 aztertu ditut (%82,4a). Oso ondorio bitxia atera dut (lege zaharrean esaten zen bezala, “salvo error u omisión”, alegia, akats txikiren bat egon daiteke).

75 urtetan 296 zekor hil dira. Proportzioa, datuak oker ez badaude, 3,94 zekor urteko.

75 urtetatik, 9 urtetan bakarrik gainditu da 4ko kopurua. Ondorioz, begi bistakoa da: bost zekor toreatzea ez da tradizioa.

Post-data

Bukatu baino lehen gauza bat argitzea komeni da: orain arteko testu luzea irakurrita (barka luzeegi idazteagatik) eman dezake ni zeharo tradizioaren alde jarri naizela hemen. Bi ohar egin nahi nituzke:

a) Tradizioa ez da bat eta bakarra. Historian zehar klase askotako tradizioak izan diraZestoan eta mundu guztian. Horien artean, animalieko begirunea oso tradizio sustraitua izan da zestoar askoren artean; ez bakarrik azken urteetan, baita historian zehar ere. Tradizio hori gutxi ikertua dago baina ez du esan nahi ez zegoenik. Ni tradizio horren aldekoa naiz.

b) Zekorketak Zestoako historian guztiz sustraiturik dauden ohitura eta usadioa dira; gainera, askok arte eta tradizio kontsideratzen dituzte. Baina horrek, bere horretan, ez dio ezeri zilegitasunik ematen; hainbat arte, kultura eta tradizio krudel desagertu dira historian zehar eta, desagertu beharko lirateke aurrerantzean ere.

Argazkia: Argazkiak “Cestona 1917” jartzen du atzean. Eginahalak eginda ere, ezin izan dut, ordea, jakin zein lekutan aterata dauden argazkiak. Oraingoz ez du hainbeste inporta. Hiruzpalau argazkitan, mutil korkor eta neska koskor bat ageri dira jolasean, andaluziar jantziekin-eta, gitarra eskuan dutela, edo, hemen bezala, toreo imintzioak egiten behi baten aurrean. Tira, hurrengoan eskainiko diegu tarte zabalagoa argazkioi.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide